« Argitasuna | Egunero idazten delako »
Diotenez / Karlos Linazasoro / Erein, 2007
Bere gordinean Aritz Galarraga / Gara, 2007-07-21
Karlos Linazasoroz esan ohi da errekonozimendu handiagoa duela idazle, kritikari eta abarren etxean, irakurleenean baino. Kritikak hobeto tratatzen duela, publiko zabalagoak baino. Kultuzko idazlea dela, alegia. Eta auskalo zer nolako neurketa zientifiko egiten diren horrelako ondorio biribilak ateratzeko, baina neronek behintzat, irakurle naizen aldetik (eta ez —jainkoak salba gaitzala!— idazle, are gutxiago kritikari), estimuan ditut tolosarraren hainbat lan, baita bere literatura egiteko modua ere: zintzoa, arriskuaren aldekoa, muinera zuzen doana. Horrek guztiak, akaso, bitxi egiten du gurean, eta bakan. Diotenez liburu berriak ere aipatutako bertuteak ditu eta, alde horretatik, leial zaio idazlearen berezko ezaugarri ezagunei, leial irakurleak beragandik espero duenari. Karlos Linazasoro aurkituko dugu liburu honetan zehar, bere gordinean.
Literatur ibilbide oparo baten azken lana den honek, bi atal berezi eta berezitu bildu ditu: Ars poetica bat zazpi ipuinetan eta Holaxe kontuk (1:43 eskalan). Lehenengoak (ez gaitzala izenburuak tronpa) aforismo bilduma izan nahi du. Hori bai, zazpi azpiataletan banatua. Azpiatal bakoitzean hitz jakin bati jarraitu zaio, dela putzu, dela txorimalo, dela itzal, eta hitz jakin horri tiraka ireki diren ate ugarietan, hamaika konturi buruzko gogoetatxoak jaso dira. Linazasorok berak inoiz aipatu izan duen bezala “aforismoak, burutazioak, hitz-jokoak, hausnarketa literario edo filosofikoak, txinpart poetikoak, ziriak, esamolde aldrebestuak” dira lehenengo atalekoak, beti ere lerro bakarraren mugan idatziak. Hauxe, adibidetzat: “Idazteko, nahitaezkoa da Putzuan denboraldi bat igarotzea”.
Bigarren atalean, berriz, ipuinak aurkituko ditugu, ipuintto edo mikroipuinak, motz-motzak, aforismo luzatuak balira bezala kasik. Baina ipuinak direla esango dugu, gai aldetik ugariak eta iturburu aldetik askeagoak. Holaxe kontuk (1:43 eskalan) da liburuaren atalik sendoena, bai luzera bai eduki aldetik. Bertako ipuinek laburtasuna dute lehenengo ezaugarritzat eta, poemen antzera, irakurketa berri bakoitzak xehetasun gehiagoren, irakurketa berrien jabe egingo du irakurlea. Testuak diferenteak dira euren artean, bai, baina izan badute ezaugarri komunik: honi, horri eta hari buruzko hausnarketak, umorea (beltza sarri askotan), egindako esaeren itzulipurdikatzeak, hizkuntza jolas gisa erabiltzea, baita gaixotasun, disfuntzio edo bitxikeria arraroetarako joera ere (diplofonia, poliglotia, auzoparanoia, “sistoleka entzuten dut, diastoleka mintzatzen naiz”).
Narrazio labur horietan, halaber, elementu fantastikoak egin zaizkit aipagarri, eguneroko errealitateari ihes egiten dioten gertaera eta pasarteak. Elementu fantastikoak, agian (eta Borgesek esan bezala), fantasiak errealitatea sakonago ezagutzen laguntzen duelako. Askotan egoera arrunt batetik (jar dezagun kasurako, tren bidaia bat), elementu fantastiko, magiko, onirikoak azaleratzen dira: jendea larru hutsik tunel ilunaren erdian bidaiariei fruitu urtsuak eskainiz, likore zerutiarrak, musurik ederrenak, eskuz egindako bitxiak (“Tren bidaia ipuina”).
Diotenez liburuak, beraz, irakurketa (patxadatsua) merezi duela esatea besterik ez zait geratzen, atsegingarri egin baitzait niri. Linazasororen lana ezagutzen duenak, azken batean, baliteke aurreko liburuekin alderatuta berrikuntza apartekorik ez aurkitzea, baina aurkituko du idazlea bere gordinean, bere onenean, hain txukun menperatzen duen generoaren (narrazio hiperlaburra?) beste erakustaldi bat eskainiz gainera.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi