kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Egunero hasten delako / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2007

Egunero idazten delako Mikel Ayerbe / Berria, 2007-07-22

Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako opera prima 1969an argitaratu zen lehendabizikoz. Urte berean Xabier Gereñuk “liburu hau ez da behin bakarrik irakurri behar” aldarrikatu zuen kritika batean, eta harrezkero, hainbat berrargitalpen egin dira. Nobela idatzi zenetik ia 40 urtera, guztiz eskertzekoa da Erein argitaletxeak poltsikoko edizio berrian kaleratzea. Berrargitalpen honen berritasun nagusia, ordea, zera da, Saizarbitoriak berak eleberri honen berridazketa eta berrirakurketa eskaintzen dituela. Idazleak, Gereñuren hitzak aintzat hartu izan balitu bezala, nobela bigarren aldiz irakurri eta bigarren aldiz idatzi duela esan daiteke. Klasiko hitzak sor dezakeen atzerakada eta bazterkeria gaindituz, jatorrizko bertsioa mantendu eta nobela eraberritu bat aurkezten zaigu oraingoan.

Hitzaurrean Saizarbitoriak erabiltzen duen hitza hona ekarriz, birmoldaketa baten aurrean gaude. Birmoldaketa hau egiteko arrazoi nagusien artean, “nobela han eta hemen sarriegi kaltetzen zuten desegokitasun narratiboez libratzea” izan dela aitortzen du idazleak, bestelako xehetasun aipagarrien artean; hala nola, lehen bertsioan agertzen zen forzeps-aren akats teknikoa zuzendu beharraren obsesioaren pisu astuna. Kronika kutsuko hitzaurre honetan, Saizarbitoriak Egunero hasten delako-ren lehen argitalpenaren inguruko hainbat kontu interesgarri ere aipatzen ditu: argia ikusteko eskuizkribuek jarraitu zuten bidea, edizio ezberdinetako azaletan beti irudi berbera agertzearen inguruko anekdota, hiztegi kontuak… Baina bereziki, birmoldaketaren inguruko gogoetak bildu ditu. Berrirakurketak berridazketari dei egingo balio bezala, honela kontatzen du Saizarbitoriak: “Han eta hemen perpausak aldatzen hasi nintzen, paragraforen bat ere bai —neurea zenez, ez bainuen testua errespetatu beharrik—, eta azkenerako, bosgarren kapitulutik aurrera batez ere, ia dena berridazteari ekin nion, errazago gertatzen baitzitzaidan”. Baina alderantzizko bidea ere jorratzen da edizio honetan: 69ko Egunero hasten delako liburuak 19 kapitulu zituen eta ondorengo berrargitalpenetan 20, baina edizio berri honetan berriro ere 19 ataletan banatu da nobela.

Aldaketa hauek irakurketan eragina duten ala ez, hori norberaren esku. Mikel Hernandez Abaituak aurkezpenean adierazi zuen edizio berrian aldaketa asko egon arren aldaketak ez direla “traumatikoak” izan, eta detaile txikiak aldatu direla. Izan ere, hemen aldaerak dituen berrogei urte geroago eginiko berridazketa bat izateak du garrantzia. Ibilbide literario hain oparo eta eredugarria duen Saizarbitoriak geldialdi bat egin du bere bidean eta abiapuntura itzuli da, idatzitakoa berriro idazteko.

Liburuaren egitura eta mamiari dagokionez ere bada zeresana. Egituran bi plano narratibo gurutzatzen dira: ezagutzen ez dugun berritsu amorratuaren kontakizuna eta abortatzea erabaki duen Gisele gaztearen istorioa. Duela berrogei urte euskaraz apurtzailea izan zen teknika honetara ohituta gaude egun, baina harrigarria da berritasun honen lehen lekukoa izan zenak teknikoki hain ongi funtzionatzea gaur egun ere. Gaiari dagokionez, hona berriro idazlearen hitzak: “Bertan darabiltzadan edo nerabiltzan gaiak, immigrazioa, hezkuntza, sexua, abortua bera, pil-pilean daude oraindik”. Arlo honetan ere, urteak alferrik igaro direla ematen du eta tabuek tabu izaten jarraitzen dutela agerikoa da, gure egungo gizarte solidarioan abortatzen duten emakumeek duten oihartzun eta babes eza aipatzea besterik ez dago.

Berritasunik galdu ez duen liburu eraberritua, egunero hasten delako…

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak