« Aroz aro | Krudelkeria »
Maldetan sagarrak / Askoren artean / UEU, 2007
Sagar biltzen: Paperetan gatazkak Mikel Ayerbe / Berria, 2007-07-08
Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroak puri-purian dauden honetan, Euskal gatazka euskal literaturan izenburupean Miarritzen 2005eko uztailean egin zen ikastaroko hainbat saio artikulu gisa apailatu dituzte Ibon Egañak eta Edu Zelaietak Maldetan sagarrak. Euskal gatazka euskal literaturan liburuan. Hiru ataletan banatzen da: aurrenekoa “Idazleak beren lanetan” da eta izenak berak dioenez, sei idazle (Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Aingeru Epaltza, Hasier Etxeberria, Mikel Hernandez Abaitua eta Jokin Muñoz) sortzailearen nitasunetik hurbilduko dira gatazkaren auzira; “Zenbait azterketa” atalean perspektiba teoriko eta kritikoago batetik helduko diote gaiari Jon Benitok, Aritz Gorrotxategik eta Markos Zapiainek; bilduma “Irakurketa lantegia” tituludun Aitzpea Azkorbebeitiaren saioak ixten du.
Joseph Brodskyk osatutako esaera aipatuz, sagarrak ez dira beti arbolapean erortzen, eta maldan behera galdu diren sagarrak jasotzeko bestelako ahalegin bat behar da. Gatazkaren literatura otarrera bildu gabeko sagar bat litzateke eta gai hau landu beharraren harra aspaldion dabil gure literaturaren barruak jaten. Gatazkaren definizioak berak gatazkak sortzen dituenean, konfliktoaren inguruko terminologia erabiltzeak gatazka gehiago pizten dituenean, euskal gatazkaz gutxiegi eta txarto idatzi dela sinesten denean, gatazkak zipriztintzen bustitzen melatzen itotzen gaituen neurrian, honelako liburu bat beharrezkoa zela esatea gutxiegi esatea da.
Maldetan sagarrak-en lorpen handiena idazleek, beren lanetatik edo bizipenetatik abiatuta, gatazkaren trataeraren inguruko ikuspuntua ematen dutela da. Ez zaie gatazkaren inguruko ipuinak idazteko eskatzen, eta idazle bakoitzak gaia jorratzeko egindako ahalegin introspektibo hau eskertzekoa da. Gatazka ororen atzean sortzen diren barne gatazkek duten garrantzia azpimarratzen digute. Literaturak gizartean duen oihartzunaren aurrean, beren lanetan izan ditzaketen gatazken berri ematera datoz idazle hauek. Canoren Mina eta artifizoa artikulua bereziki gomendagarria da, oso interesgarriak dira gatazkaren irakurketa afektiboari buruzko gogoeta edota inguratzen gaituen errealitatearekiko egiantzekotasunak gatazkaren gaineko fikzioa egiterakoan duen ustezko pisuari buruzko ideia. Borda zorrotz biluzten da, min ematen duten egiak bere liburuetatik atera eta mahai gainean paratuz. Hasier Etxeberriak umore gehiago darabil telenobela bat egiteko balio dezaketen pertsonaiak elkarrekin harremanetan jarriz, baina azaleko umorearen atzean gatazkaren auzi aski serioa gailentzen da. Hernandez Abaitua rock & rollak bere literatura konprometituan izan duen eraginaz idazten du eta Epaltzak “gure kontu tristeak” bere lanean izan duen lekua kontatzen. Muñozen artikulua ere irakurri beharrekoa da, anaerobioak izatearen gaixotasunaz jabetzea ezinbestekoa delako gatazka beraren dimentsioa ulertzeko.
Bestalde, “Zenbait azterketa” ataleko Benitoren, Gorrotxategiren eta Zapiainen artikuluak sagarrondoaren itzalean geldituriko azterketak iruditu zaizkit. Idazleen gogoetekin alderatuta, umotu gabeko azterketak direlako edo gisa horretako artikulu gehiago badirelako agian. Aldiz, Azkorbebeitiaren saioa ere aipagarria da, Sarrionandiaren obraz egindako irakurketa mugatuen aurrean idazle horren poetikaren ikuspuntu korapilatsuago eta aberatsago bat eskaintzen baitu.
Maldetan sagarrak euskal gatazkak euskal literaturan izan dituen hainbat lekukotasunen bilduma da beraz. Aukeraketa baten emaitza. Beti bezala, irakurle bakoitzari dagokio orain maldan behera abiatu eta uzta biltzea.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro