« Fikzioak kale | Munduaren ikuspegia »
Jalgi hadi plazara / Itxaro Borda / Susa, 2007
Libera me Ibon Egaña / Berria, 2007-07-01
Detektibe nobela, identitate pertsonalaren eraikuntzaren gaineko kontakizuna, sexu orientazioaren kontzientzia-hartze prozesua, banakako askatasunaren aldeko aldarria, ipar eta hego gatazka kulturalen eta erdigune eta periferia harremanen gaineko hausnarketa, euskararen geografian barnako ibilbidea, euskal literatur tradizioa berrasmatzeko saioa, euskararen egoeraren gaineko kezkaren presentzia… Horiek guztiak, eta gehiago ere bai ziurrenik, dakartza berekin Itxaro Bordaren azken eleberriak, Amaia Ezpeldoi detektibea hamaika urteren buruan biziberritu duen Jalgi hadi plazara kontakizunak.
Amaia Ezpeldoi Baionaratuak Jean d´Amou-ren bisita jasotzen duenean ekiten dio kontakizunari Bordak: aita Euskaltzaindiko bilera batera Bilbora joan da Iparraldeko beste hiru euskaltzainekin, eta itzuli ez dela eta, haren bila abia dadin eskatzen dio Jean d´Amouk Ezpeldoiri. Helburu horrexekin abiatuko da detektibea Bilbora, eta hala joango da hartzen nobela detektibe nobelaren traza —edo, zehatzago, detektibe nobelaren parodiaren traza, generoaren ortodoxiatik urruntzen baitira pertsonaiak, espazioak edo tramaren hariak—. Hildakoak, maleta ebatsi misteriotsuak, pistolak, leku ospelak ez dira falta eleberrian suspensearen pizgarri, edonola.
Inkesta honek, baina, beste behin ere, Ezpeldoi errepidera darama, eta Borda euskararen herriaren gaineko hausnarketa geografiko, espazial eta kulturala egitera. Bilbo, Gasteiz, Logroño, Bardea, Baiona dira Hazparneko haitzuloetan abiatzen den road movie honen geraleku behinenak. Euskararen eta euskal literaturaren erdigune geografiko eta sozialetatik urrun dabil berriz ere Ezpeldoi, eta periferia geografiko horiek euskararen iruditeriara dakartza ostera Bordak.
Ezpeldoiren aurrekoak baino urbanoagoa den nobela honetan, Bilbon gauzatzen da hiri handiko askatasun indibidualaren ametsa pertsonaiarentzat, norbere nortasunaren osatzearen eta identitatearen aldagarritasunaren espazio gisa agertzen baita hiria. Ordura artean anbiguoa zen Ezpeldoiren lesbiana izaera hirian finkatuko da, Carmen maitaleak akuilatuta, “lesbiana naun” esanez, eta estreinakoz bere buruari identitate bat eraikiz. Bordaren eleberrian eta pertsonaiaren garapenean berebiziko garrantzia duen unea izango da hori, orduan hartuko baitu zentzua Ezpeldoiren aurretiko bizimodu ezbaikako guztiak. Haizemin pertsonaia transexualak genero identitatea aldatzeko aukera duen espazioa da halaber Ezpeldoik aurkitzen duen hiria. Baina sexuala ez ezik nortasun kulturala ere hautazkoa da eleberriko pertsonaientzat, Haizemin berak berak hala hautatuta egiten baititu bere Ekialdeko euskalkiak eta bertako kantuak. Kolektiboak ezartzen duen nortasun halabeharrezkoaren aurrean, hiriko bakardadeak identitatea hautatzeko aukera damaie Jalgi hadi plazara-ko pertsonaiei.
Euskara eta lesbiana hitzekin jolastuz ematen dio amaiera Bordak eleberriari, bi horiek baititu Ezpeldoik eta nobela osoak ardatz nagusi. Proiektu abertzalean sinesteari utzi dion Ezpeldoik (Mauletik Baionara egiteaz bat, dioenez) euskararen eta euskalkien barruan aurkitzen du aterpe, non eta, euskara gutxitua den Euskal Herriko hiri eta landa guneetan; euskara botere guneetatik ezinbestez urrun dauden lekuetan, beraz, norbanakoaren askatasunari muga gutxiago jar diezaiokeen espazioetan.
Mozarten Requiem-aren egitura jarraituz, Libera me dio azken kapituluaren izenburuak, eta askatasun haize hori (identitateari, sexuari, gorputzaren idazketari, herriari, hizkuntzari dagokienez) sumatzen da etengabe Jalgi hadi plazara honen gibelean (izan bide du honetan eraginik su-eten garaian idatzia izateak), eta eskertu, zinez eskertzen du irakurleak Thunderbird deskapotable batean joatearen antzeko libertate sentsazio (agian ingenuo) hori.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi