kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Komatxo artean - Elkarrizketa literarioak / Mikel Asurmendi / Utriusque Vasconiae, 2007

Nolakoa ote euskal literaturaren paisaia? Iratxe Retolaza / Berria, 2007-06-17

Utriusque Vasconiae argitaletxearen Kritika Literarioa sailak argitaratu berri du Mikel Asurmendik Komatxo artean irratsaioan eginiko elkarrizketa zenbaiten bilduma (lehen alean), eta baita mahai-inguru zenbaiten bilduma ere (bigarren alean). XXI. mende hasierako euskal literaturaren hainbat kezka, galdera, iritzi eta susmo biltzen dira bi liburu hauetan. Bilduriko elkarrizketariko batean Anjel Lertxundik dioen bezala, “zorabiozko gure mundu moderno honetan (…) inportantea iruditzen zait, kontenplaziorako gaitasun minimo bat gordetzen ahalegintzea” (89), eta Lertxundiren ustez, “irakurketa da gelditzen zaigun alor gutxienetako bat kontenplaziorako” (89). Horregatik, euskal literaturaren bide gehientsuenek argitalpenen abiadurari jarraitzen dioten garaiotan, atzo goizeko gertakarien inguruko ikuspegi zabala eta anitza eskaintzen duten bilduma hauek eskura izatea eskertzekoa da, azken bospasei urteotako sorkuntzari eta literatur sistemaren egoerari patxada handiagoz begiratzeko aukera eskaintzen dutelako, kontenplaziorako aukera. Azken batean, euskal sistema literarioari ere neurria behar bezala hartzeko, abiadak zorabia ez gaitzan, askotan gaur-gaurko ez dena ahanzturara daramagulako, duela gutxiko kontuak ere bazterrean utziz. Alde horretatik, gustura eta interesez irakurri ditut liburu hauek, hain hurbil zegoen hura nolako urrun sentitzen nuen ohartarazteko, eta era berean, gurera zenbait kezka behin eta berriro azaleratzen direla antzemateko.

Komatxo artean 1. Elkarrizketak izenburuko alean, 28 idazlerekin eginiko solasalditxoak bildu dira, XXI. mende hasierako euskal literaturaren ahots zenbaiten bilduma eskainiz. Elkarrizketa askotan, Mikel Asurmendik idazleei euskal literaturaren pasaia nola ikusten duten galdetzen die, eta gehienen erantzuna, antzerakoa da, kolore anitzeko paisaia dela. Elkarrizketa-liburu honexek ere kolore anitzeko paisaia horren geografia txikitxo bat eskaintzen du, euskal literaturako alor ezberdinetan dabiltzan idazleen esanak bildu baitira, eta baita literaturari buruzko iritzi eta ikuspegi ezberdinak dituzten sortzaileen esanak ere. Esate baterako, badira literaturaren irakurketa gozamenerako eta atsegin hartzeko jardueratzat aldarrikatzen dutenak (Joanes Urkixo, Txiliku), edota literatura “tentsioa” dela esaten dutenak (Ur Apalategi). Edota, badira, literatura irakurlearengana hurbildu behar dela esaten dutenak (Xabier Mendiguren, Hasier Etxeberria), edota irakurleari nahi zaion guztia beti eman behar ez zaiola esaten dutenak ere (Harkaitz Cano).

Idazle hauek guztiek elkarrizketa hauen bitartez bere burua euskal literaturaren eremuan nola kokatzen duten adierazteko ahalegina egiten dute, eta baita literaturak —aipagai duten literatur lanak— autobiografiarekin (bere bizitzekin) nola harremantzen duten azaltzeko ahalegina ere. Nahiz eta kezka jakin batzuei erantzuteko modua ezberdina izan, nahiz eta literaturari buruzko ikuskera anitz bildu solasaldi hauetan, badira etengabe mahai-gaineratzen diren kezkak.

Hona hemen aipagarrienak, nire ustez: euskal irakurleari buruzko gogoetak ugariak dira; etengabea da errealitate eta fikzioaren arteko hausnarketa; euskal literatura kanporatzearen ingurukoak askotan aipatzen dira; unibertsaltasunaren inguruko iritziak ere tartekatu egiten dira elkarrizketarik gehientsuenetan; eta generoen inguruko muga lausoa ere aipagai da. Alde batera edo bestera, ikuspegi batetik edo bestetik, baina idazle gehienek kezka hauei buruz hitz egin dute, euskal literaturaren mapan auzi hauek bide garrantzitsu diren seinale.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak