kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Kaxa huts bat / Beñat Sarasola / Susa, 2007

Itsasontzia berreraiki Aritz Galarraga / Gara, 2007-06-02

Otto Neurath filosofo austriarraren aipu eder bat irakurri dugu Beñat Sarasolaren poemen artean: “Euren itsasontzia itsaso zabalean berreraiki behar duten marinelen gisakoak gara”. Ez dakit Neurathek zein testuingurutan aipatu zuen esaldi biribil hori, baina poeta gazteak (Donostia, 1984) aipuaren irakurketa propioa eskaini digu. “Poesia?” du poemak izena eta horrela bukatzen da: “XXI. mendeko poesia egingo da halabeharrez, / lau egur eta bi iltzerekin / ozeanoaren erdian barku bat egiten den bezala”. Kaxa huts bat du izenburua Sarasolaren lehenengo poema bildumak eta bertan aurki daitezkeenen artean, literaturaren (batez ere poesiaren) gaineko testuak egin zaizkit aipagarrien. Ez horiek bakarrik, jakina, liburua osotasunean baita interesgarri, baina “Hilda dago”, “Poesia?” edota “Oda poema baztertuei edo diegesia eremutik kanpo” poemak kontuan hartzekoak dira, oso. “Udaberria” izenekoa ere bai, zeinean Mike Tyson eta Evander Holyfield borrokatzen baitiren, T. S. Elioten poema zatiak errezitatzen dituzten bitartean.

Eta horixe da, hain zuzen, aipagarri egin zaidan bigarren gauza: umorea. Bi boxeolariak rapsoda lanetan imajinatzeaz gainera, ironia fina da nagusi Kaxa huts bat-eko poemetan, irakurlea lanean jartzen duen ironia fina: “Poesia hilda dago eta ni izan naiz, sarjentu jauna” esaldiarekin hasten da “Hilda dago” poema, “Esan poesia hilda dagoela / esan ni izan naizela” esaldiarekin bukatzeko. Baina gertatzen da batzuetan ironiaren fintasun hori gatz bilakatzen dela, edota gag, nahiago bada. Ateraldi, azken batean. Ezin horrelakoetan irria ezkutatu: “Eta zer ginateke gu / Oteiza gimnasia erritmikora dedikatu izan balitz?” irakur daiteke “H” izeneko poeman.

Bere garaiaz, bere belaunaldi-kideez hitz egiteko nahia eta gaitasuna ere nabarmenduko nuke Sarasolaren lehenengo bildumatik. “Laurogeiko hamarkada”, “On denotin”, “Berminghan kalea, Donostia” edota “Gure belaunaldia” poemak aipatzekoak dira besteren artean. Hala dio azken honek: “Gure belaunaldiak ez du deus balio, gure belaunaldia Aginako zero bat da. Ezin izan ditugu gurasoak akabatu; etxetik alde egin, komuna hippie batera joan”. Ez baita beti erraza gaztarotik gaztaroaz hausnartzea: “Bart, gazteak ginenean / ez genuen / gure gaztetasuna / aldarrikatzeko premiarik” (“Zigarrokina”).

“On denoting” poema aipatu eta behartua nago kasik Beñat Sarasolaren poesia, oro har, oso-oso narratiboa dela esatera. Poesia narratiboa, kasu batzuetan marra igaro (marra, zer marra?) eta prosa poetikoa bilakatzeraino (“Leopoldo Maria Panero eta poesia”, “Max Broden epaiketan”, etab.). Eta azalpen hau biribiltzeko esan beharra dut ongi lotutako poema sorta dela Kaxa huts bat, ondo jantzitakoa, erreferentzia literario eta kulturalez betea (batzuk ageriago, ezkutuago besteak) eta baita hainbat esaldi antologiko dituena ere: “kalerako bide bakarra leihotik beherakoa izatea”.

Hauek dira niri nabarmengarrien egin zaizkidanak; irakurleak, ordea, harribitxi gehiago ere deskubrituko ditu: atal bakoitzak baditu bereak. Hasieran aipatutako irudira bueltatuz, itsasontziaren irudia luza genezake kritika amaiera honetan eta esan barkua itsaso zabalean dabilela dagoeneko, ari dela bere bidean, baina ez dugu horrelakorik egingo, ez dugu besteren irudirik ebatsi eta amaigabe luzatuko. Bakarrik aipatu gustatu zaigula Beñat Sarasolaren estreinakoa, gustatu zaigula benetan eta etorkizunean kontuan hartzeko izena izango dela ziur, zeresana emango duela hala jarraitzen badu. Besterik ez.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak