kritiken hemeroteka

8.765 kritika

« | »

Zaldi hustuak / Aritz Gorrotxategi / Erein, 2007

Bizitik hutsera, hutsetik bizia Ibon Egaña / Berria, 2007-06-03

Zaldia metafora eta irudi nagusitzat hartuta, inspirazio eta erreferentzia klasikoko poemak bildu ditu Aritz Gorrotxategik bigarrena duen poesia liburuan. Lehengo liburuan Ekialdeko kontakizunen, motiboen eta mundu ikuskeraren haizeak zeharkatzen zituen hainbat ataletako poemak; ez da halakorik hainbeste hemen; batzen ditu harekin, baina, zenbait irudi eta kontzeptu errepikatuk (itsutasuna, isiltasuna, bizitza/heriotza), mitorako eta klasikorako zaletasunak, edo jazzeko erreferentziak, konparaziorako. Poesia eruditua nahi bada, erreferentzia kultural eta literario anitzetan oinarritzen dena da Gorrotxategirena, are modu agerikoagoan Zaldi hustuak honetan.

Troiako zaldiarena da poema liburua zabaltzen eta haren muina aurreratzen duen irudi nagusietako bat, irudi horrexetan biltzen baita poemategiak etengabe birsortzen eta errepikatzen duen dikotomia eta elkarrizketa bat, heriotzaren eta bizitzaren artekoa, alegia. “Zaldiagatik hasiko naiz, / demagun egurrezkoa”-rekin inauguratzen da Zaldi hustuak, eta aurreratzen du ondorengo orrietan sakontzen den ideia: “Eta, hala ere, nor izan zen bietan lehena, / bizitza ala heriotza?”. Troia eta zaldia hautatzean, liburua amaierara arte zeharkatzen duen obsesio bat aurkezten du Gorrotxategik, beraz: heriotza bere baitan duen jaiotzarena, edo bizitza bere barnean duen hustasunarena.

Bikoiztasun eta dialogismo hori (eta beste hainbat) ardatz izanda, hainbat atal elkarlotu baina autonomotan banatua da donostiarraren bilduma. Ala, zaldia ardatz hartuta ibilbide zirkularra proposatzen digu poetak gai klasiko beti zahar eta beti berrietan barrena. Itsua hari puntetan atalean lehen poema bilduman landuriko obsesio bat berreskuratu du Gorrotxategik: itsutasuna, sortze lanarekin eta poetarekin lotuta. Alegia, tragediatik abiatzen den egiaren bilaketa, poetaren lana, ez dator hainbeste ingurua behatzetik, ezpada itsuaren irudikatze beharretik; neurrira egindako zaldiak, egia iruzurtiak bilatu behar ditu kantoreak, poetak. Erreferentzia-mundu errenazentistara etorrita, zutasunera hurbiltzen da ondoren poemategia, maitasunaren denbora eta herioaren aurkako epika partikularrari kantatzera. Maitasunak erlijioa eta jainkoa gai dituen gogoetari uzten dio lekua Balegurutzeak atalean, inspirazio biblikoa agerikoa delarik, Leviatanaren eta itsasoaren ideien inguruan josita. Erreferentzia biblikoekin batera, ordea, hemen jazzaren jainkoen erreferentzia ere aurkituko ditu irakurleak, denbora menpean duten apostoluena.

Herriari eta euskal tradizioari eskaini die Gorrotxategik Harrizko zaldi hau atala, eta Horace McCoyren madarikazioa (Zaldiak akatzen ditugu ba!) testura ekarrita, hilaurren eta usteldurik dagoenaren aurreko eszeptizismo eta etsipena agertzen ditu orduan. Euskal zaldi collage poema bitxi eta originalean, bestalde, euskal poetek zaldiari eskainitako poemekin halako patchwork bat osatu du poetak. Itzulerako bidean, poeta gai intimoagoetara itzultzen da, nitasunaren eta kolektiboaren arteko tentsioez gogoetatzera, izan eta idatzi beharraren kondenaz hausnartzera.

Erreferentziaz bezala, idazkerari dagokionez ere klasikoa da Gorrotxategiren idazkera (errimak, egitura errepikatuak, hiperbatona…), baina inpresioa izan dut poemak batzuetan gehiegi bermatzen direla erreferentziek eta kontzeptuek berez duten indarrean, eta testu batzuen azken exekuzioan ez dela hainbeste asmatu egitura osoari, errimari edo poemaren berezko indarrari dagokienez. Edonola ere, osorik hartuta, bestelakoa, sakona, modaz gaindikoa eta gomendagarria da Zaldi hustuak.

Azken kritikak

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak