« Kaxa hutsarekin jolasten | Itsasoko aldetik »
Marearen erraietan / Jose Inazio Basterretxea / Alberdania, 2006
Istorioak badu berezko tornuia! Mikel Asurmendi / Irunero, 2007-05
Informazio zientzietan aritua eta aditua da Marearen erraietan eleberriaren idazlea. Literatur egilea aski berria dugu edo ezezagun samarra: Jose Inazio Basterretxea Polo. Fikzioa landua du nobela labur batean alabaina: Falo zantarra, Joane Barolo izengoitiz. Orduko zantar hura bezain eztia da honako hau.
Marearen erraietan sartzea erabaki baduzu, hartu denbora eta patxada. Ni neroni, halabeharrez edo presa beharrez —presa irratsaio baterako liburuaren gidoia modu azkar samarrean prestatu beharrak eragin zidan—, lehen murgiltzean ito larrian ibili nintzen. Hori batetik.
Bestetik, nobela honen erritmoa eguneroko bizitzaren erritmoaren bestelakoa dela esango nuke, baita bizitzaren erritmoaren beraren aurkakoa dela ere ausartuko naiz esaten.
Eleberri batzuek harrapatu egiten zaituzte eta azkar eramaten, gaiak edo prosak bultzatua. Honetan, gaia bizitza da, hau da, pertsonen bizikidetza, eta zehatzago bikoteen arteko harremana. Alta bada, garatzen den erritmoa ez da estresagarria. Eta gure bizitza estresagarria dela esango nuke, “gure” mendebalde honetan, alegia. Aitzitik, eleberriaren erritmoa goxoa da, eztia. Salbuespen nabarmen batekin, “Hondartza lehor” izeneko atalean edo pasartean deskribatutakoa. Nik uste.
Salbuespenak salbuespen, Jose Inazioaren prosa, itsasoko marearen erraietatik jalgia dela esango nuke. Erraietatik jalgitzen den guztia koleraz jalgia dela pentsatu beharko (ge)nuke, eta itsasoa barea hala nola ankerra izan ohi denez, itsasoaren izaeraren araberako prosa erritmoa aurkitu beharko (ge)nukeela.
Basterretxearen prosak kulunkatu nau bereziki, hainbatetan olatu eztien erritmoan nindoala sentitzeraino, batzuetan jitoan —doan txalupan— nindoala amesteraino. Arrisku puntu hori kausitu diot eleberriari.
Gainerakoan, gaiak gatibatu nau edo gatibatuko zaitu irakurle hori. Mendian gertatutako pasadizotik abiatuta, goietatik bertatik jaitsi eta hirian ederto murgilduko zaitu egileak: Bartzelonako eta Bilboko itsasoko urak ederto ezagutzen ditu Jose Inaziok.
Bizitza dela gaia, esan dut. Egilea bizitzaren sakonetan murgildua eta esperimentatua dela esango nuke. Bizitzaren ifrentzua heriotza izaki, herioa sutsu sentiaraziko dizu ondo harilkatu eta ehun duen istorioak. Bizitza barneraino transmititzen dizun moduan halaxe sentiaraziko ere herioaren presentzia.
Istorio hitza aipatu dut, bereziki Paulok, Irunek eta Lorek protagonizatua. Istorioak azkeneraino gordetzen du literaturak exigitzen edo behar duen tentsio puntua. Ez dira protagonista bakarrak horregatik. Euren alboan badago laugarren protagonista bat: Madalen. Madalenek ematen dio istorioari behar duen tonua. Tonua edo tornuia esan beharko (ge)nuke?
Ez nuke erreseina ele joko erraz batez bukatu nahi, baina, hara, Marearen erraietan izeneko istorioak badu berezko tornuia.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi