« Asmatze saioetan jarraitzeko | Iturrino Handia »
Kaxa huts bat / Beñat Sarasola / Susa, 2007
Kaxa hutsarekin jolasten Mikel Ayerbe / Berria, 2007-04-29
Liburua idaztetik, liburuak idatzi dituzten idazleek sarritan aitortu dute lehendabiziko liburu horretan hasiberriak dena bildu, jaso, adierazi eta guztia justifikatua dagoela azaltzeko joera izaten duela. Aurreneko liburuan guztia pentsatua eta arretaz landua aurkezteko ahalegina hartzen duela idazlegaiak. Eta izatez, Beñat Sarasolaren Kaxa huts bat lehendabiziko poema liburuak ere badu esandakotik zerbait. Baina baditu bat-batekoak eta berehalakoak diruditen osagaiak ere.
Liburuko poemak lau kaxoitan banatuta daude. “Poesia” deituriko atalak zabaltzen du Kaxa huts bat, eta han, metaliteraturi eta meta:- guztiei loturiko gogoetak eta poema ariketak biltzen dira. Idazleak poesiaren heriotzari, etorkizunari, bazterketari eta abarri buruz egiten du hausnarketa poetikoa. Idazle, liburu, poema, abesti eta bestelako sormen erreferentziak asko dira atal honetan (egiazki, liburu osoan, baina hemen are nabarmenago). “Objektu galduak” deitzen da bigarren atala, eta izenburuari lotuz, itxura batean solteak diren poema batzuk aurkezten ditu Beñat Sarasolak. Jarraian datorren “Gu geu” ataleko poemak barne-begiratze baten ondoriotzat uler daitezke, autokritika eta norbanakoa kokatzeko saio gisa (hemen daude Laurogeiko hamarkada eta Material Culture izeneko poemak eta umezarora begiratzen dutenak). Azkenik, “Gernikako Arbola” atala genuke, eta bertan aberriaren gaia (Aberriarena eta bakoitzaren aberriarena) jorratu nahi izan du idazle donostiarrak. Ondo osatua eta egoki egituratua baitago hutsik aurkezten den kaxa hau.
Molde ezberdinetako poemak egin ditu Sarasolak. Ohituta gauden neurri askeko poemekin batera, prosan idatzirikoak nahasten ditu. Idazlea jakitun da poema baten formak ertz bat baino gehiago izan ditzakeela. Baina oro har, poesia narratiboa gailentzen da: poema gehienek narrazio kutsua dute (prosan idatzirikoek zein besteek), poemak edo esaldiak laburrak dira, eta amaiera efektiboa (eta batzuetan efektista) dutenak ere ez dira gutxi. Poema jakin batzuk irakurri ostean, Egun batek presa duenean eta On denoting kasu, irakurleak ipuin bat irakurri izanaren sentsazioa izan dezake.
Hala ere, poema liburu honetan bereizgarriena ironiaren eta gag-en erabilera da. Kaxa huts honen barruan Mike Tyson eta Evander Holyfield boxeolariak errezitaldi norgehiagoka batean neurtuko dira Udaberria poeman. Sarrionandiaren Liburutegia narrazioaren bariazio poetikoa izan daitekeen Poesia? poeman idazleak mutur joka agertuko dira, XXI.mendeko poesia aitzakiatzat hartuta. Oteizaren hutsune metafisikoa H metaliterarioa bilakatuko da. Absurdoan erori gabe, irribarrea eragiten dute liburuko zenbait poemak.
Izan ere, harrigarria gerta badaiteke ere, Kaxa huts bat poema liburu dibertigarria da. Zenbaitentzat antitesi diren poesia eta dibertsio hitzek bat egiten dute orriotako poemetan. Poesia ludikoa gordetzen da Sarasolaren kaxaren barruan. Baina kritika eta autokritikaren ondorioz eginiko ironiaren erabileraz irriak ez dira azalekoak izango eta hasierako irriaren atzetik irakurleak gogoeta egin beharko du.
Literatura eta hizkuntza bezala, poesia ere jolas bat izan daitekeela gogorarazten baitu Sarasolak. Joxean Ormazabalek haur literaturara itzuli zuen Gorkaren kaxoia liburuan ere, umeek kaxa huts bat zuten gogokoen jolasteko, edozer egin eta sor zezaketelako kaxa huts batetik: piraten itsasontzia, suhiltzaileen kamioia… Kaxa huts bat poema liburua ere gisa horretako jolas bat da, jolastea ahaztu dugun helduontzat idatzi den jolas poetiko bat.
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi