« Usteak erdia ustel | Heriotzaren atzapa-markak »
Inter porcos / Lucien Etxezaharreta / Maiatz, 2007
Animalien ispiluan Ibon Egaña / Berria, 2007-05-20
Maiatz aldizkariak hogeita bost urte bete dituen honetan, haren (eta oro har, Ipar Euskal Herriko literaturaren) bultzatzaile eta akuilatzaile nagusienetakoa izan den Lucien Etxezaharretaren literatur lanen (narrazio? kronika? gogoeta?) bilduma kaleratu du izen bereko argitaletxeak. Itxaro Bordak Basilikan pertsonaia literario bihurtu zuen lapurtarraren alderdi sortzailea ezkutuago izan da orain artean, baina Inter porcos honek ematen du aukera Etxezaharreta sortzailearen ahots pertsonalagoa jasotzeko liburu formatuan.
Maiatz aldizkariak adina urte ditu ia bilduma honetan biltzen den lehen lanak, eta aurtengoa da azkena. 1983tik 2007ra arteko Etxezaharretaren idatziak biltzen ditu, izan ere, Inter porcos liburuak. Azalean kronika aberezaleak (abertzale-rekiko ironiaz ote?) dakar azpititulu bezala liburuak, eta kronika generopean aurkezten dira, hortaz, testuok. Baina badute narraziotik ere, badute kulturaren, gizartearen, literaturaren, hizkuntzaren gaineko gogoetatik ere. Hamalau testu hibrido dira Etxezaharretak bildutakoak: maiz anekdota pertsonal bat, aipu bat, gertakari sozial bat oinarri hartzen du abiapuntu, eta hortik gogoetari, zuzenean toka interpelatzen duen irakurlearekiko elkarrizketari zabaltzen dizkio bideak.
Testu guztietan ere, hori bai, bada lokarri eta ardatz nagusi bat (batasun hari tematikoez landa): animaliak, alegia, izenburuak salatzen duen bezala (“margarita inter porcos” esapidetik). Zerria, zakurra, papargorria, belea, xinaurria… hamalau animalia eta hamalau testu. Zergatik baina animaliak? Hala zabaltzen du hitzaurrea egileak: “abereek mundua ez digute kondatzen baina jasaiten dute, guk bezala, abereak garenaz gero”. Abereak gizatasunaren ispilu, beraz. Ezin esan berria denik ispiluaren ideia, hara hor fabulagileen tradizio luzea (baita euskaraz ere), XIX. mendean zehar; eta beldur apur bat ernetzen zaio bati, ostera irakurri behar ote dituen alegia moralizatzaile eta bide-erakusle haiek; baina Etxezaharretarenean alegiaren bat jasotzen den arren (ik. “Bela beltza” testua), ez dago generoarena berezkoa den asmo moralizatzaile agerikorik (zinez eskertzekoa dena). Animalien inguruko aipuak aitzakia dira maiz, ez eredu, gizakiaren gatazkez, kultur kezkez mintzatzeko. Ahozko erregistrotik hurbil dagoen prosa biziz, abildade handiz egiten du jauzi orduan Etxezaharretaren lumak gai batetik bestera, aipu batetik gogoetara, katuaren obserbaziotik norbere baitara, testu sailkatzen benetan zailak sortuz. Aske sumatzen du irakurleak Etxezaharretaren eskua (arau linguistikoetatik kanpo, adibidez), eta horrek egiten du bizi, erakargarri.
Bi arotan idatzitakoak dira liburuko kronikak, eta bada alderik bi sailen artean, nahiz antzekotasunak (animalien erreferentzia, hi bati mintzatzea…) bistakoak diren. Irudi luke laurogeiko hamarkadakoak, gaztarokoak, beraz, munduan kokatzen ari den idazlearen gogoetak direla, animalien ispiluetan norberaren gizartean kokatze/deskokatzea, bakardadea edo heriotza bezalako gaiak mintzagai dituena, gai sozialagoak ez baztertuagatik. Bigarren arokoetan, berriz, begirada kanporanzkoagoa dela dirudi, esparru publikoko aferei (kultura, gizartea…) lotuagoa, barneranzko begirada erabat desagertzen ez den arren.
Guztiarekin, sortzailearen ni-a bere buruarentzat handiegi ikusten duen baina sortzailea ere baden idazle batekin egiten du topo irakurleak, eta horrek sortutako gatazken lekuko dira testuok. Kultur sortzailea baino behatzailea, eragilea den baten testuak (hortik erreferentzia askotarikoak, idazle klasiko nahiz garaikideei edo aktualitate politikoari) dira Etxezaharretarenak, baina irakurle honek estimatu ditu barrurantz begira, nitasun txikian arakatuz egindako gogoeta literarioak.
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Mikel Asurmendi
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Maialen Sobrino Lopez
Zerua hemen
Oihana Arana
Asier Urkiza
Café Mokka
Jabier Muguruza
Nagore Fernandez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Iraitz Urkulo
Erbeste
Juan Garzia
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Ibon Egaña
Utopiaren belaunaldia
Pepetela
Paloma Rodriguez-Miñambres
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Maddi Galdos Areta