« Usteak erdia ustel | Heriotzaren atzapa-markak »
31 baioneta / Aitziber Etxeberria / Erein, 2007
Thriller historikoa? Iratxe Retolaza / Berria, 2007-05-20
Da Vinci Kodea-ren arrakasta itzelaren ondotik, thriller historikoak gora egin du, diotenez, azken aldian mendebaldean gehien irakurtzen den generoa izateraino. Kontsumo-genero nagusi bilakatzeraino. Komunikabideek diotenez.
Euskal literaturan, arinago bada ere, genero hau jorratzeari ekin diote zenbait idazlek azken urte honetan (besteak beste, Ladron Aranaren Arotzaren eskuak) eta Erein Opera Prima saria irabazi duen 31 baioneta nobelak ere thriller historikoaren generoa ekarri dit gogora.
Nobela honetan gertaturikoak garai historiko jakin batean kokatzen dira, gertakariak 1813ko Donostian girotzen dira, zehatz-mehatz maiatzaren 23tik abuztuaren 31ra arteko egunetan (nobelaren azken atala, dena den, 1814ko abuztuan kokaturiko epilogoa da). Hau da, ingelesek Donostia erre aurreko hilabeteetara jotzen du, Donostia hiriaren gertakari historiko hori fikziora bihurtuz. Epe honetan kokaturiko bi istorio nagusi kontatzen ditu nobelak: batetik, baserrian bizi diren Beatriz eta Graziana ama-alaben arteko harremana kontatzen da; bestetik, François soldadu frantsesaren ibilerak kontatzen dira. Bi istorio nagusi hauek gurutzatu egiten dira, François-ek Beatrizengana laguntza eske joatean, eta halaber, istorio hauetariko bakoitzak, nork bere aldetik, misterioren bat du askatzeko; lehen istorio horretan, hildako aitaren inguruko sekretuak dira misterio bihurtuko direnak, eta bigarren istorio horretan, berriz, Napoleonen ejertzitoko satorrarenak izango dira misterio. Suspensea sortzeko asmoa duten misterio hauek nobelaren garapenean mugarri izateak eragin dit, neurri handi batean, thriller historikoaren generoa gogora ekartzea.
Zenbait thriller historiko thriller-aren izaerari estuago lotzen zaizkio, eta beste zenbait, aldiz, historiko izaera hori garatzen dute sakonago. 31 baioneta nobelan, nire ustez, suspenseari eta misterioari garrantzia eman nahi zaio, nobelaren hasiera-hasieratik aipatzen baita satorrarena, eta irakurlearen arreta bide horretatik bideratu nahi dela iruditu zait. Baina, ez da lortu suspense bizirik. Beharbada erabilitako erregistroak izango du garrantzirik, narrazioaren gunerik bizienetan tenka narratiboa hautsi egiten da konparazio lirikoak tartekatuz, tramaren tenka-gune horretatik irakurlea urrunduz.
Bestalde, giro eta aldi historikoan sakontzeko asmorik ere badago. Horren erakusle dira nobelan zehar pilatzen diren datu historiko eta gertakari historikoak, edota garai haren girotzea lortzeko eginiko erreferentziak. Halere, korapilo eta datu historiko hauek guztiek diskurtso narratiboan zenbaitetan behartuegi sartu direlako sentsazioa izan dut. Batzuetan, datu historiko hauek guztiak pertsonaien elkarrizketa luzeetan ematen zaizkigu, batere errealistak ez diren elkarrizketa luzeetan; eta beste batzuetan, narrazioaren tentsio unerik garrantzitsuetan, bat-batean datu eta gertaera historikoen narrazioa etorri da. Alde horretatik, diskurtso historikoa gailendu den pasarteetan, azalpenerako joera nagusitu da batzuetan (nabarmenegi lehen bi ataletan), azalpenezko testuen erregistrotik hurbilegi, nire gusturako.
Ondorioz, nobelako pertsonaia nagusiak giro historikotik deserrotuegi antzeman ditut, giro historiko horretan gutxitxo erroturik. Bai, giro eta aldi historiko konkretu horretan dabiltza, baina korapilo historikoetatik urrun dauden istorio pertsonalek eratzen dute diskurtsoa. 31 baioneta nobela, suspensea eta historia lantzeko gogoari eutsi asmoz-edo, erdibidean geratu dela iruditzen zait, ez batera ez bestera.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi