« Abiadura handiz | 1.280 lagun bidaide »
Markak. Gernika 1937 / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2007
Memoriaren arrastoan Ibon Egaña / Berria, 2007-05-06
Hibrido bat da, egilearen beste hainbat lan bezala, Atxagaren azken liburua: Markak. Gernika 1937. Bonbardaketatik 70 urte bete diren honetan, hari horixe dute lokarri asteasuarraren liburuko testuek: Markak atalean bonbardaketaren inguruko egilearen gogoeta edo saio laburra biltzen da, eta atzean erantsi zaizkio egilearenak ez diren baina Gernikako bonbardaketaren inguruko egia argitzera datozen hainbat egileren testu atal, lekukotasun eta gogoetak. Bonbardaketaren berria mundu zabalean hedatu zuen G.L. Steer-en gertakarien kontakizunak ixten du liburu heterogeneoa. “Egia historikoaren aldeko lana” aldarrikatzen du Atxagak, eta badirudi agian azken atal hauek gehitu izana gertakarien gaineko egia historikoa argitzeko nahiari zor zaiola. Egia hori euskal irakurleari agertzea beharrezkoa ote den zalantzagarria dateke; egia da, edonola ere, testigantza ederrak irakurtzeko aukera ematen digute atalok (pilotu alemaniarrenak, kasu).
Markak goiburuko lehen atalean, Atxagak berak idatzitako 80 orriko gogoetan, markak, arrastoak dira metafora lotura emaile, zeinek gizakiak heriotzari (ahanzturari, beste hitzez) aurre egiteko izan duen eta duen beharraren erakusgarri baitira. Fikzionalki Soinujolearen semea-n esaterako, egindako memoriaren aldarrikapena, hitzen heriotzaren, ahanzturaren aurkako ahalegina saio generoan egin du oraingoan egileak, denboran atzera egin eta Gernikako bonbardaketara etorri arte. Memoriaren beharraren lekuko diren marken bilaketan, Atxagaren fikzio lanetako hainbat joera eta motibo berraurkituko ditu irakurleak.
Bilakaera gutxi asko kronologikoa egin du Atxagak, eta memoria eta egia aldarrikatzen ditu marka diferenteak bilduz: Il masso di Bormo duela 7.000 urteko harkaitz markatutik (hizkuntzarik gabeko markatik) abiatu, zuhaitzetako carving-ekin jarraitu (idazketaren esparruan jada), gorputzaren beraren markak aipatu eta ahozkotasunaren eta ahozko literaturaren memoriaren edukiontzi funtzioa aldarrikatzen du Atxagak, literatura idatziaren arrastoetara iristeko, Luis Cernudaren eskutik. Agrafotasunetik literatura idatzirako bidaia egiten du, beraz, Atxagak markaz marka. Memoriaren berreskurapen ariketa lingusitiko eta estetiko horiei botereak egindako mespretxu eta gezurrezko erantzunak jaso ondoren, Picassoren lanarekin, estetika modernoarekin ixten du Atxagak saioa, Gernikako sarraskiaren memoria bizirik mantentzea lortu duen marka edo obrarekin.
Ibilbide koherente eta pertsonal bat (parentesiz betea) proposatzen du Atxagak Picassorengana heldu arte, eta horretarako bidelagun ditu ahozko testigantzak, bertsoak, literatura idatzia, dokumentuak… Bilketa lan handia dago Markak-en atzean, modu erakargarrian josia, baina irakurle honek faltan aurkitu du egilearen beraren inplikazio handiagoa, saio bati eskatu ohi zaion egilearen autoritatea. Halaber, kontzeptu oinarrizko eta sakonekoez aritzean (egia, memoria, heriotza, bestearekiko indiferentzia…), agian erabateko onestasuna bilatu nahiz eta sakontasun nahiak berak bideratuta (hara paradoxa) inoizka diskurtsoa naif xamarra ez ote den nago, oinarrizkoenera zuzen jotzeko nahiak akuilatuta, hain zuzen. Demagun: “Horrela gertatzen da beti. Normalena izaten da soldaduek umeak eta emakumeak hiltzea gerretan, eta, horrelako balentrien aurrean, ahots kritikoak zapuztuak izatea”.
Bestalde, egilea bera parentesi artean ezkutatzeko eta egiletasunaren figurarekin jolas egiteko, desagertzearekin jolas egiteko saio bezala ere irakur liteke Atxagaren hibrido berri hau agian. Markak atalean ahots hain autoritarioz ez aritzeak eta, bestalde, bigarren atalean bereak ez diren testuak bere liburuan jasotzeak (horrek sor ditzakeen zalantza etiko eta guzti) inpresioa ematen du egilearen ezkutaketetara jolastu nahi bat badagoela Markak. Gernika 1937 honetan. Aurkitu, baina, azken aldiko Atxagaren arrasto asko aurkituko ditu irakurleak.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi