kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Larrialdietarako irteera / Txuma Murugarren / Paper Hotsak, 2006

Bideo-klipak eta mugak Jon Kortazar / El País, 2007-04-08

Iuri Lotman kritikako teoriagileak eta Tartuko eskolako buruak adierazten zuen muga beti dela kulturako toki aberatsa. Muga toki berezia da, han kultura bi lotzen direlako. Mugen esploratzaile bihurtu da Txuma Murugarren (Errenteria, 1964) musikaria, musika eta literaturaren arteko mugan. Han ez dago notarik, ez dago letrarik… han zentzua besterik ez dago.

Postmodernitatearen lehen zantzuak heltzen zirenean, polaroidak egitea zen gakoa: Suso de Torok Polaroid liburua atera zuen, Rafael Vallbonak Zapata italiarrak, bideo-klipen estetikan beren beregi oinarrituriko ipuin bilduma. Oinarri eta dena zen hizkuntzen arteko mugen igeriketa-lana. Argazkien lana igaro bada ere, bideoklipetan aritzea ez da arraroa izan generoen arteko elkarrizketa hauetan.

Txuma Murugarren Sasoi ilunak pop-taldearen buru izan zen 90eko hamarkadan; taldea desagertu zenez geroztik, bakarkako zenbait disko kaleratu ditu. Abestietan oinarrituriko ipuin liburua atera du Larrialdietarako irteera izenburupean. Ipuina da larrialdirako erabiltzen den lehen irteera eta larrialdietan egiten den bezala, hitz egitea, kontatzea lasaigarri bihurtu da pertsonaien —eta idazlearen— egoerei erantzuteko orduan.

Kantu baten aipamenak ematen die izena ipuinei. Baina ipuinak kantara hurbiltzeko estrategia desberdinak erabiltzen ditu. Batzuetan kantuaren azalpen luzea da. Besteetan, gehienetan, kantuaren tonua eta giroa da ipuinean nagusitzen dena. Hurbiltzeko era bi behintzat, edo kantua aitzakia da, eta orduan ipuinak bere bidea hartzen du, edo kantua oinarria da eta orduan ipuina morroia dugu. Denetan baina, ipuinak bere joera berezia agertzen du. Tartean, kantuen aipamenik gabe diren ipuinak ere badira, mugarri gisa edo. Eta kantuen aipamenik ez duten ipuinoi arreta jarri behar dio irakurleak, eurak baitira zentzuaren bidegileak.

Bada beste ohar bat liburuaren aurrean kontutan izan behar dena. Ipuin asko egunkarietan agertu dira eta kazetaritza literatura bihurtzeko joeran kokatu da Txuma Murugarren, beste askok egin duten bezala, Iban Zalduak gure artean eta Juan José Millásek beste eremuetan. Baina kontu horietan denek dakite gupidarik gabe igaro behar direla ipuinak aldizkaritik liburura.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak