« Bizitza eta historia | Oroimen bikoitza »
Gerratearen aztarnak / Fertxu Izquierdo / Pamiela, 2007
Geografia uzkurrak Iratxe Retolaza / Berria, 2007-04-08
Fertxu Izquierdoren Gerratearen aztarnak poema-liburuan sentimenduen geografia da poesiara bihurtu nahi izan dena; malko eta musuen geografia bihurtu da poema hauetara. Sentimenduen geografia pertsonal hau gorputzaren eta gudu-zelaiaren espazioak laztanduz sortu da, gorputzaren espazio fisikoa eta gudu-zelaiaren espazio diskurtsiboa elkartuz.
Sentimenduentzako geografia propioa sortzeko behar fisikoa darie poetaren hitzoi, ausentziek sorturiko samina, tristura eta bakardadea lekutzeko premia nabari da. Alegia, ausentziek sorturiko sentsazioak espazio fisiko eta diskurtsiboan gorpuzteko premia. Ausentzia mota ugarik eragindako sentsazioak gorpuztu dira: maitearen ausentzia, ausardiaren ausentzia, askatasunaren ausentzia… Baina, ausentzien sentsazioek itolarria, herstura eta arnasestua eragiten dute, eta itxidura horretatik askatzen dira poetaren hitzak, geografia uzkur horietatik. Herstura horretara garamatzate poemaren espazioek ere, kale gris estuetara, tabernetara, ilunpeetara, hezurrezko kartzeletara, gogoaren itolarrira…
Poema hauetan, beraz, espazioak (fisikoak eta diskurtsiboak) aparteko garrantzia hartzen du, eta nolabait, espazioa barneratzeko molde ohikoenak iraultzeko gogoa nabari da. Sentimenduen geografia pertsonal hori irudikatzeko hiru eremu hauek landu dira: diskurtso lirikoa (maitasun poema eta sentimenduek gainez egiten dute), diskurtso epikoa (gerratearen mundu imaginarioa erabiltzen du eta gerratearen hiztegiz poemak janzten), eta diskurtso urbanoa (hiriaren espazioez eta hiri-kulturaren erreferentziz bete ditu poemak). Hiru eremu hauek elkarlotuz, gainjarriz eta gurutzatuz sortu dira poema-liburu honetako irudirik aipagarrienak (esaterako, “Sasoi ilunetako melodiak” ataleko lehen poemetan).
Hiru diskurtso horiek gurutzatzerakoan hitzen zentzuek dardar egiten dute, eta hitzei ohikoa zaien zentzua eraldatu egiten da hitz horiek diskurtso liriko, diskurtso epiko edo diskurtso urbanoen estilo eta tonuekin nahasterakoan. Honela, maitasuna gudu-zelai bihurturik irudikatzen da, edota gudu-zelaia maitasunerako gune bihurtzen da. Eta hiria, maitasunerako zein gerraterako gune bihurtzen da, baina, batez ere barne-sentimenduak islatzeko espazioa, gorputzaren sentsazioak irudikatzeko gunea.
Horixe da liburu honetako lorpenik aipagarriena, hiru diskurtso horietan aldiberean kokatzeko trebetasuna, hitzen zentzuak puztuz edota zalantzan jarriz, hitzen anbiguotasuna aberastuz. Honela, hitz asko eta askoren zentzua iragankorra eta aldakorra da liburuan zehar, poemaz poema eraldatuz doa. Poeta hiritik nola, hala dabiltza hitzak poemotan, errari. Batzuetan epikotasunez puztuta, beste batzuetan lirikotasunean itota, eta gehien-gehienetan hiriko karriketan noraezean.
Dena dela, hiru diskurtso molde horien muga lausoan ez dira kokatu poema guzti-guztiak, badira diskurtso jakin batera zeharo lerratu diren poemak, eta horietan ez dut sentitu halako kinada berezirik, halako irudi berritzailerik.
Bestalde, geografia urbanotik urruntzen denean, ausentzia horiek marrazteko erabili dituen irudiak ez dira hain berritzaileak. Kasu batzuetan ausentzia horien berri emateko portuan kokatu ditu sentimenduak, barne-minak itsasoa, ozeanoa eta olatuen joan-etorriarekin parekatuz. Geografia horiek ohikoagoak eta ezagunagoak egin zaizkit, batere berritzaileak ez diren irudietara hurbildu naute. Hortaz, hirira bihurturiko poemak gogokoago izan ditut, hiru diskurtso horien bueltan eta kontraesanean sorturiko irudiek harrapatu naute, zentzuak anizteko gaitasun bizi horretan kateatuz.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez