kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Zakur kale / Harkaitz Zubiri / Susa, 2007

Mendeku isilak Ibon Egaña / Berria, 2007-03-25

Literaturan, kasu honetan ipuingintzan, autore eta liburu berri bati berri, fresko iriztea ez da gutxi, ziurrenik, eta hala iritzi dio irakurle honek Harkaitz Zubiriren Zakur kale ipuin bildumari. Eta susmoa du azken urteetan ipuingintza ulertzeko modu zehatz bat —giro intimistakoa, Carver etiketa erraz jartzen zaiona— nagusitu dela gurean eta molde horri jarraituz egindako lan zuzenak erruz-edo publikatzen direla. Irudipena du, halaber, gatazka sozialak eta lan alorrekoak —ez hain politikoak, politikaren zentzu murrizgarrienean— jorratu nahi direnean maiz jotzen dela iraganera, dela nostalgiaz dela banaketa manikeoak onargarriago-edo egiten zaizkigulako. Horregatik irakurri du gustura irakurle honek ausarta iruditu zaion Zakur kale, besteak beste, gaur egungo Donostian —hori ere ezohiko— gertatzen diren tentsio soziolaboral, arrazazko eta bestelakoak modu oso sinesgarrian eta gertukoan birsortzen dituelako, gatazka edo politikari gure literaturan egin ohi zaizkion irakurketetatik bestelakoak proposatuz.

Gaurko Donostiaz ari da Zubiri, eta, zehatzago esanda, gaurko Donostiako burgesiatxoaz eta haren baitako zakurkeriaz, ustelkeriaz, faltsukeriaz, hipokrisiaz, boterekeriaz… Enpresaren inguruan garatzen diren harremanez —pertsonal, afektibo edo profesionalak— egiten du gogoeta Zubirik, eta jendartearen erretratu zorrotz, kritikoa da orriotan egindakoa, ez konplazientea. Pertsonaia galeria aniztuna dabil liburuko orriotan barrena: enpresagizon ertaina, haren seme-alabak, etorkinak, lanean ikusezin diren hasiberriak, lapurrak… Eta haien artean garatzen diren istorioak ere askotarikoak dira, nahiz batasun hariak enpresaren eta lanaren ingurukoak diren nagusiki: badira bikote-harremanei buruzkoak, lagunartekoak, familia barrukoak… Guztietan ere azaltzen da, modu saihestezinean, zakurkeria bere forma anitzetan. Pertsonaiak harrapatuta daude gizarte ordenak ezartzen dituen joko-arauetan (dei diezaiegun zakurkeriaren joko-arauak) eta ez dute lege horien baitan jokatzea besterik. Egiten dute protagonistek ahaleginik bortxa sistemikoak itotako mundu horretan duin izateko, burua altxatzeko, baina maiz bide bakarra dute horretarako: mendeku isila. Haien kontra erabili den ustelkeria, azpijoko horri buelta eman eta beraiek bihurtzen dira orain zakurkeriaren eragile. Ez dute asmorik, ez indarrik, ez kemenik bestelako balioen bidez modu agian xaloan egia bilatzeko edo gizartean justizia egiteko. Begia begi truk bihurtzen da lege, eta on eta gaiztoen banaketa manikeoek ez dute gehiago zentzurik.

Gaur egungo gizartearen ikuspegi orokor bat eman nahi duen gisa honetako liburu batek, batasun hari finekin lotutako pertsonaia eta harremanen galeria bat aurkezten duen narrazio bildumak, izan ohi du arriskurik, eta horien artean bat, liburuak amaieran katalogo itxura izatea dateke; alegia, gizartearen luze-zabala erakutsi beharrez, pertsonaia tipoak modu axalekoan biltzea. Alabaina, ez da horrelakorik gertatzen Zubirirenean, pertsonaien eta egoeren galeria bat azaltzeko intentzioa garbia den arren, irakurleak ez baitu katalogo baten aurrean dagoelako irudipenik, modu naturalean eta ez axalekoan txertatzen baitira pertsonaia diferenteak narrazioen harian. Egia da, alabaina, eta hemen topatzen diet narrazio hauei baina bat, eman nahi den gizartearen ikuspegiak bideratu egiten duela, agian modu agerikoegian zenbaitetan, narrazioaren ildoa; alegia, idazlearen intentzioek pisatu egiten dutela narratzaileen, eta baita pertsonaien elkarrizketen —esplikatiboegiak batzuetan— gainean ere.

Oso kontuan izateko opera prima, edonola ere.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak