kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Rimmel / Koldo Izagirre / Susa, 2006

Aita-alabak Aritz Galarraga / Gara, 2007-03-17

Marie Darrieussecq idazle baionesak Le Bébé literatur lana idatzi zuen 2002an. Ondorengoak harritzen zuen bera: “haurtxo gutxi agertzen da literaturan, zergatik?”. Eta ama izatearen esperientziak kitzikatuta idatzi zuen aipatu liburua. Koldo Izagirrek ere alabari kantatzen dio azken poema bilduman, Rimmel izenekoan, jaiotzearen unetik beretik (“ez naute gomitatu erditzearen lekuko harro izatera”), koxkortzen den arte (“mahatsak hartu du heineko hartzidura”). Darrieussecqek hala azaltzen zuen bere hautu literarioa: “umea: seguru hor badela zerbait bilatzeko, zerbait ulertzeko”. Eta Izagirreren azkenak erakusten digun bezala, bada bai literaturarako interesgarri den zerbait. Hitz gutxitan esanda: alabaz hitz egiteak aitaz, aitatasunaz, bizimodu eta bizipen berri batzuetaz hitz egitea ere badakarrelako.

Liburuaren banaketa lau ataletan egina da eta, esan bezala, progresio kronologikoari jarraitzen zaio. “Hezur ondoko mami” lehen atalean, alaba jaioberria da ardatz, bere munduratzeak eragiten duen lurrikara: “zertarako haur berri bat mundura? / lagunen galderak nolako mindura! / ez daukat beste erantzunik: / berak nahi zuen, guk genuen gura!”. Aita-amen beldurrak agerian geratzen dira (“zer izan dun hori? / ez duk entzun?”), baina ikasbide ere bilakatuko da alabatxoa: “asko dizkiozu irakatsiko / ama kantari jarri duzu/ bularra hartzen diozulako / masail beteko esne-musu”. Bigarren atal batean, “Nola jaso ote zuen harria trikuak” deiturikoan, alabaren lehen urteek hartzen dute leku, lehen kanta eta jolasek, erantzunik gabeko lehen galderek: “beso bik hartzen didate burua / estaltzen dizkidate begiak / —nor naiz?”. Anekdotatik sortuak dirudite testuetarik hainbatek: “bazoaz gure oinetakoetan/ otsoaren oihanean barrena”.

“Ur gazia zara” atalak, hirugarrenak, dagoeneko koxkortzen hasia den alaba erakusten digu, haur izaeratik baduena (“Irakaslearen sexu heziketa” poema), baina are gehiago helduenetik (“amaitu dira hartzatxo urdina/ eta lo aurreko ipuina // hiltzaile heldu zen lehen zigarroa / gorpu kirastu bat da haurtzaroa”). “Laster gure alaba zu bezalakoa izanen da” azken atalean, ordea, alaba nerabezaroan da, bete-betean, aitagandik gero eta urrunago: “jadanik ez goaz karrikan eskuz esku / lagunik ederrenak ginenean bezala / jadanik ez zara aitatxoren alaba”. Eta horren mina, noski, jasoko du irakurleak: “munduan beti egonen da maite duguna oroitaraziko digun zerbait”.

Orain arte erabili ditugun adibideek pista batzuk ematen badizkigute ere, ezin aipatu gabe utzi Rimmel poema sorta berezi egiten duten ezaugarriak. Hala, Izagirrek darabilen hizkerak asko du haur literaturan erabili ohi den horretatik: errima, erritmo, errepikapen, hitz-jolas, asmakizun eta abarrez gainezka dugu liburua. Bai eta animali, naturako elementuz beteriko iruditeriaz ere. Alabaren nagusitzearekin batera, poemak ere koxkortu egiten dira, konplexuagoak bilakatzen. Bai bederen, kezka eta hausnarketa aldetik. Eta kurioski, azken atalekoak egin zaizkit poemarik osoenak, lehen atalekoekin batera baina. Lehen atal horretan agertzen baitira argien, guraso berrien poz eta beldurrak, alaba munduratzeak suposatzen duen erronka.

Aipatu dugu alabaz aritzeak, aitaz aritzea ere badakarrela. Gustatu zaigu horregatik Izagirrek erakutsitako zintzotasuna, aitatasun klasiko horretara makurtu nahi ez izate hori: “mila ipuin berri / dauzkat barruan orain / zuri beldur eragiteko”. Gustatu zaigu bakan izateagatik gomendagarri den Rimmel hau.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak