« Aita-alabak | Elurraren gainean »
Iturrino Handia / Hasier Etxeberria / Susa, 2007
Iturrino Handia Hasier Etxeberriarekin berbetan Mikel Ayerbe / Berria, 2007-03-18
“Misterioak beti daki gordetzen mamia”. Iturrino Handia nobelako esaldi bat da, Hasier Etxeberriaren azken nobelatxotik ateratakoa. Nobelatxo hitza erabili baitu idazleak berak liburu hau izendatzeko. Eta erabat ados nago (gainera, horrela ez dago narrazio luzea edo nobela motza den eztabaidatu beharrik). Nobelatxoa, baina inolaz ere gutxietsi behar ez dena.
Cosme Iturrinoren gorabeherak kontatzen dira liburu honetan: gorputza hiru zatitan banatzen zuen kaxaren asmatzaile eta ospe handiko mago izatetik, egungo eskale itxurako gizon zarpailaren ibiliak biltzeraino. Cosmeren bizitzako mugarria zirkuaren gainbeherak markatuko du, eta bizi berri bati ekin beharko dio. Baina kontaketa ez da batere lineala, gogoetek nekez jarraitzen dutelako hari bakar bat. Eta horrela korapilatuko dira Iturrinok inguruan izan dituen pertsonaien kontuak ere. Batzuk idazleak asmatuak: Belle eta Anne, Josetxo Plasma, Don Valentin, zirkuko lagunak… eta beste batzuk errealitatetik fikziora eramandakoak: Orson Welles, John Huston, Oja Kodar edo Hasier Etxeberria bera. Izan ere, Hasier Etxeberria izango da kontaketa guztia bildu eta argitara emango duena, narrazioaren baitan kazetari lanak egiten ari den pertsonaian haragituz.
Joko honekin errealitatearen eta fikzioaren mugak lausotu nahi izan ditu Etxeberriak. Liburuaren aurkezpenean hezur-haragizko Cosme Iturrino aurkezteak ere helburu hori izango zuen. Baita aurkezpen amaieran Iturrinok berak Etxeberriaren hitzei gaineratu zien “Gezurti!!!” hark ere. Baina jokoak hori besterik ez dira, eta egia esanda, liburutxo honetako Iturrinoren unibertsoa errealitatetik oso urrun gelditzen dela esango nuke. Baina irakurketa atsegin baterako hori ez da gabezia bat. Kontatzen diren gorabeherak sinesgaitzak izanik ere, neurri bat mantentzen bada, liburuak funtziona dezake.
Neurri egokia aurkitu baitut Etxeberriaren liburuan. Esperpento eta zirku batetik ateratako pertsonaia horiekin (eta pertsonaia guztiak sartzen ditut zaku horretan, benetakoak eta asmatuak) istorio are zentzugabeagoak eta sinesgaitzagoak asmatzeak dirudi errazena. Eta idazlea ez da tentazio horretan erortzen (salbuespena Ojaren afari bitxiko eszena izan liteke). Ostera, pertsonaia bitxi hauekiko gertutasuna bilatzen dela esango nuke, zirkuko munstroen sentiberatasuna azaleratzen denean kasu. Plasma zerbitzariaren galdera zentzugabeek, esaterako, irakurlea bereganatu egiten dute irribarrea sorrarazi ondoren.
Baina itzul gaitezen hasieran hona ekarri dudan nobelako esaldira: “Misterioak beti daki gordetzen mamia”. Liburu honetan ere bada idazleak, magoek bezala, amaierara arte maukapean gordetzen duen trikimailu bat. Bukaeran gertaera bat dago, intriga pixka bat, irakurlearengan misterio pixka bat sortzeko nahikoa izango dena. Eta kontua nola argituko den jakin nahi duen irakurleak, Iturrinoren kontaketa xelebre nahiz entretenigarriari jarraitzea beste modurik ez du. Liburu osoko kontaketa, gainera, Iturrinoren bakarrizketa luzea izango da, baina bakarrizketa baten aurrean gaudela ahaztuko dugun moduan idatzita dagoena.
Asko gozatu dut nobelatxo honekin. Mokadu batean irensteko liburua izanik, ez da indigestatzen, eta egunak pasatu ahala, aho-zapore onak hor jarraitzen du. Are gehiago, Hasier Etxeberriaren azken bi eleberrietan aurkitu ez nuen oreka topatu dut liburu hau irakurtzean.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi