« Bide ertzeko printzak | Adimenaren jokoa »
Bide ertzeko printzak / Andoni Salamero / Apatx, 2006
Pertsona eta natura elkartzen duen poesia Mikel Asurmendi / Irunero, 2007-02
Ez da poeta honen liburua galtzarbean hartuta, munduan edota bidean nabilela. Zu. Ni. Bi. Bidean… bere lehen liburuarekin ere ibili nintzen/ginen behiala. Poetak esan zuenez: “Ibiltari hori, ez duk biderik, ez bada bide eginez”. Ibiltaria eta poeta bidean topatu dut berriz ere.
Andoniri gutuna abiaburuan:
Hire lagunek jardun ditek jagoitik liburuaz, emaro eta zabal jardun ere. Ez zekiat neroni lagun horien kategoriara iritsi ote naizen, baina, gutxienez, erran dezadan bidaide eta gogaide izan hindudala “bideko ertzeko printzak” paperera ekarri aitzin.
Printzen distirek itsuturik ote natorren sumatu duk dagoeneko: Izan ere, Hi eta Ni bidean ibili ginen hartan sumatu nuenez, ez hituen ele guztiak zakuan bildu. Bistakoa duk, ekarri dituan guztiak ez dituk zakuan bildutako ele guztiak, baina ekarri dituanak, izenak berak gaztigatu digunez: ele printzak ditiagu. Eleen eta ertzen artean jardun genian, geure hitzen mugan… alabaina, zakuan heramatzan intxaur guztiak kraskatu eta hustu genizkian (kar, kar, kar).
Andoni Salamero Alberdi poetak gustuko du eleei distira ateratzea, eta niri berriz izenekin jolastea, eleak urratzea eta lardaskatzea —barka Andoni, egoak eta hegoek haizatu nautek soberaxko—:
Alberdi alderdi bihurtzen zait eta poeta alderdi onekoa begitantzen zait. Salamero izena erabiltzean berriz —erdarazko etimologian nire ezjakintasuna aitorturik.— gatza urtzen zait aho sabaian. Andoni izenarekin, berriz, Anttoni, Anttoni, Anttoni doinua jalgi ohi zait ezpainetatik. Andoni bide ertzeko erreketako uren soinua eta hotsa bailitzan entzuten baitut.
Salamero izena gogoan Zalamero bihurtu dut nire burua, eta hartara lausengari aritu eta jardun.
Bistan denez, lagun baten liburuaz ari naiz eta liburua niretzat berezia dela ageri. Berezia da, berezia denez. Goitik behera —autoedizioa izaki— egileak berak erditua, berak sortutako Apatx argitaletxeak apailatua, eta zein ederki apailatua ere. Bigarren emaitzak nekez gainditzen omen du aurrenekoa. Andonik baina lagun asko ditu bidean, eta distira nahikoa lagunen laguntza bere ele printzez edertzeko.
Ele hauek ontzen ditudan uneon Mixel Labeguerie-ren Xorieri mintzo zen kantua entzuten ari naiz: “txoriei mintzo zen, mintzo zen errekari” abesten du Labeguerik. Eta Andoni poetaren printza hau jalgi zait gogora:
—“Zoratuta zaude”, batek baino gehiagok nitaz diote. Ez da harritzekoa, jendeak eta egiten dituenak ikusita.
Esan handiko printzek argitzen dute poeta honen bidea, Andonik ez du bidea bakarrik urratzen horregatik. Andoniren gogoetak lurrari estuki egiten dute bide, bere poesia lurtarra da —lurtarra eta zerutiarra sinonimoak izaki bere kasuan— eta bere lurra berriz pertsonari biziki heldua, edota pertsona heldua lurrari.
Poeta honek bideetan jasotzen dituen printzek pertsona biluzten dute. Andoniren poesiak pertsona eta natura funditu, urtu, galdatu eta moldatu egiten ditu. Alegia, norberak naturari nola begiratzen dion, horrela begiratzen dio naturak norberari.
Andoniren kasuan, maitasunez.
Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin
Peru Iparragirre
Mari-alderrai
Colette
Aritz Galarraga
Erreplika
Maialen Berasategi Catalan
Ibon Egaña
Hegal egiten
Eneko Bidegain
Mikel Asurmendi
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero