kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Ez dadila eguzkia sartu / Martin Etxeberria / Xabier Etxeberria / Elkar, 2006

Futbolak erbesteratu zituenekoa Iratxe Retolaza / Berria, 2007-02-11

Miren Agur Meaberen Urtebete itsaslabarrean nobela aipatu nuen hartan gogorarazi bezala, 36ko gerran gertaturikoak berrikusteko, berridazteko eta birgogoratzeko premiarik bada azkenaldiko literaturan. Nobela hartan, gazte baten begietatik kontatzen ziren gerraren gorabeherak, eta begi haiek lubakien ispilu izan beharrean, gerra garaiko herritarren (eta ez gudarien) eguneroko gertaera txiki horiek egin nahi zituzten hanpagarri.

Lerroarte honetara gaur ekarritako nobela hauxe ere 36ko gerran kokatu arren, bestelakoa du gertakariak hautatzeko bidea, bestelakoa du historiara hurbiltzeko bidea. Martin eta Xabier Etxeberria anaien Ez dadila eguzkia sartu azken nobelak Euzkadiko Selekzioaren lehen agerraldiak eta partidak ditu kontagai. Hain zuzen ere, 36ko gerrak sorrarazitako etsipenari aurre egiteko asmoz eta Europan zehar babesa jasotzeko asmoz, Euzko Jaurlaritzak abian jarritako Euzkadiko Selekzioak Europan zehar eginiko ibilerak ditu kontagai nobela honek. Aparteko gertakaria du abiapuntu, beraz, Euzkadiko Selekzioaren lehen urratsak. Euskal kirolaren eremuan aparteko gertakari izan zena, eta are apartekoago bilakatzen dena, 36ko gerra gori-gori zegoen hartan gertatu zela kontuan hartuz gero. Hartara, Espainiako gerrara hurbiltzeko bestelako begiak hautatu dituzte Etxeberria anaiek: futbolarien begiak. Euzkadiko Selekziora deituriko jokalari guztien berri ematen bada ere, ez dira futbolari horiek guzti-guztiak nobela honetako protagonistak. Futbolari horietako baten begiak dira nobela honetan presenteen daudenak, hasieratik amaieraraino nobelaren hezurdura haragiztatzen dutenak: Kepa Areso futbolariarenak. Euzkadiko Selekzioaren ibilbidearen berri Aresoren ikuspegitik kontatzen da. Horregatik, istorioa Areso lubakietan dela abiatu egiten da, eta Ameriketarantz doanean amaitu, erbesteratze behin betikorantz.

Nire ustean, nobela honen alderdirik aipagarriena Aresorengan makurturiko ikuskera horixe da, Areso pertsonaia haragiztatzen duen ikuskera horixe. Fokalizatze horrek Aresoren begietako paisaia ezin hobeki deskribatzen du, baita haren begietan iltzaturiko zalantzak eta ezinegonak ere. Protagonista nagusi hori sinesgarritasunez hurbilaraztea lortu da, eta haren barne-kezketan irudikatzen da, 36ko gerra lubakitik kanpo ez ezik, herritik kanpo ere igaro zituztenen kontraesanak: eginbeharraren eta egindakoaren arteko tenka, herriminaren eta bizinahiaren arteko tenka, arduraz jokatzearen eta grinek esandakoaren arteko tenka. Begi mindu horien bidez jakinaraziko zaio irakurleari Gernika suntsitu dela, edota Bilbo erori dela. Gertakari ezagunei hurbiltzeko begirada ezezaguna, oinaze ezezaguna, nortasun handiko pertsonaia baten begietan iltzaturikoa.

Dena den, protagonistaren karakterizazioan trebe ibili direnak bigarren mailako pertsonaiak aurkezterakoan ahulxeago antzeman ditut. Ahulxeagoak iruditu zaizkit bigarren mailako pertsonaia hauek Areso protagonistarekin hezurmamituriko harremanak, ahulxeagoa harreman horiek gertakarien artean tartekatzeko modua, maiz nahi baino gehiago urrutiratu baitute irakurle hau interesguneetatik. Antzeko zer edo zer gertatu zait maitasun istorioekin, edota faxista salatariaren istorioarekin. Biak ere gehiegi harrapatu ez nauten korapiloak izan dira, zenbaitetan irakurketa trabarazi didatenak. Nolanahi ere, nobela hau erritmo biziko prosaz osatu da, giroak eta eszenak deskribatzeko gaitasun handiko prosaz. Eta gertakariek jakin-mina pizteko hainbesteko gakorik ez zutenean, erritmo biziko prosa horrek lortu du irakurle hau lotzea. Jakina, baita aipaturiko Aresoren nortasun indartsu horrek ere.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak