« “La biarra” | Ravelen musikaz »
Ezjakintasunak / Gerardo Markuleta / Alberdania, 2006
Bertan goxo Aritz Galarraga / Gara, 2007-02-03
Hotza gure artera ailegatu den honetan, epelean egoteko sortzen den aukera oro biziki eskertzen da. Eta eskertzen dira epeltasun pixka bat eskaintzen duten liburuak ere. Are eskuartean duzun hori poema bilduma atsegina, goxoa baldin bada. Bertan goxo egoteko aukera eskaintzen duten horietako bat. Gerardo Markuletak idatzitakoa da Ezjakintasunak, ibilbide poetiko partikularrean bosgarren emaitza dena. Aurretiaz, Larrosak, noizean behin (1990), Sagarraren hausterrea (1994), Hauta-lanerako poemategia (1999) eta Batak ez du bestea kentzen (2003) sortak argitaratu zituen, beste hainbat narrazio eta itzulpen lanekin batera. Aurreneko bi lan poetikoak ezizenez sinatuak etorri ziren eta aitortu beharra dut Jon Iriberri ez dudala oraino ezagutzen. Baina Gerardo Markuleta gehixeago. Eta ausartuko naiz esatera ez garela oso oker ibiliko eskuartean dugun liburua Batak ez du bestea kentzen haren jarraipentzat hartzen badugu.
Poesia egiteko molde jakin bati jarraitu zitzaion Markuleta 2003ko bilduma hartan: poema biluziak, zuzenak, hitzen ekonomiaz baliatzen zirenak, politikari ezagun batek aipatutako txitxirik gabeak. Horrekin batera, kontrastea bilatzeko borondatea, hitz jolasak, erritmoaren zainketa berezia, ironia fina eta baita naturaren nolabaiteko presentzia iraunkorra ere. Bada, ezaugarri horiek guztiak erabiltzen dira oraingo honetan ere. Ea zer iruditzen zaizuen “Erreparatzea” poema, esandakoaren erakusgarri: “Itsu izanik ere, begira. / Mutua izan arren, esan. / Besamotza bazara, berdin ukitu. / Nahiz elbarri egon, saia dantzan. // Izozturik ere, epel ari. / Karakoilduagatik, zabal iraun. / Hankamotz edo herren, egin irri. // Erreparatze hutsa / konpontzea da sarri.”
Ezjakintasunak maitasunaz ariko zaigu batzuetan: “Unibertsoaren balantzan/ —halakorik bada, bederen— / platertxo bat egon behar du // alde bakarreko maitasunen / ongi-nahi eta ilusioak // aldi bakarreko amodioen / su bizi eta errauts epelekin / biltzen dituena, // alde bitarako maitasunen / hobe-behar eta zaputzen / azpiltzarreko pisua nolabait / berdintzen saiatzeko.” Heriotzari buruz besteetan: “Hil eta geroko, zer arrangura, / zer kezkabide, zer afera? Hiletan / hilak egin behar balu bezala / anfitrioiarena.” Edota joandako denboraren gainean: “Bizitza honek, zertan engaina, / ez du lehengoaren zaporerik.” Hamaika konturi buruz, azken batean. Baina beti ere, ezaugarri nagusitzat, minimalistek aldarrikatu zuten less is more printzipioari fidel izanik. Apal gainera. Zintzo. Bilduma irekitzen duen poemak erakusten digu ibiliko dugun bidea. “Minimal prortrait” du izena: “Geografiaz, asimetriko; / eguraldiz, nahasi. / Mapaginean beti. / Neure burua deskribatzeko, sobera hamabost hitz.”
Gogoan dut gustatu zitzaidala Batak ez du bestea kentzen. Poema liburu txukuna iruditu zitzaidala, alegia. Ezjakintasunak ere haren parean dagoela iruditzen zait, haren mailan, baina koska txiki bat beherago, akaso. Motibo zehatz batengatik: aurreko bildumak eragin zidan hasierako sorpresa efektua, hasierako aire fresko atsegin hura oraingo honetan ezagun egin zaidalako. Hala ere, azpimarratu beharra dago, gehiago dira liburuaren alde onak. Aitzitik, liburu hau konfirmatzera dator Gerardo Markuletaren poemagintzaren osasun ona. Eta ezin zaio ukatu euskarazko letretan, poesian batez ere, bide apartekoa egiteko ausardia. “Ahots propioa” aipatzen da horrelako kasuetan. Bada, horixe bera, Ezjakintasunak honen altzoan epela aurkituko duela horren bila dabilenak.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez