kritiken hemeroteka

8.675 kritika

« | »

Marearen erraietan / Jose Inazio Basterretxea / Alberdania, 2006

Ravelen musikaz Ibon Egaña / Berria, 2007-02-04

Marearen erraietan izenburua irakurri eta, ez daki hala behar lukeen, baina melodramarako prestatu da irakurlea (areago izenburua gaztelerara itzulita imajinatu duenean, telenobelarako egoki). Liburua bukatu eta izenburuaren nolakoak batzuetan informaziorik ematen duela otu zaio. Hala irakurri du liburuko azken kapituluan: “Demagun Ravelen musikak gora egin duela, konpas luze horietako batean dagoela, marrubizko oihal bat dela musika-notei eusten dien pentagrama, eta airera askatu duela Iruneren ilea orkestrak isurtzen duen graziaren dohain miragarriak”. Eta, beherago, azken paragrafoan: “Beltza zuri egin da. Ilargia, Eki. Eta musika, dantza”. Melodramaren definizioa bilatu du orduan irakurleak, eta jatorrian musikaz lagunduriko atal sentimental ugari dituen teatro pieza dela irakurri du. Orduan ohartu da Basterretxearen honetan ere musikaz (edo beste hitzez esanda eta literatura idatzira etorriz, hitz hanpatuz, esaldi biribilez) areagotzen dela maiz eszenen sentimentaltasuna, hunkigarritasuna. Eta irakurleari iruditu zaio horrek, berak literaturaz dituen ideien arabera behintzat, iruzurretik baduela zerbait.

Argumentuak ere, jakina, zerikusirik badu horretan, eta hark ere badu melodramatik, ez gutxi. Gaixo terminala, mutil-lagunak utzi berri duen neska haurduna, hilurren den gizonaren umea sabelean daramana (François Ozon-en Le temps qui reste filma gogora ekarriz), gauetik goizera lagun min egin diren emakume bi… pertsonaiak eta egoerak salatzen dute liburuaren melodramarako joera. Kontrazalean esaten zaigu “kontakizunak narrazio zinematografikoaren usaina” duela, eta teknika narratiboetan bainoago (fragmentazioa, agian?) film mota batean (eszena hunkigarrietan musika ozen jartzen duten horietan) ohikoak diren argumentu, motibo eta egoeretan antzeman du irakurleak eragin hori.

Melodramak ez du prentsa onik, egia. Baina zergatik hala? Pentsatzen jarrita, klixeetara, egoerak bortxatzera eta hunkitzeko iruzurtxoak egitera jotzen duelako ote den etorri zaio irakurleari. Eta horietarik badela liburuan. Klixeak, adibidez. Ez soilik egoera eta pertsonaiak sortzerakoan, ezpada prosa baliabide zenbaitetan eta baita ideietan ere. Liburuaren indarguneetako bat dira egoera zehatz, muturreko eta gogorretatik abiatuz idazleak proposatzen dituen hausnarketa eta gogoetak (liburuari saiakera kutsua erantsiz sarri), heriotzari buruz (bereziki), gaixoaldiaz, bakardadearen inguruan… bizitzaren alderdi ospelaz, finean. Baina indargune eta erakarle izan daitekeen hori gogaikarri bihurtu zaio hainbatetan irakurleari, ohiko ideietan eta esanahiz ia hustutako esaldietan barrena abiatzen denean, batez ere: “heriotza, beraz, naturala da: jaio garenez, hil egingo gara”, “eritasun sendaezina baita heriotza”, “labarretako loreen ihesa, horra amodioa zer den…”.

Edonola ere, prosarako dohainik badu Basterretxeak, eta deskribapen eta irudi poetiko ederrak badira liburu honetan (Bartzelonakoak izan zaizkio laket irakurleari), baita ongi dosifikatutako informazioa ere, intriga hari bat mantenduz; baina, erritmoaren aldetik desorekak badirela, eta ahots narratiboetan idazlearena gehiegi gailentzen ote den ere iruditu zaio irakurleari (haien aipu eta gustu literarioak behartuxeak ez ote diren, besteak beste).

Eta hala ere, zenbait unetan astuna egin arren, gustura irakurri ditu irakurleak Marearen erraietan nobelaren hainbat atal. Besteren heriotzak, gaixotasunak, bakardadeak hunkitu egiten gaituelako agian, edo eta hala ere bizitzari alde baikorra (musika) aurkitzen dioten istorioek negar eragiten digutelako, iruzurrak iruzur.

Azken kritikak

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak