kritiken hemeroteka

8.810 kritika

« | »

Txoria / Oh Jung-hi (Juan Kruz Igerabide) / Alberdania, 2006

Sukaldetara jolasten Aritz Galarraga / Gara, 2007-01-13

Apustu txiki gisa aurkeztu zituen Alberdania argitaletxeak Michael Morpurgoren Peaceful soldadua eta eskuartean dugun Oh Jung-hi korearraren Txoria. Euskaraz gaur egunean (eta iraganean ez bezala) itzulpen dezente argitaratzen da eta, garrantzitsuagoa dena, dezenteak. Literatura Unibertsalaren bildumarekin egiten ari diren lana dugu, akaso, adibiderik behinena, baina ezin ahaztu literatur Nobel saridunak euskaratzeko antolatzen den Jokin Zaitegi saria edo joandako azken urte honetan izandako sorpresa atsegin eta bakanak, Paul Auster-en itzulpen “aldiberekoa” edota Groucho Marxen autobiografia, horien artean. Peaceful soldadua eta Txoria eleberriekin, gazteleraren filtrotik iragazi gabeko bi lan eta bi autore ezezagun ekarri nahi izan dituzte euskarara. Arriskuak hartzeko tarterik badagoenaren seinale. Seinale ona.

Oh Jung-hi idazle korearra euskal irakurlearentzat orain arte ezezaguna izan bada ere, frantsesez, adibidez, lan bat baino gehiago argitaratu diote: hortxe daude L’âme du vent, Le chant du pèlerin edota La pierre tombale. Izan ere, gehien itzultzen den idazle korear garaikidea omen da Oh Jung-hi. Korea Japoniaren kolonizaziopean zelarik 1947an Seulen jaioa, gerrak eta diktadura militarrak eragin handia izan zuten gerora idazle izango zenaren haurtzaroan. Eta noski, haur garaian bizitakoek isla izan dute haren lan literarioetan, baita Txoria honetan ere, ezkutuko bortizkeria eta mututasun agerikoa kontakizun osoan zehar dabiltzan gaiak dira eta.

Urrutira joan gabe, Txoria eleberri laburreko protagonista nagusia haur bat da: Umi izeneko 11 urteko neskatila. Ama hilik eta aita etxetik kanpo beti, kontakizunaren erdialdera (irakurleak igarriko dionez) betirako alde egiten duen arte. Uil 9 urteko neba txikiaren ardura dauka beraz, neskatilak. Bizilagunak ere badituzte, “maizterrak denak, gu bezala”. Yi jaunaren etxearen ondoan, Mun bikotea bizi da. Etxejabeen etxean, “emakume zahar etxejabea, bere alaba elbarri Yonsuk-ekin, eta alabaren senarrarekin”. Gurasorik gabe, neba-arrebek aurrera atera behar dute bizimodua, nolabait atera behar ere, auzokoen begirada errukitsupean bai, baina benetako elkartasun keinurik gabe.

Liburuko protagonista nagusia da Umi neskatila eta, aldi berean, narratzailea. Ondorioz, 11 urteko gaztetxo baten ikuspuntutik jasoko dugu kontakizun osoa. Horrek batzuetan agerian utziko du narratzailearen inozentzia: “jaiotzen denik desagertzen ez bada, zer gertatzen da ba hildakoekin? Zaharrak ume jaioberri bihurtzen ote dira, bizitza berri bati ekiteko?”. Baina besteetan, hasiera batean uste baino pasarte gogorragoak eskainiko dizkigu, inguruan bizi duen biolentzia giroa bere anaia txikiarekin errepikatzen duenean, esaterako. Gorantz datorren eleberria baita Txoria, hasierako irakurketa lasaia, sotilki tenkatu egiten baita istorioak aurrera egin ahala. Modu oso iradokitzailean hori bai, gauzak bistan utzi baino iradoki egiten baitira nobela honetan.

“Sukaldetara jolastea da bizitzea”, Umik esaten duenaren arabera: “lurra trastez beterik ipini, eta, nahikoa jolastean, eguzkia sartzeko garaia da laster. Orduan, jostailuak utzi, eta etxera itzultzen da norbera. Bizitza horixe da, hain zuzen”. Sukaldetara jolasten dira Txoria liburuko pertsonaiak. Bizi direla, alegia. Guk, aldiz, pertsonaia horien bizitzen bidez ezagutuko dugu bizitzaren alde garratza eta, bide batez, korear literatura garaikidearen izen garrantzitsua den idazle baten lana. Seinale ona.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak