« Deserria | Itsuskeria vs. edertasuna »
Erretzaileen eremua / Jon Alonso / Susa, 2006
Kontraesanak Aritz Galarraga / Gara, 2007-01-06
Erretzaileen eremua ipuin bildumarekin genero berri baten lurrak zapaldu ditu denetarik pixka bat idatzi duen Jon Alonsok. Harritu ninduen hasiera batean datu hori ezagutzeak, idazlearen ezaugarrietarako eremu aproposa zela irizten bainion ipuingintzari. Baina ez, orain artean nobelak, saiakera-nobelak, rapsodia-nobelak eta generoen etiketa zaharkitu oro gainditzen dituzten literatur lanak argitaratu izan ditu Alonsok, gogoan gordetzekoak horietarik asko gainera. Lehen narrazio lan honetan, beraz, norabide anitzeko 13 ipuin aurkituko ditu irakurleak, hasierako usteak konfirmatuz, idazlearen ipuingintzarako balioa agerian uzten dutenak. Ikus ditzagun liburuaren nondik norakoak.
Narrazio laburrok (dozena bat orrialde gehien jota) norabide anitzekoak direla esatearekin, gaien aldetik aniztasun handia dagoela adierazi nahi nuen. Badira (gehiengo izan ere) politikarekin aldez edo moldez zerikusia duten ipuinak (lehen hirurak esaterako: “Etxe erosia”, “Liderra”, “Zamaria”). Badira torturaren (“Euskara izan”), espekulazioaren (“Gizona teilatu gainean”) edota enpresa gora-beheren gainekoak (“Errealitate aldakorraren ezpalak”). Badira eite diferentekoak egiten diren bi, zahartzaroari buruzkoak edo, drama familiar garaikidearen traza hartzen dutenak (“Izeba Matilde” eta “Eulia azaroan”). Ezagun egiten diren istorioak guztiak ere, irakurleari gertu-gertuko izango zaizkionak.
Baina gaien zerrendapen hutsean geratzea erabat anekdotiko litzateke, idazlearen nahia, intuitzen dugu, askoz urrutirago iristen baita. Narrazio guztion gainetik badabil zera komun bat, bildumari halako batasun bat ematen dion ideia bat: izan ere, gaur egungo gizabanakoaren eta, ondorioz, gizartearen kontraesanak agerian uzten dituzten narrazioak dira liburu honetakoak, XXI. mende hasierako euskal gizartearenak, baina ikusmira orokorrago batean, baita mendebaldeko gizarteenak ere. Hau guztiau, kontuan izanda interpretaziorako tarte handia uzten duen liburua dela Erretzaileen eremua, hamaika irakurketa eskaintzen dituena.
Kontradikzio horien haragiztapen gisa, ipuinotan barrena agertzen diren pertsonaiak genituzke. Grosso modo, bi klaseetakoak bereizten ahal dira: errealitatearen aurrean faltsu eta koldar agertzen direnak batetik, eta duintasunari eusten diotenak, bestetik. Azken hauek lirateke, agian, erretzaileen eremura mugatu nahi dituzten erresistenteak eta ipuinotan zehar horien errebindikazio moduko bat ere badagoela esango nuke: etxea eraitsi aurretik teilatura igotzen den Santos edota aitaginarreba zaintzen duen Valentina, esandakoaren adibide. Txanponaren beste aldean, hainbat putakumerekin ere egingo dugu topo eta, esan behar, pertsonaia horiek modu trufarian agerrarazten dituela Alonsok. Nola ulertu bestela “Errealitate aldakorraren ezpalak” ipuineko sindikalistari Armani izena jartzea?
Horrela, gaur egungo garaiari nahiz iragan hurbilari egindako errepaso zorrotza da Jon Alonsoren estreinako ipuin bilduma. Eta ondorio gisa, sententzia bat baino gehiago atera daiteke. “Nola aldatu diren garaiak” irakurtzen ahal da “Zamaria” narrazioan, edota “jende zenbait —gero eta gutxiago, egia esan, eta eskerrak— gauzen berezko ordenaren aurka oldartzen tematzen den arren”, “Le bon sauvage” izenekoan. Baina esperantzarako zirrikitu bat uzten duena, era berean. Zalantzarik ez dago, aldiz, hurrengo sententzian: euskal ipuingintzaren une gozoa konfirmatzera dator Erretzaileen eremua bilduma. Ez zaio damutuko bertara hurbiltzen denari.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi