« Kontraesanak | Mikrohistoria »
Loti ederrak / Yasunari Kawabata (Ibon Uribarri) / Alberdania-Elkar, 2006
Itsuskeria vs. edertasuna Ibon Egaña / Berria, 2007-01-07
Haruki Murakamiren eleberriak akuilu eta must berri direla, Japoniako literaturarekiko interesa (ber)pizten ari denotan, Yasunari Kawabataren Loti ederrak dakar Literatura Unibertsala bildumak euskarara; Yukio Miximarekin batera XX. mendeko literatura japoniarraren gailurtzat hartua den idazlearen lana. Urte parea duela, hitzetik hortzera ibili zen liburu honen eta egilearen izena, Garcia Marquezek Memoria de mis putas tristes nobelatxoa idaztean inspirazio-iturritzat (sotilki esatearren) hartu baitzuen Kawabatarena. Zer ote da, bada, Mendebaldeko irakurlea (eta idazlea, eta zinemagilea) Kawabatarengana erakartzen duen indar hori? Exotismo hutsa, moda? Ala sakonagoko zerbait?
Ezin uka exotismoak, ezezagunarekiko mirak erakartzen ez duenik irakurlea Kawabatarengana, argumentua aurkezte hutsez ziurrenik: Egutxi agureak “loti ederren etxera” egiten dituen bisitak dira nobelaren ardatz, hots, gizon adinduei emazte lokarrarazien ondoan lo egiteko aukera ematen dien etxe berezira agureak eginiko sartu-irtenak. Morboa eragin dezakeela bai, baina nolaz eusten dio duen indarrari Kawabatak bigarren, are hirugarren irakurraldian?
Batetik, giroak sortzen, narrazioarentzako espazioak, eszenatokiak sortzen maisu da idazlea. Usaimen, ukimen, ikusmen eta entzumena ernarazten dizkio Kawabatak irakurleari, sarrarazi egiten du apurka loti ederren etxe horretan. Ñabardura txikiak, ingurune itxuraz sinple baina sakonean konplexua marrazten duten detaile ñimiñoak deskribatzen abila da Osakakoa (eta xehetasun horiek mantentzeko ahalegin eskergarria egin du Ibon Uribarri euskaratzaileak, bidenabar).
Bestetik, gizateriaren sakon-sakoneko gaiak ekartzen ditu hizpidera Kawabataren eleberriak. Edertasunaren eta itsuskeriaren arteko talka, esaterako. Neska birjina lokartuen edertasun huts, purua, heriotzatik hurbil dagoen oreka (prerrafaeliten emakume-irudikapenak gogoraraziz) aurrez aurre ezartzen da agureen gainbehera fisiko eta moralarekin, eta itsuskeriarako, gaiztakeriarako duten tentazioarekin; munduaren desoreka estetikoa (eta etikoa) bistaratzen dute, hala, enkontruek. Era berean, denboraren joanaren, zahartzaroaren dekadentziaren eta heriotzaren presentzia tematiaren testigantza gordina da Loti ederrak, heriotza tragediarik gabe bizi den zerbait gozo eta erakargarri bezala aurkeztuz maiz, ustekabeko kolpe ekidinezin bestetan; haren izaera anbibalentearen lekuko, edonola ere.
Bestalde, onaren eta gaizkiaren arteko mugaz ere eginarazten du gogoeta Kawabatak, protagonistaren gatazka moral eta etikoak gidari hartuta. Egutxi agureak loti ederren konpainian dela, bizitzan zehar emakumeekin izan dituen harreman gehienetan (ez beti) erotikoen errepasoa egitean (non emakumea beti den sexurako objektu) azaleratuz doaz zalantza etikoak: itsuskeria ote bi haurren ama den emakume ezezagunarekin larrua jo izana? Gatazka moral hauei ematen zaizkien erantzunak (kode etiko mendebaldarraz kanpokoak), baita heriotzaren aurreko jarrera anbibalenteak edo gizon-emakumeen harreman modu diferenteak ere egiten dute erakargarri liburua hemengo begietara. Halaber, tentsioa, larridura modu mailakatuan (eldarnioa eta errealitatea, amesgaiztoa eta egia nahasiz maiz) areagotzeko duen trebeziari zor dio lanak berea duen goren maila.
Irizpideak garbi zehaztuta (ikus hitzaurrea), jatorrizkoaren ñabardura aberatsekiko fideltasun handiz baina hartzaileari lana malkartu gabe (ikus glosarioa), mimoz egindakoa da Ibon Uribarriren euskaratzea. Ez zuen liburuak gutxiago merezi.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi