kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Tolerantziaren gaineko disertazioa / Xabier Agirre / Pamiela, 2006

Tolerantzia, gaur eta atzo Ibon Egaña / Berria, 2006-12-31

Erlijioak hala eskatuta eskolara buruko zapiarekin joaten den neska musulmana. Animaliarik eta haien esplotaziotik eratorritako jakirik hartzen ez duen beganoa. Gurasoek adostu eta hitzartutako mutilarekin ezkontzera behartuta dagoen neska, eta honen aurrez aurre, zinema pornoa lanbide duena. Bere bizitzari amaiera ematea erabaki duen gaixo terminala. Demagun. Zerrenda luza liteke etengabe, eta motz geratuko ginateke gaurko gizartearen izaera askotarikoa, ñabarra irudikatzean. Horietako zenbait aipatzen ditu Xabier Agirrek Tolerantziaren gaineko disertazioa saio interesgarrian. Ezin ukatuzkoa da gaurkotasun handiko eta ertz askotako gaia hautatu duela Agirrek bigarren saio-lan honetan, asko baitira goian zerrendaturiko adibideek gizarteari eta banakoari dakarzkieten galderak: Non hasi eta non bukatzen da norbere askatasuna? Zein leku du nortasun kolektiboak kosmopolita izan nahi duen gizartean? Non dago onargarritasunaren eta tolerantziaren muga?

Banako bezala, gizarteko partaide bezala, izan ohi dugu iritzirik eta jarrerarik halako egoeren aurrean, “sentimendu sinpleekin” lotuta, Agirreren arabera: beldurra, jakin-mina, mespretxua… Baina jarrera indibidual hauek badute isla sozial bat, eta baita, gehienetan, nola-halako elaborazio intelektual bat ere. Izenburuak iradokitzen du zein den egilearen ustez gizarte anitz horren kudeaketan ardatz behar lukeen balioa: tolerantzia, elkarren aitortza eta onarpena. Abiapuntua hori izanik, gaurko gizartearen gaineko jarrera eta apustu zehatz bat, elaborazio intelektual oso batez jantzia, eraikitzen du Agirrek, kontzeptuaren bilakaera historiko eta filosofiko oso, zehatz eta aberats bat bidelagun duela.

Izan ere, gaurkoa iruditzen ahal zaigun arren, ez da berria gizarte kulturanitz eta ñabarren existentzia, ezta haien kudeaketaren eta antolamenduaren gaineko kezka ere. Alexandriaraino egingo du atzera denboran saiogileak, ordukoan greziarrak, juduak eta egiptoarrak “harmonian” bizi zirela erakustera. Hortik aurrera, historian zehar tolerantziaren aldeko jarrerak non, nola eta zergatik azaldu ziren argitzen doa Agirre, eta jarrera horien justifikazio teologiko, ideologiko eta filosofikoak aletzen, bikain uztartuz batak eta besteak. XVI. mendeko erlijio gatazkek ereindako Europara etorrita, tolerantziaren aldeko aldarri “praktikoa” (harrigarri gertatu zaiona irakurle honi) azaltzen du egileak: kristautasunaren batasuna eta estatuaren indartzea bilatzen bide zuen erlijio askatasunaren onarpenak duela bost mende. Beranduagokoak, Lockez geroztikakoak dirateke, hartara, tolerantziaren aldeko teorizatze mamizkoagoak, helburu ez hain praktikodunak. XVII. mendetik aurrera, borondatezko erlijiotasunari eta egia adostasunezkoari irekiko zaizkio ateak, eta, hala, tolerantziak (politikarako behar praktiko moduan nahiz formulazio filosofikoaren mailan) espazioak bereganatuko ditu.

Locke, Voltaire, Kant, Huntington… baina batez ere Rawls, Raz eta Kymlick bidelagun dituela, ideien ibilbide historikoa eginda, tolerantziaren gaineko bere tesia eta ideiak plazaratzen ditu Agirrek: gutxiengoen errespetua oinarri behar duela gizarteak, egia/gezurra planteamendu binarioa gainditu behar duela, eskubideen aitortzak ezin duela ahantzi dimentsio kolektiboa, eremu politiko “hutsa” eraiki beharra dagoela, baina kultura guztiak maila berean ez daudela kontuan hartuta… Teorizazio sendo eta erabatekorik ezean, tolerantzia jarrera bezala, are jarrera praktiko bezala aurkezten eta defendatzen du eibartarrak.

Txukun dokumentatuta, ibilbide historiko eta ideologikoa artez josita, interesa mantentzen duten hariez josia, eta modu dibulgatiboan idatzia, gaur-gaurkoa bezala antzinakoa den gai bati behar bezalako sakontasunez heltzeko lanabesak jartzen ditu eskura Xabier Agirreren saiakerak.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak