kritiken hemeroteka

8.546 kritika

« | »

Bestiarioa. Hilerrikoiak / Karlos Linazasoro / Elkar, 2006

Ateko bandan jitoan Manu Lopez Ganseni / Gara, 2006-12-02

Proposamen bitxia eskaini digu Karlos Linazasorok bere azken liburu honetan, lan-utzialdian dagoen Karlos izeneko liburuzain baten ahotik. Karlos liburuzain horrek literaturaren harra darama erraietan, Karlos liburuzain hark bezala. Literaturaz gaixo dagoela esan liteke. Eta hasia da ispilu-jolasa.

Duela ez hainbeste, elkarrizketa batean, Karlos liburuzainak esan zuen idazle batzuek (errealismoaren irudikeriak jota?) bizi izandakoaz idazten dutela, baina berak irakurritakoaz idaztenduela. Oso koherentea liburuzain batentzat, pentsatuko du norbaitek; baina kontua ez da dirudien bezain sinplea.

Liburu honetan, Karlos liburuzainak Karlos liburuzain bat jarri du protagonista eta narratzaile, hau da, egileak bere burua fikzionalizatu du narrazioaren barruan (autofikzioa deitu zion Iratxe Retolazak), baina ez kanpoko errealitateko abentura bat kontatzeko, literatura barruko abentura bat kontatzeko baizik: idaztearen abentura.

Hori dela eta, testu hori klabe errealistan irakurriko duena harritu egingo da: ez delako, inola ere, testu errealista. Idazle errealistek fikzioz mozorrotzen zuten errealitatea; Karlos liburuzainak, berriz, errealismo apur batez jantzi nahi izan du (meta)fikzioa.

Liburuko protagonistaren helburu nagusia nobela bat idaztea da; berez ez du behar, bere bizitza literaturaz egina dagoelako; eta, azkenean, nobela bat ez, bi idatziko ditu (oso bereziak, egia esatera): liburuari izena ematen diotenak.

Diodan legez, dena da literarioa liburu honetan: euskal literaturaz dezente dakiten mus jokalari langabetuak, figura literarioen bidez mintzatzen den Hipermegatroskiko kutxazaina, literaturaz izugarri jantzita dagoen hondeagailu-gidaria, poeta ere baden tornularia, eta abar. Umorezko metaliteraturaren edozein antologiatan derrigorrez agertu beharreko pasarteak, nire ustez.

Karlos lan-utzialdiko liburuzainari idaztea eragozten dioten bizitza-gorabeheretan idazle ezagunen baten itzala ere agertuko da, eta nobela idazteari ekiten dion aldi bakanetan, berriz, iritzi literario interesgarriak botako ditu, hala nola: “Eta idazteko, gauza ororen gainetik, sosegua eta bakea behar dira, patxada eta isiltasuna… Besterik ez dela behar esango nuke, gainera. Gainerakoak, musak eta etorria eta sena eta ofizioa eta talentua eta inteligentzia, literatura huts besterik ez da, literaturari buruzko literatura (edo, nahi bada, metaliteratura)” (7. or.). Ispilua berriz ere.

Azkenean, idatziko dituen bi nobelak aforismo bilduma bana izango dira, animaliei buruzkoa lehena (“Bestiarioa”), heriotza gai hartuta bigarrena (“Hilerrikoiak”). Eta hauxe da, nire ustez, liburuko alderdirik ahulena: ez aforismo bilduma bera, Karlos liburuzaina aparta baita laburrean hitz eta esapideei bigarren eta hirugarren esanahiak ateratzen (ikusi, bestela, “Isiltasunaren adabakiak” aforismo bilduma bikaina), baizik eta aforismo horiek (meta)fikzioan txertatzeko modu bortxatu samarrean.

Linazasorok aukeratu duen literatura motak, hemendik kanpoko literaturetan ibilbide luze eta emankorra izan duen arren, oso tradizio urria du euskal literaturan; baina idazleak nahi duena idazteko askatasun aldarrikatzen du, eskubide osoz, nahiz eta horren ordaina, esana duen bezala, ehun irakurle izatea den. Gainera, aukeratu duen irakurle mota (ia ahaztu zait gazteentzako liburu bat dudala hizpide) ez da, oro har, literatura hori behar bezala balioesteko publikorik egokiena.

Izan ere, liburu hau Ateko banda izeneko bilduma batean argitaratu da. Solapan argitzen zaigu horren esanahia: “barkua portuaren eta itsas zabalaren artean dagoenean, itsas zabalerako aldean”. Metafora horrek ingelesek young adults deitzen dioten adin tarteari zuzenduta dagoela adierazi nahi omen du, bere kriptikotasunean. Nire ustez, gazte literatura delako horren barruan argitaletxeek egin duten zatiketa misteriotsua argitzeko master bat antolatu beharko luke norbaitek: Ateko banda honekin batera, Bihotz-taupadak, Bizi-taupadak eta Izu-taupadak bildumak aurki daitezke Elkar argitaletxean bertan; Perzebal, Bioleta saila eta Oroimenean barrena ditugu Erein argitaletxean, eta abar. Ematen du bildumak neurrigabe biderkatzen direla irakurle mota bakoitzaren bila. Aurkituko ahal dute!

Azken kritikak

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak