kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Nork bere ozeanoa / Xabier Etxaniz Rojo / Erein, 2006

Senidetza(k), isilpekoa(k), heriotza(k) Iratxe Retolaza / Berria, 2006-12-03

Hamaika bakardade-une, hamaika isilune testuratu ditu Xabier Etxaniz Rojok Nork bere ozeanoa bilduman. Narrazio hauetan irudikaturiko pertsonaia horiek guztiek bizi eta sortu duten ozeano hori, mundu-ikuskera hori dute muga eta bide, hertsigune eta zabalgune. Baina, pertsonaiarik gehienetan, ozeanoa ahalbide, murgiltze-bide eta zabalbide baino, itomen bilakatu da, nork bere bakardadean pausaturik, nork bere ezintasunean kateaturik, itolarrian. Dena dela, nor bere ozeanoan bizi bada ere, ozeano edota mundu-ikuskera hauen arteko aldea ez da landu, ez da harrotu. Eta Nork bere ozeanoa lelopeko bilduma batean deigarri gertatzen da pertsonaien beretasun hori astindu ez izana.

Azken buruan, pertsonaia hauen bizipenetan komunikaziorik eza da nagusi, zehatzago esanda, hitzezko komunikaziorik eza. Eta isilean ibili izanak edo isilean ibiltzeak sorrarazitako samina(k), sorrarazitako ezinegona(k) testuratu dira. Baina, hitzezko komunikazio horren gabezia narrazio hauetan guztietan, funtsean, harreman-gune jakinean irudikatu edo kokatu da: senideen arteko hartu-emanetan, senidetza funtsezko oinarri den harreman-egituretan. Hartara, bakardadeak sorturiko saminaz eta jendearen arteko inkomunikazioaz hitz egiteko literaturan maiz erabili den kokagune bertsura hurbiltzen dira narrazio hauek. Horretan ez dago berritasunik. Batzuetan komunikazio betegabearen kezkaz jarduteko bikotekide heterosexualen arteko harremanak ekarri dira testura, betiere bikotekideen arteko komunikazio falta edo komunikazio herrena azaleratuz, edota asebete ezina den komunikazioaren oinazeak mamituz. Gizon-emakumeen arteko bikote harremanak dira mintzagai Marrazkiak, Erantzun bakarra, Tanta ziztrin bat ozeanoan, Berandu, Burua lehertu zitzaigunekoa, Paperezko eskuzapiak eta Gorpuak, eskuak eta bihotza narrazioetan. Gehientsuenetan, hortaz. Maitaleen arteko harremanak eszenaratzen dituzten narrazio hauetan, ohikoak izan zaizkit eszenak, egunerokoak, garaikideak, eta agertoki ezagunetan ibiltzearen sentsazioa izan dut. Baina narrazio hauetan guztietan ere antzematen da jendearen arteko harremanen Logika pitzatzeko ahaleginik; alegia, maiuskulaz, maskulinoz eta esku zuriz idatziriko giza-harremanen Logikaren mamua pitzatzeko saiorik bada. Batzuetan, saioa arina da oso, esate baterako, Marrazkiak eta Gorputza, eskuak eta bihotza narrazioetan. Horietan, ahulagoa da lorpena. Beste batzuetan, aldiz, agertoki ezagunetan pitzadura ezustekoak sorrarazi dizkidate narrazio zenbaitek, hain zuzen ere, Tanta ziztrin bat ozeanoan eta Paperezko eskuzapiak narrazioek. Bi narrazio hauetan, Logika ezagunaren bidezidorretan abiatuz, eta haren neurriko agertokia eginez, bat-batean Logikaren L lodi, tinko eta egonkor hori arindu, malgutu eta hauskortu egin da, zalantzaren hazia ernalduz, Logika handia dardararaziz.

Gainerako narrazioek gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak dituzte mintzagai: Medikuaren alaba, Mertxe Lazaroren azken gutuna, To…!. Harreman hauek irudikatzean, badago tipiko-topikotik ihes egiteko saiorik: bi muturretan kokaturiko aita-alaba arteko isiltasuna (Medikuaren alaba); ama batek adoptaturiko seme-alabei mintzo zaie (Mertxe Lazaroren azken gutuna); aita batek oinordekotzaz hitz egiten die seme-alabei (To…!). Nire ustean, batez ere aipatzekoa da To…! narrazioaren azken kolpe eta urradura.

Bestalde, Munstroak eta paradoxak-en, beste guztietan oso-oso presente dagoen gaia jorratzen da: heriotza. Azken isilune hori, betirako isilarazten gaituen mamu hori. Hau ere Logika horretatik at. Ezin bestela, isilpekoez, isildurikoez hitz egiten duen bilduma batean, heriotzaren zama eta itzala etengabea da. Ahoskaturiko hitzak, idatziriko hitzak eta isilduriko hitzak, hirurak ala hirurak, denborari eta heriotzari aurre egiteko bide (eta muga).

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak