« Bizitza eredugarriak | Olerkari jeltzalea »
Dioramak / Patxi Iturregi / Elkar, 2006
Une gozo baina txiki askoren batura Ana Urkiza / Deia, 2006-12-05
Patxi Iturregi laudiotarraren hirugarren ipuin-bilduma da Dioramak. 66 ipuin laburrez osatutako liburu honekin, bizitza ulertzeko edo bizitzari beste modu batera begiratzeko gonbitea egiten digu egileak.
Zoriona une gozo baina txiki askoren batura dela esan ohi da. Hala literaturaren ekarpena ere: sekretu, bizipen, misterio, lilura eta plazer txiki askoren zaku. Iturregiren liburuak ez dakar diskurtsu zehatzik. Ez dator mundua azaltzera, ez salbatzera. Gizakiaren eta izadiaren txatal hainbat hartu, eta anekdota eta gertakari txikienetan hartu du arnas. Mezu txiki asko dakartza, artifizio anitz, eta guztiek osatzen dute menua, guztien artean osatzen liburua.
Iturregik eszenak irudikatu ditu. Egunerokoak izan daitezkeen gertaerak edo anekdotak. Eszena solteak, biluziak, geldiak baina biziak. Benetakoak diruditenak. Eszenak, alabaina, eskeletoak, gorputzak edo argazkiak direla esan liteke. Une izoztuak. Eta pertsonaiak argazki horietan harrapatuta gelditzen direla, ez aurrera, ez atzera. Irakurleak tarte bat sumatuko du narratzailearen eta kontakizunaren artean, zirrikituan berak sartu ahalko balu bezala.
Dioramak liburuak atal asko integratzen ditu bere baitan: egilearen ahots ezberdinak, ikuspegi anitzak, gertakizun pluralak… denak batzen eta bereganatzen ditu egileak munduaren berri dosi txikietan emanez. Dosi neurtuak eta orekatuak, tonu eta erritmo zainduz.
Ipuin fantastikoak baino errealistak efektistagoak gertatzen diren arren, ez dira bukaeran irabazi nahi duten ipuinak. Kritika eta ironia fina ditu bidaide egileak, bere lumaren ikur. Ikus iruditeria osatzen da Iturregi maisu. Zehatza deskribapenik xumeenetan.
Gertakaririk handienak eguneroko anekdota edo bizipen xumeak direla diosku egileak, gertakari txikiak direla bizitzaren gatza, benetako zoriona erdiesteko argi-izpi tranpatiak.
Iturregik txikitasuna ederresten eta magnifikatzen dakiela erakutsi digu. Betoz horrelako ipuin-bilduma gehiago, bizitzaren eta literaturaren altxor txikiak deskubritzen eta gozatzen jarrai dezagun.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria