kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Ezjakintasunak / Gerardo Markuleta / Alberdania, 2006

Poema minimoak Ibon Egaña / Berria, 2006-12-03

Historias mínimas titulu ederra eman zion Carlos Sorinek bere hirugarren film luzeari, filmak zekarrenaren eta bere zimena egiteko moduaren berri aurreratuz. Film haren izena eta izana (pertsonaiengana, errealitatera eta bizitzara eguneroko istorio, gertaera eta keinu txikien bidez hurbiltzeko apustua, handinahikeria guztietatik urrun) etorri zaizkit gogora Gerardo Markuletaren bosgarren poema liburua irakurri ahala.

Hauta-lanerako poemategia hartan jasotako Poetika III testuan ematen zuen poesiaz duen ikuspegiaren berri oñatiarrak: “Apenas den ezer/ poema bat:/ poxpolo baten itzala/ eguzkipean.// Poxpoloa amaitzean/ atzamarra erretzeko arriskuak/ bere horretan dirau, hala ere”. Ezjakintasunak bilduma honetan, berriz, arrakalaren eta zirrikituaren metaforaren pean birformulatuta aurkitzen dugu Markuletaren poetika: “Bestek idatziko du/ esan beharrekoa,/ ezin isilduzkoa,/ hitz derrigorrezkoa.//(…) Niri utzidazue/ zirrikituetan hatz/ egiten; zirrituak/ berba ziriz zauritzen.// Arrailduretan hazka,/ tartetik isur dadin/ ur, beldur, belar, argi/ edo indar izpi bat”. Zerbait txikia, iragankorra, pretentsio handirik gabea baina arrastoa uzten duena zen orduko formulazioan poesia Markuletarentzat; oraingoan ere, poetak beretzat zirrikitua aldarrikatzen du, ez ubide zabala, ez errepide nagusia.

Poesia, beraz, gai nagusiez ari bada ere, ahoberokeriarik gabe, tonu apaletan, txikitasunetik ari da, eta poetika horretara moldatuz joan da Markuletaren poesia, dela formaz, dela edukiz, Ezjakintasunak honetara heldu arte, non sotiltasun erabatekoa bilatzen duen, eta hizkuntzaren ekonomia guztizkoa. Formaz, bada, poemak sobran lukeen guztia ezabatzera jo du Markuletak, poema minimoak egitera, eta haiku edo epigrama formako poemetara hurbildu da atal zenbaitetan. Edukiz ere, bizitzaz, heriotzaz, maitasunaz aritzeko tonu apalak hobetsi ditu: keinuak, uneak bildu poemara, hitz-jokoak, umorea, ironia fina lagun hartuta. Surrealismoaren irudi-pilaketarekin irakurlea txunditzeko asmotik urruntzen da Markuleta; baita metafora, sinbolo eta irudi jasoekin goi-arnasadun poesia lirikoagoa egiteko intentziotik ere, eta biluzik -hainbatetan bertso-era neurtuaren jantziak babestuta- ematen ditu hitzak. Berezko bide eta ahotsa darabil Markuletak; beraz, euskal poesiaren joera orokorretatik bereiz xamar; alabaina, agian horrexegatik, ez du ustekabe handirik hartu irakurle honek poema bilduma honekin, Batak ez du bestea kentzen hartako zenbait irudi eta teknika errepikatzen baitira hemen ere: kontraste eta paradoxarako joera, hoskidetasunekin jokatuz hitz-jokoak egiteko jaidura…

Bost ataletan banatuta, eta ura motibo errekurrente dela, edukiz eta formaz diferenteak diren poemak batu ditu egileak liburura: Ezjakintasunak atalean, poetaren ni-a munduan kokatzeko ahalegina egiten da, munduaren aurrean sentitutako zalantza eta desegokitze sentimenduei lekua eginez, zu-arekiko elkarrizketa abiatzen da bigarrenean, maitasunaren ezina eta absentzia ironiaz goxatuz, (k)haikuak biltzen ditu hirugarren atalak, umore kolpedun epigramak laugarrenak, eta literaturaren eta poesiaren gaineko hausnarketa azkenak.

Ez da, baina, arriskurik gabea Markuletaren apustua. Izan ere, non dago poema “minimoaren” muga? Zenbateraino soildu eta sotildu daiteke poema poesia izateari utzi gabe? Non dago transzendentziarik ez bilatzearen eta hutsala dena poema gai egitearen arteko muga? Izan ere, erabateko soiltasuna bilatzen denean, biluzik ematen den horrek berezko indarra behar luke (irudi ahaztezina haikua denean, ingenio-kolpea epigraman…), eta, anitzetan lortzen badu ere, beste hainbat poemaren aurrean “…eta?” galdetzen zion irakurle honek bere buruari. Bide berezkoa eta biluzia hautatu izanaren ajeak, agian.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak