kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Ragga-ragga dator gaua / Paddy Rekalde / Susa, 2006

Estetika vs estetika Ibon Egaña / Berria, 2006-10-29

Kapitalismo berantiarraren markoan garatutako garai postmodernoak hiriari ekarri dizkion tasun berriak (identitatearen galera, historiaren ukazioa, azalekoaren eta estetikaren garrantzia, marketin urbanoaren nagusitasuna…), gaurko Bilboren kudeatzaileek bere egin dituztenak, irauli eta bestelako hiria, bazterreko Bilbo, marketinak ezkutatzen duena, erakusteko saioa dakar, beste behin ere, Paddy Rekaldek, lehenago poesia moldeetan Bilbo dub kronikak lanean egin bezala, eta beste hainbat idazlek landutako estetika eta bideetatik hurbil (Sonia Gonzalez, Edorta Jimenez, Urtzi Urrutikoetxea…).

Guggenheim, Puppy, Euskalduna eta Gehry, Foster, Isozaki izenekin identifikatzen den hiri ereduaren aurrean, marjinalitatean, bazterrean, argazkitik kanpo dagoen hiriaren erretratua eskaintzen du Rekaldek, eta horretarako boxeolari ohi batek, Joxanek, Bilbora egiten duen itzuliaz baliatuko da, haren begietatik beste hiria erakutsi, esan eta izendatzeko. Bilbo Zaharra, San Francisco, Zazpi Kaleak dira beste hiri horren izen ikurrak. Espazio zehatz eta mugatu horretatik begiratzen eta esaten da hiria. Artifizialtzat jotzen den hiri ereduaren aurrean benetakoa erakusten. Eta benetakotasun horren osagaiak ezagunak dira euskal irakurlearentzat: putak-jonkiak-etorkinak-euskal militante abertzaleak. Konbinazio bitxi (eta errepikakor) horretatik sortzen da hiri marjinalaren deskribapena, galtzailea eta biktima protagonista direla. Biktimak dira, izan ere, hiriko paisaia humanoa marrazten duten pertsonaiak, sistemaren biktima era batean edo bestean, eta horrek batzen eta berdintzen ditu, baina baita lautzen ere, zeren, etorkinak edo prostitutak Bilboren dekoratuaren parte bezala aurkezten dira, dekoratu hitzaren zentzurik literalenean.

Hirugarren pertsonan Joxanen orainaz eta iraganaz mintzo den narratzailearekin batera, Rekalderen nobelak Txirene irrati librearen emankizun atalak tartekatzen ditu, hari hainbat kapitulu eskainita, ahots kolektiboari lekua eginez, eta haren esku utziz zuzeneko kritika soziala eta diskurtso politikoa, panfletora hurbiltzen den ñabardurarik eta kontraesanik gabeko jarduna. Etorkinei europarrok egiten diegun mespretxuaren salaketarako bidea dira Txirene irratiaren atalok, baina baita musika (batez ere beltz) eduki politikodunari tarte egiteko aitzakia ere, dub, ska, reggae, punk doinuak nagusi direla. Atal hauek, hala, gehiago dira estetika bat, nahiago bada pose bat markatzeko eta irudikatzeko baliabidea, eztabaida, zalantza eta konfliktoaren pizgarri baino.

Testuinguru horretan, Joxan boxeolari ohia Galiziatik itzuli da Bilbora aitaren heriotzaren kariaz, eta itzulera horretan iraganeko lagunak topatu ahala, iraganaren hautsak harrotuko zaizkio, harik eta aspaldiko mamu eta egonezinek mendekura bulkatzen duten arte. Tartean, koraletik zerbait baduen nobela honetan (Urrutikoetxearen Auzoak harekin badu horretan antzik), hainbat pertsonaiaren ahotsak eta istorioak tartekatzen doaz, zinematik hurbil dagoen plano-aldaketen teknika ongi baliatuz, eta erritmo bizi-azkarra emanez narrazioari. Alabaina, agian koraltasun horrek eraginda, garapenik eta barne-gatazkarik apenas sumatzen zaie pertsonaia nagusiei, eta liburua gustura irakurtzen bada ere, irakurle honek ez du nabaritu tentsioa eta gatazka areagotzen, eta horregatik begitandu zaio amaiera prebisiblea ez ezik justifikatu gabea.

Finean, hala hiriaren deskribapena egitean, nola pertsonaien garapenean zein diskurtso kolektiboa garatzerakoan, lehentasuna estetika (underground) bat garatzeari eman zaiola begitantzen zait, eta hiriaren estetizazioari kritika egin nahi dion liburua dela kontuan izanik, harrigarria behintzat bada.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak