kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Enpleguaren arbola / Pablo Sastre / Susa, 2006

Mixa eta konpainia Aritz Galarraga / Gara, 2006-10-28

Egia da bai, Mikhail I., Mixa, etorkina dela. Errusiarra, gehiago zehaztearren. Pablo Sastreren azken nobelako protagonistak 26 urte ditu eta Andoainen urte eta erdi darama. Orain, gainera, insertzio soziolaboraleko programa bat egitera behartu dute, industria garbiketaren sektorean, jasotzen dituen dirulaguntzak kenduko dizkioten mehatxupean. Lerro hauen irakurleak, beraz, erraz imajina ditzake Enpleguaren arbola honen nondik norakoak eta ez da askorik okertuko: kanpotik etorritako lagunaren ibilerak eta herrenak aurkituko dira liburuan. Nobelaren ekarpena horretara mugatzea, ordea, eskaintzen dituen irakurketa ugariak murriztea litzateke, irakurle honen irudirako.

Ezen nobelan aurrera eginez gero konturatuko baikara Mixa ez dela narrazio honetako protagonista bakarra, etorkinen gaia ez dela maneiatzen den bakarra. Insertzio programan lankide dituen pertsonek osatzen dute liburuko pertsonaia zerrenda: Anselmo, mutil onkotea, zakar antza; Neila, kolonbiarra bera, hauskorra; Gloria, familia ez oso bazterreko batekoa; Mamen, Mixa bezala —“Ez baldin bazatoz…”—, mehatxatu dutena; eta Meltxor, gorri ez naturaleko aurpegidun morroia. Eta hauekin batera Koska ere aipatu beharko genuke, Mixa egun batzuez bere bajeran hartu zuen Andoaingo laguna. “Harekin herrian ibiltzea esperientzia bat aldi bakoitzean”, protagonista nagusiaren hitzetan. Guztien artean osatzen dute Sastrek erakutsi nahi digun gizartearen geruza apalenaren freskoa (termino piktoriko bat erabiltzearren) eta parametro horietan barrena ibiliko da eskuartean dugun nobela.

Noski, horrelakoetan ez da zaila izaten guztion eskura dauden estereotipoak aplikatu eta gaiaren azalean geratzen den lan bat egitea. Baina Enpleguaren arbola-rekin asmatu egin du Pablo Sastrek, inolako klixe bortxatutan erori gabe kontakizun sinesgarria harilkatzea lortu baitu, goitik behera: etorkin aingerutarraren eta “bertako” deabruzkoen estereotipoak (edo justu alderantzizkoak) albo batera utzita, bigarren mailako pertsonaien zuzentasunarekin hautsita, eguneroko bizimoduan aurkitzen diren pertsonak ekartzea lortu du idazleak. Eta maila berean kokatzen ditu denak, den-denak, bertako zein kanpoko, kanpoko nahiz bertako, eta onartzen badidazue, guztien arteko nolabaiteko berdintasun unibertsala aldarrikatu ere aldarrikatzen da orriotan.

Modu berean, ezin aipatu gabe utzi Sastrek istorioa (edota istorioak, nahi bada) kontatzeko erabili duen modua. Berezia oso. Kontrazalak hala dio: “Mixak berak idatzitako kontakizuna ekarri du Pablo Sastrek nobela honetara”. Kontu hau ere labainkorra izan zitekeen eta zalantzagarria, irakurlearen begietara. Baina errusierazko hitzak tartekatuz, “euskaraz jatorrizko testuan” edota “errusiar pisu neurria; pud batek: 16,38 kg” gisakoen oin-oharrak txertatuz, Mixa balizkoaren balizko hizkera narratzaileari bikain egokituz, egiantzekotasun erabatekoa lortu dela iruditzen zait, bai nire ustean bederen. Hainbat momentutan, gainera, Leo Bassiren gorotz janarekin gertatzen zenaren antzera, errealitate eta fikzioaren (Bassiren kasuan, teatraltasunaren) arteko muga lausoa etengabe zeharkatzen ariko banintz bezala sentitu naiz.

Esan daiteke, beraz, Enpleguaren arbola ez dela tragedia bat, etorkin askoren bizitzaren antzera, ez bada tragikomedia bat, hasierako inpresio batean light samarra irudi lezakeena, baina Sastreren literatura egiteko moduarekin, modu koherentearekin bat datorrena erabat eta, noski, baita egun literatura egiteko bide interesgarri batekin ere.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak