« Mixa eta konpainia | Gizakiaren alde ilunak »
Literaturak umeei begiratu zienean / Manu Lopez Gaseni / Pamiela, 2006
Haur eta gazte literaturaz, galdera helduak egitean Iratxe Retozala / Berria, 2006-10-29
Duela bi aste, orrialde honetan bertan, Karlos Linazasororen Bestiarioa / Hilerrikoiak liburuaz hitz egitean, liburuaren irakurraldian sorturiko honako galdera hau aipatu nuen: “Irakurle gazteek Linazasorok egindako keinu eta begi-kliskatze horiek ulertuko ote?”. Ez zen, ez, haur eta gazte literaturaz aritzean antzeko galderaren batek biltzen ninduen lehen aldia. Are kezkagarriago dena, galdera horiexek testuak berak sorrarazitakoak bailiran bizi nituen, testuaren izaerak berak isuritakoak bailiran. Manu Lopez Gasenik atondu berri duen Literaturak umeei begiratu zienean saiakerari esker, galdera huraxe eta antzekoek neure aurreiritzietan (aurre-galderetan) zutela abiapuntu ohartu egin naiz, eta inola ere ez testuaren nolakotasunean. Honela diosku Lopez Gasenik: “[haur eta gazte literaturaren] kritika inoiz ez da kritika literario soila, baizik eta, sarritan, alderdi pedagogikoak nagusitzen dira: hizkuntzaren eta adinaren arteko egokitasuna, ukitzen diren gaiak eskoletako zehar-lerroekin bat datozen ala ez, testuaren luzera, eta abar” (60. or.). Argi ohartarazi du, haur eta gazte literatura irakurtzean hartzaile konkretu horrenganako begirunez (edo begirune horren aitzakiapean), egokitasuna eta zuzentasuna izan ohi direla galbahe lehenak. Hartzaile horiek, haurrak eta gazteak, homogeneotzat hartuz, edo larriago dena, homogeneo bihurtzeko arriskuz; nola edo hala, irakurraldia hasieratik baldintzatzen duten aurre-juzku ikasiak, hedatuak eta oharkabeak. Ezbairik gabe, literaturaren beste alorretan ohituago gaudenen keinu trakets eta pauso herrenak.
Aipaturiko horixe, dena dela, Lopez Gasenik saiakera honetan aurkezten duen aurre-juzku eta galdera berri askotariko bat baino ez da. Haur eta gazte literaturaren sistemaren eremu zabala ekarri du gogoetara: sortzailearen kokapena, kritikaren inguruko kezka, bitartekaritzaren helburua, irakurlearen trebakuntza, eta abar. Zein baino zein argiago. Izan ere, Lopez Gasenik lehen lerrotik adierazi bezala, lan honen asmoa maila akademikoan (eta hartara, irakurle gehienentzat urrunxe) jasotako zenbait gogoeta hurbilaraztea izan da, nolabait, eztabaidagai eta hausnarketagai horiek helaraztea, zabaltzea, guztion eskura jartzea. Zein baino zein hurbilago.
Gainera, ikaragarri ondo asmatu du galdera berri horiek proposatzerako garaian. Horretarako, ataletariko bakoitzean egitura antzekoa erabili du: lehenik, atalen hasieran trataturiko gaiaren zenbait xehetasun oinarrizko aurkezten dira; bigarrenik, askatu nahi den korapiloa azalarazten da, eta gehienetan zenbait adibide eskaintzen dira; hirugarrenik, galdera edo ezbai berriak proposatzen dira; eta azkenik, ez dago ondoriorik, ez dago askaturiko korapiloa berlotzeko asmorik. Azken asmo honi erantzuten dio, nik uste, saiakerak berak epilogorik edo ondorioen atalik gabe amaitzeak, eta nolabait, atalez atalkako aurkezpenera lerratzeak. Korapiloa ez berlotzeko aukera horretan asmatu duelakoan nago, izan ere, aukera horrek irakurlea pentsatzera darama, aurkezturiko galdera eta ezbai berri horien aurrean nork bere ondorio, aukera, korapiloak edo bideak hartzera. Nik neuk, behintzat, Lopez Gaseniri zor diot, ohikoegi eta sustraituegi nituen aurreiritzi (aurregaldera) horiek birpentsatzeko ahalegin eta bide berri hau.
Laburbilduz, haur eta gazte literaturaren ezagutza zabala eta sakona duenak egindako ohartarazpen hauek estimatzekoak dira, eremu horretatik urrunxeago gabiltzan hauei geure irakurraldietarako galdera berriak sortzeko premia ikusarazteko, haur eta gazte literaturaren irakurketan trebatzeko, eta haur eta gazte literatura irakurtzean bestelako solasaldiak abiatzeko. Ohiko aurre-iritzien gerriko hori laxatu, eta ahal izanez gero, baita guztiz deslotzeko ere.
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez