« Bestiarioa. Hilerrikoiak | Izuaren bideak »
Kasandra leihoan / Fito Rodriguez / Txalaparta, 2006
Mendebaldar zoomak eta travellingak Iratxe Retolaza / Berria, 2006-10-08
“Zinema ez da filosofia, hori badakit, baina ezin uka egungo mitologia dela” (64. or.). Horrela diosku Kasandrak. Eta hain zuzen ere, baieztapen honetan aurkezturiko harilko horiei tiraka osatu du Fito Rodriguezek Kasandra leihoan liburua. Honela, zinemaren haria(k), filosofiaren haria(k) eta mitologiaren haria(k) korapilatuz “egungo” adierazpideen inguruko gogoetak bildu ditu.
Argia da liburuak gizarte mendebaldarraz hausnartzeko zabaldu nahi duen leihoa: izan ere, Kasandra eta Ihardets Parisetik (eremu mendebaldarretik) Islamabaderanzko (ekialdeko eremuranzko) bidean dira, are gehiago, Erroman (kristautasunaren eta europartasunaren habian, alegia) loturik eta giltzapeturik geratu dira. Eta mugikorra eta aldakorra izan behar zuen espazioa (hegazkina), estatiko eta itxi bilakatu zaie. Itogarri. Ezusteko horrek sorturiko ezinegona arintzeko-edo, Kasandrak eta Ihardetsek filmak elkarri kontatzeari ekin diote, zein baino zein egoskorrago. Izan ere, Kasandra Ihardets baino hiztunagoa, hausnarkorragoa, aipuzaleagoa eta arrazionalagoa da, eta zenbaitetan Kasandraren gogoetabideek eta erreferentzia etengabeek Ihardets haserrarazi eta asperrarazi egingo dute. Baina bi lagunen arteko tenka eta desadostasunak solasaldia biziarazteko baliabide egokia dira, eta baita bi lagunen nortasuna azalarazteko bidea ere. Esan bezala, gizarte mendebaldarrak sorturiko mitologia zahar eta berrietan aztaka ibiliko dira. Horregatik, errealitatea geureganatzeko egungo diskurtso molde ohikoenen inguruan jardungo dira, eta berezi-bereziki irudien bitartez sorturiko adierazpideak (zinema, komikia eta abar) eta hitzaren bitartez sorturiko adierazpideak (literatura eta abar) erkatuko dituzte. Besteak beste, irakatsi eta erakutsi ekintzen arteko aldeez jardungo dute, antza, erakutsiren alde eginez. Kasandrak dioskun bezala: “Horixe da zinema, ordea, leiho batetik begira egotea eserita zaudela, ikusten duzunaz susmatu besterik egiten ez duzula” (28. or). Erakusteak (eta ez irakasteak, ezta instructioneak emateak ere) hartzailearen parte-hartzea eskatzen du, eta adierazpide horien aldeko da Kasandra. Eta autuaren ezusteko amaiera adierazgarri eta erabakiorrari kasu eginez gero, baita egilea ere. Baina, “H gabeko autua” atal nagusian egileak erakustearen aldeko jarrera agertu badu ere, gainerako ataletan ez du halako jarrerarik. Dirudienez, gainerako atalek, autu hori osatzeko, sendotzeko edota laguntzeko eginak dira. Lehen atalak, “ABC edo instructionea”-k, liburua irakurtzeko edota “liburua menderatzeko” (15. or) egileak eginiko oharrak biltzen ditu. Hirugarren atalak, “ZYX edo abstractionea”-k, zenbait hitzen inguruko iruzkinak biltzen ditu, hiztegi pertsonalaren tankerara osaturikoa. “Irudiak hitzetan” izenburuko atalean, liburuan zehar aipaturiko filmen aipu eta zerrenda zehatza eskaintzen da.
Nire ustean, liburu honek hitzaurrea du atalik ahulena, izan ere, egileak aurkezturiko irakurbidea agerikoegia da. Agerikoegi izate horrek, nolabait, aldarrikaturiko hartzaile aktibo eta parte-hartzailearen aldarrikapenari ez zaio lotzen. Bestalde, “H gabeko autua” atalaren amaiera gogoangarri eta iradokitzailearen ondoren, irakurlea (ni neu, behintzat) ez dago “ZYX edo abstractionea” atala irakurtzeko gogarterik onenean. Beharbada, banan-banan (ez jarraian) irakurtzeko atalak ditugu. Bai, “H gabeko autua” testuak badu ahots propiorik, badu irakurlea bereganatzeko eta interpretazioak zabaltzeko gaitasunik. Nik uste, egileak ez duela asmatu lagungarri eta osagarri izan nahi zuten atal horietan, azken batean “H gabeko autua” atala estuago lotu baitute.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez