kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Euskal Herria atzerritarren ahotan / Jose Felix Diaz de Tuesta / Arrasate argitan, 2006

Besteren begietan Aritz Galarraga / Gara, 2006-09-16

Ezagutza historiko eskasak eta aurreiritzi ugari zituen arren, gerora beste askok ibilitako bidea egin zuen Aymeric Picaud erromes frankoak. Gisa honetako perlak idatzi zituen XII. mendeko Codex Calixtinus bidaia-liburu aitzindarian, Euskal Herria zeharkatu ondorenean: “zerrien antzera jan eta edaten dute, baita jantzi ere”, “hitz egitean, zakurren zaunka ekartzen dute gogora, hain da basatia beren hizkuntza” edota, egin kontu, “nafarrek, giltzarrapoa jartzen diote mando eta behorren ipurmasailei, bera ez beste inor gerturatzeko”. Amen, zu hor eta ni hemen.

Historian zehar asko eta asko izan dira, aurrekoen antzera, euskal jendearen edota euskararen beraren aurkako iritzi parrastada zentzugabeak. Ezagutzen ditugu horrelakoak, argumentuak gehiegi errepikatzen dituzte. Rodney Gallop folklorezale ingelesak aspaldi idatzi zuen bezala, “eskualde horretaz sekulako astakeriak esan dira, inolako ardurarik eta oinarririk gabe”. Baina txanponak beste alde bat ere izan ohi du. Eta beraz, Voltairek esango lukeen moduan, bada “Pirineoen oinean kantuan eta dantzan egiten duen herri txiki” horri buruzko juzku positiborik egin duenik ere. Txanponaren alde horren lagin bat erakusten du, hain zuzen, eskuartean dugun Jose Felix Diaz de Tuestaren liburu honek.

Bertan, Euskal Herriari eta euskaldunei buruz hainbat atzerritarrek idatzitako testuen bilduma txukuna eskaintzen zaigu. Atzerritarrek idatziak eta, gainera, positiboak. Kasurik gehienetan ikuspegi positibista bat ematen dute idatziek, laudorio eta guzti. Beste batzuetan, behaketa deskriptibo hutsean geratzen da apuntea. Baina ohikoak diren hitz itsusi eta iraingarririk bat ere ez, zorionez. Diaz de Tuestaren bilketa lan honek, orain dela bi mila urte inguruko aipuetan du abiapuntua, garai hartakoak baitira ezagutzen diren lehenengo testigantzak. Ugariagoak dira, jakina, inprentaren sorreraz gerokoak.

Munduko txoko honi eskainitako begiraden artean, aniztasuna: badira ezagutza zientifikoren bati erantzuten dioten testuak, bidaia kronikak, euskaldunen hizkuntzari, ohiturei buruzkoak… Eta testu egileen artean izen ezagunak, hainbat diziplinatakoak: Estrabon, Bocaccio, Shakespeare edota Hemingway, gutxi batzuk aipatzearren. Idazleak, bidaiariak, antropologoak… bakoitzak bere ikuspegia eskaintzen digu, bakoitzak bere begiekin ikusitakoa kontatzen. Euskal Herria eta euskalduna besteren begietan. Galbahea txukun erabiliz gero, ariketa osasungarria izan daiteke.

Irakurleak aurkituko ditu liburuko orriotan kontu interesgarri asko eta beste gutxi batzuk, bada, ez hainbeste. Hainbat mito, esaterako, hankaz gora jartzen duten testuekin egingo du topo, hala nola, euskaldunen izaerari buruzkoak, euskaldunen isolamenduaren ingurukoak. Beste hainbat testurekin, idazlearen harridura konpartitzen da. Euskararen zailtasunari buruzko Scaligerren hitzak horren adibide: “esaten dute elkarri ulertzen diotela, baina nik ez dut uste hala denik”. Liburuak, azken batean, koadro osatugabe baten zertzeladak ematen ditu.

Deigarri gertatzen diren bitxikerien artean Anaïs Nin idazleak eskaintzen duen pasarte piperduna, “Delta of Venus” liburutik hartua, abertzaletasun oro jasotzeko modukoa: “gustukoa zuen euskalduna, eta ez bakarrik haren profil klasikoagatik… Gogoko zuena zen pendentif bikain hura, kirten noble hura… Euskaldunak mahai gainean jartzen zuen batzuetan, eta zakilarekin joka hasten zen arreta erakarri nahian bezala”. Gerora, jakina, zenbait uste ez dira mito kategoriara iritsi…

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak