kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Lekuak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2005

Hitzen bitarteko irudia izaki literatura Mikel Asurmendi / Irunero, 2006-09

Lekuak baiki, halaxe du izena saiakera moduko honek, lekuak ez ezik —edota lekuez gainera— egilearen bizitzako hamaika leku eta gogoeta eskaintzen diguna. Lekurik leku, esparruz esparru, egileak azkeneko hogeita hamar urteotan —Euskal Herrian nahiz munduan orobat— bizi izandako hainbat gertakarien hausnarketa atondu digu.

Obabatik abiatu da Atxaga gogoeta-bidaia honetan, fikziotik abiatu da beraz. Izanik ere, errealitateari tankera emateko, nolabaiteko eite hartzekotan, bere mundua aurkitu behar izan baitzuen Bernardo Atxaga literatur egileak. Horra nire lehen juzku xumea, ez da juzku originala, bistan da.

Denok imajinatzen dugu —edo literatura maite dugunok behintzat— Jose Irazuk idazten hastean errealitatea deskribatzeko sentituko zuen ezina. Tira, ez da ezintasun hori sentituko zuen idazle bakarra. Hori ere begi-bistakoa da eta erran gabe joan behar luke.

Literatura fikzioa da eta errealitatea ere halaxe den neurrian, Jose Irazuk Bernardo Atxagarengan aurkitu zuen izana, fikzioan bilatu zituen errealitatea eta lekua hots. Lekua ez ezik, lekuak dira munduon. Lekuak irudikatzeko edota eraikitzeko, imajinazioa ez ezik, hitza behar du idazleak. Izena eta izana.

Lekuak leku, izenak izen, izanak izan, liburu honetako lehen irudi grafikoa azalean dator, gauza ohikoa, eta hau ere bistakoa. Azala edota irudia Jose Ordorikarena da. Kolorezko irudi horretan tximiniak ageri dira. Tximiniak dira hain zuzen ere, liburu honen eraikuntza eta antolaketarako egileak darabiltzan makuluak edo lanabesak. Badakartza ere liburuak gogoeta hauen garaian garaiko txuri-beltzezko zenbait argazki ere. Adierazgarriak oso.

Literatura artifizioa da, hitzen bitarteko irudia izaki literatura. Liburua saiakera izanagatik, Atxagak irudimenaren faboretan eta euren alboan paratu dizkigu gogoetak. Alegia, irudi batek zenbat tximinia behar ote? Bada, kalkulua egitea da kontua. Kalkulua egiteko zenbakiak ondo erabili behar dira berriz. Ez alferrik Jose Irazuk ekonomia eta filosofia ikasi zituen Bernardo Atxaga bilakatu aitzin. Edo Bernardo Atxaga bilakatzeko!?

Honezkero bateon batek liburuari buruzko xehetasun gehiago espero zezakeen nire hitz hauetan. Obabaz eta Euskal Herriaz gainera, Paris, Maroko, Salburgoz juzkuren bat. Hara, leku horiek liburuan dituzu, liburuan eta egilearen esperientziatan eta imajinarioan. Saio politikoak poetikoak eta egokiak dituzu berauek.

Hona azkenik “nire” beste juzku xume bat, egilearen juzkuarekin bat egin aldera edo “Leku batera ailegatzen gara lehen aldizkoz eta bertan izanaren inpresioa izan dugu inoiz edo behin. Gure irudimenaren ondorio besterik ez duzu ordea. Lekua edo errealitate hori ezagutze ustea gure fikziozko izatearen zati baita”.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak