« Izenbururik gabe | Teilatuko lizarra, iparra »
Hitza asti / Iñaki Arranz / Alberdania, 2006
Hitz-olgetaz gogoeta Iratxe Retolaza / Berria, 2006-06-25
Iñaki Arranzek saiakera arras interesgarria argitaratu berri du, Hitza azti. Interesgarria ez ezik, arras erabilgarria, bai solasa jolas bihurtu nahi duenarentzat, bai berba lanabes duenarentzat, bai jolasaren bitartez hizkuntzaz hausnartu nahi duenarentzat. Hitz(ar)ekin goxatu nahi duen ororentzat, alegia. Are zehatzago, euskal hitzarekin goxaraztea du helburu. Horretarako, Ludohizkuntzalaritzaren eremura hurbildu zaigu saiogilea, edo zehatz esanda, Euskal Ludohizkuntzalaritzaren eremura. Eta hartara, jolasaren bitartez, hizkuntz zeinuak —bitartekoak— agerian uzteko asmoa du saio honek, eta areago, (euskal) hizkuntz zeinuen nolakotasunaz, adierazkortasunaz eta mugaz hausnarketa abian jarri nahi duela iruditu zait. Baina, gogoetabideak zabaltzeko aukera ez ezik, Ludohizkuntzalaritzaren alorrerako sarbidea ere bada liburu hau. Jostetarako baliabide horien metaketa edo pilaketa soila egin baino, nahiago izan du atalkatzeari bide ematea, baliabide horiek guztiak eskurago egon daitezen, eta bildutako azalpen, iritzi eta materiala erabilgarriagoa izan dadin. Horretarako, baliabideak lau multzo zabaletan (Errepikapena, Antolaketa, Aukeraketa eta Metahizkuntza) bereizi ditu, baina, baita beste hainbeste eta hainbeste azpiataletan ere. Eta horrela, euskarak olgetarako dituen baliabideen berri zehatz eta zabal ematen du. Zehatz, baliabide bakoitzaren inguruko azalpenak argiro eman dituelako eta baita, atalkatzeari ekin aurretik, (euskal) hitz-joko eta (euskal) hizkuntz-jolasaren eremu zabala zedarritu eta mugatu duelako; zabal, jostetarako baliabideen berri emateko askotariko testuetara jo duelako. Tarteka literatur tradiziora jo du; tarteka kazetaritzaren tradiziora; tarteka musikaren tradiziora; tarteka hiztegigintzaren tradiziora, eta abarrera. Bada tarteka-marteka egileak berak asmaturiko adibiderik ere. Eta adibide hauetan guztiotan, hizkuntz zeinuaren bitartez euskarak adierazkortasuna lantzeko (izan) badituen bide anitz argitzen dira, hainbatetan gurera heldu den euskararen irudi zurrun hori ñabartuz.
Izan ere, azken urte luzeotan joera nagusi batek araugintza estu-estuaren morrontzara eraman ditu hainbat hiztun, hainbat eskola. Ulertzekoa zen tematzea —eta beharrezkoa, izan—, araurik ez zegoen eremuan arauak adostu eta hedatzea baitzuen helburu. Baina, arau(ar)ekin tematze horrek izan du eraginik hiztunon euskararen erabileran eta euskararekiko jarreran. Sarritan zuzentasunaren mesedetan, eta adierazkortasunaren kaltetan. Eta zenbaitetan, baita egokitasunari ere kalte eginez. Eta araugintza estu horren menera harturiko bideetariko batzuek euskararen adierazkortasuna bera alde batean utzi dute, eta are gehiago, adierazkortasunaren inguruko auzia bera ere alde batera utzi dute. Baina, azken urte hauetan, izan da adierazkortasunaren gai honi lotu zaionik, eta auzia hauspotu eta haizaratu duenik. Adierazkortasuna lantzeko harturiko bide gehienetan, ordea, hartzaile gaztea edo haurrak hartu dira kontuan, haien hizkeraren adierazkortasuna bermatu eta lantzeko asmoz. Gogoan ditugu, bai, Kike Amonarriz eta Asisko Urmenetaren ahaleginak. Baina, behar-beharrezkoa zen, gainerakoak gogoan izango zituen saio bat, halako saio bat; izan nork bere hizkuntzarekin jolasteko eta adierazkortasuna lantzeko baliabideak izan ditzan, izan eskoletan gazte eta haurrekin lantzeko baliabideen bilduma txukun eta argigarria eskura izan genezan. Eta Iñaki Arranzen saiakera honek hutsune hori egoki bete duelakoan nago. Jaso dezagun bere gonbita, eta bihur gaitezen euskal hitzaren ludopatak, ale dezagun elea, berrasma dezagun berba, pitza dezagun hitza.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres