kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Lile / Peru Magdalena / Elkar, 2006

Izenbururik gabe Aritz Galarraga / Gara, 2006-06-24

Ezin zaio ukatu Peru Magdalenari zerbait ausarta eta desberdina egiteko nahia. Lile honek badauka nolabaiteko plastikotasun bat, ipuinei forma emateko modu berezi eta propio bat, koadrotik gertu egon nahiko lukeena, artelan izatera jolasten dena. Magdalenaren liburuak erlazio estua gordetzen du, izenburutik bertatik hasita, koloreekin eta pinturarekin, Paul Klee eta Jackson Pollockekin. Baita beste zenbait arte espresiorekin ere, musika taldeekin eta kontzertuekin, Miles Davis eta Atahualpa Yupanquirekin. Eta noski, literaturarekin. Liburuaren promoziorako iruzkinari kasu egiten badiogu, “koadro abstraktua” idatzi omen du idazleak. Baina ikusitakoaren arabera, berdin-berdin esan zitekeen ipuin-liburu figuratiboa edota John Coltranen saxo solo infinitu bat idatzi duela.

Liburuak ulertzera ematen duenaren arabera (eta zuzenduko dit egileak, oker banabil) artea bat da, espresio desberdinen arteko bereizketarik egiteak ez du zentzurik. Bereizketa, inon egitekotan, artearen bidez bizi direnen eta bizi ez direnen artean egin beharko litzateke, “gero eta gehiago” diren horien eta “mahaiaren inguruan esertzen diren gorbatadunen” artean. Eta liburu osoan zehar ideia hori defenditzen da, idazlea bereizketa horren alde batera garbi lerratzen den bitartean. Tomas segurata-ri buruz ari denean, adibidez: “Agian bera da lekuz kanpo dagoena. Agian beste lanbide mota baten bila hasi beharko luke (…) Gauza bat argi ikusi du: artista zintzoen, euren buruarekin zintzo diren artisten zoriontasun gardena, bizitzarekiko sena”.

Ideia hori nola defenditzen den, ordea, beste kontu bat da. Ezer baino lehen, Lile osatzen duten ipuinak estilo ezberdinetan idatziak daudela esan beharra dago (poemak ere badaudela ahaztu gabe). Testu bakoitzak lege ezberdin bati jarraitzen dio edo lege ezberdin bati kontra egiten dio, ez dago hori argitzerik: goraxeago esan bezala, koadro abstraktuak izango dira batzuetan (“Oraindik begiratzen diot”, “Eta haize bolada”), ipuin figuratiboak besteetan (“Hemen”, “Urradura”). Ipuin bakoitza testu aske bat da, hurrengoari oinarririk uzten ez diona, aurrekoarekin lotura berezirik ez duena.

Baina egileak testuari eman nahi dion askatasun formal horretan, galdu egiten denaren irudipena daukat, ez dela lortzen irakurlearekin konektatzea. Hainbeste bide ibili, hainbeste erakutsi beharrak, hain modu ezberdinetan dena kontatu beharrak irakurketa arina, erraza oztopatu egiten du. Kontuz, honekin ez dut esan nahi errazkeriatan erori behar dugunik, ez naiz ni papilaren aldekoa, ez. Irakurlea harrapatzeko keinu, korapilo, trikimailuen falta igartzen da, ordea, orriotan, gehiegizko sinpletasuna duten ipuinotan.

Hori esanda, ez nuke ahaztu nahi liburuko pertsonaia guztien artean nabarmentzen den Lile, “herriko jaietako su artifizialetan denak gora begira daudenean bazterreko barraskiloekin berba egiten” duen Lile. Artea bizi dutenen eta bizi ez dutenen inguruan lehen esandakoaren adibiderik garbiena den Lile. Greziar mitologiaren arabera, musek bideratzen zuten arte adierazpen oro eta Magdalenaren literaturaren inspirazio iturri dugu neska koloretsu hau, ipuin batetik bestera saltoka agertzen den elementu komuna: “Ni edalontzi bat nintzen orduan. Egun haiek eta Lile ur jauzi bat ziren. Uste dut oraindik egun haietan kanpora jausitako ur putzuetatik ari naizela edaten”. Ezin zaio ukatu Peru Magdalenari zerbait ausarta eta desberdina egiteko nahia, nahiz eta oraingoan irakurle honekin konektatzea ez duen lortu.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak