« Alderraiak | Jostailuzko errealitateak »
Bala hutsak / Castillo Suarez / Elkar, 2006
Zaurien edertasuna Aritz Galarraga / Gara, 2006-06-10
Galtzearen artea ez omen da zaila ikasten, Elisabeth Bishop poetaren esanetan. Are gehiago, egunero zerbait galtzera gonbidatzen gaitu estatubatuarrak Bala hutsak liburua irekitzen duen poeman. Bertan irakur daitekeen bezala, galerek ez baitute hondamendirik ekartzen, nahiz eta sarri askotan horren itxura eman. Beste kontu bat da galera horien zauriak erakustea. Ariketak izan dezake exhibizionismotik zerbait, baina ez da hori, hasiera batean, Castillo Suarezek darabilen asmoa, inondik inora. Zauriak ederrak izan daitezkeela erreibindikatu nahi du altsasuarrak bere azken poema liburuan, “zauri baten ondotik ez direlako gauzak berdin sentitzen, askoz ere biziagoak dira, eta askoz ere nabarmenagoak”.
Suarezen ibilbide literarioa sendotzera dator, tregoa garaiotan, izenburu iradokitzailea duen poesia lan hau. Dagoeneko behin baino gehiagotan antologatua izan den poeta gazteak, aurreko liburuekin finkatutako bideari jarraitu dio liburu honekin (Mugarri estaliak eta Spam poemak lanekin irekitako bideari, bederen), ezaugarri bertsukoak baitira hirurak ere. Aurrekoekiko distantzia markatzearren-edo, oraingoan erasotzaileago mintzo zaio irakurleari, probokazioa bilatu nahian, gogoa asaldatzeko gogoz. Baina funtsean, giza harremanen inguruan, emakumearen eta gizonaren arteko bikote harremanen gaineko terrenoan aritzen da erosoen. Maitasuna dei geniezaiokeen horretaz ari denean. Poema horietan agertzen zaigu indartsuen Suarezen proposamen poetikoa, horietan erakusten du bere poesiaren benetako tamaina.
Idazleak, edota idazleak sorturiko pertsonaiak, nahi bada, biluzte ariketa egiten du poemotan. Bigarren pertsonan egindako interpelazioen bitartez (idazleak asmatutako “zu” bati, liburuan aitortzen zaigunez), agerian geratzen dira idazle-pertsonaiaren zauriak. Bere gordinean azaleratzen zaizkigu orbanak, banan-banan, baina deskribapen hutsean geratu nahi gabe, anekdota soila izan nahi gabe. Helburua lortzen da poema askotan, ez beti, ordea. Leihoaren bestaldera, bizilagunaren joan-etorriak jarraitzen ditugunean bezala, voyeur sentsazio ezeroso baina aldi berean erakargarria sentitzea ez da arraroa poemokin, asmo literarioa ematen saiakera berezia egin den arren.
Anbiguotasunez beterik batzuetan, zeharbiderik hartu gabe besteetan, irakurlearengan galderak sortzea dute helburu Suarezen poemek, eta liburu honetakoek behin baino gehiagotan lortzen dutela esan beharra dago. Horretarako, hizkuntza zuzena, apaingarri berezirik gabekoa, umore dosi doia, irudi bortitzak edota hitzen ekonomia baliatuz sortzen ditu estilo pertsonaleko poemak. Agian egunerokoak atseginak egiten zaizkidalako izango da, baina erraz eta gustura irakurtzen den liburua begitandu zait Bala hutsak, egile beraren orain arteko lanen maila berdintzen duena.
Orain arte aipaturikoak, hitz gutxitan, Castillo Suarezen azken lan honen nondik norakoak. Batzuentzat kontu ezaguna agian, sorpresa efektua galdu duena akaso, baina, oro har esanda, beste behin funtzionatzen duena irakurle honen iritzirako. Ezen, eskuartean dugun liburuko “Traizionatu” poeman esaten den bezala, “bizitzan ia ezer ez da perfektua”. Alejandro Jodorowsky idazle txiletarrarentzat, literatura sendabidea litzateke. Ez soilik entretenimendurako edota autoafirmaziorako den langintza, bestea laguntzeko ere balio duena baizik. Eta Castillo Suarezen Bala hutsak liburuarekin antzeko zerbait gertatzen da, idazlearen exorzismoa baino, irakurlearena ahalbidetzen duela.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi