« Zaurien edertasuna | Elena Odriozolaren elegantzia »
Dioramak / Patxi Iturregi / Elkar, 2006
Jostailuzko errealitateak Ibon Egaña / Berria, 2006-06-11
Dioramak bildumako azken ipuinean irakurria, non gizona larritzen den emaztea bat-batean desagertu ostean: “…ezin du gertaeren norabidea aldatu. Benetako bizitza bere helmenetik kanpo ari da gertatzen, eta berak telefono txiki bat baino ez du esku artean, plastikozko puska gris soil bat azken batean”. Hara hor Iturregiren liburu berriak proposatzen duen literaturaren nondik norakoak grafikoki ilustratzen dituen eszena bat. Bizitza mugiarazten duen indarra, errealitateak funtziona dezan lan egiten duen makinaria pertsonaiek jakin gabe, haiengandik ezkutuan ari da lanean, eta gizon-emakumeek plastiko pusketa bat baino ez dute eskura, lurpetik doan ibaiaren emaria gelditzerik ez daukan objektu hutsala. Kontrola ezina den bizitzaren ustekabeko ondorioen txotxongilo diren pertsonaien istorioz osatutako Dioramak irakurri eta irakurleak, —irakurle honek—, arroztasun, estrainiamendu sentsazioa ezin du uxatu gogotik, herrialderik exotikoenean sartu-irtena egin izan balu bezala; baina horretarako exotismora jo gabe, aski du Iturregik eguneroko bizitzaren ifrentzuak, ustekabeak, pitzadurak arakatzea.
Eta, beste idazle batzuekin batera, Iturregik Cortazar aipatzen duenez, gero, aipa dezagun hemen ere argentinarra, eta haren gainean Gerardo Markuletak esana, liburu honentzat ere baliagarria delakoan: “Cortazarren xedea gure gizaki erosoen seguritatea problematizatzea da, guregan egoneza sortuz”. Eta Cortazarren eta homo ludens-aren espirituari jarraiki, ez da falta jolaserako tarterik liburuan. Bikoiztasun jolasak, ispilu eta simetria jolasak, kausalitate magikoak eragindako errealitatearen iraulkatzeak… Jolasaren arauei, baina, arroztasunetik begiratzen diete pertsonaiek, eta jolasa bera da estrainiamenduaren eragile zenbaitetan. Objektu arrotz batek, kasualitate ustekabeko batek, patuaren gutiziek segurtasuna pitzatzen diete pertsonaiei, eta egonezinaren atarian jarrarazi. Askotarikoak dira, baina, ipuinak (hala neurriz nola izaeraz), eta askotarikoak segurtasunak pitzatzeko bideak: absurduaren araupekoan ari da orain Iturregi, gero aforismora hurbiltzen den genero hiper laburrean, kasualitateak aginduko du ondoren, edo bizitzaren eta heriotzaren gaineko gogoeta potoloago batera heltzeko aitzakia izango da ipuina beste batean. Eta tartean, Linazasoro, Zaldua, Cillero edo Canoren izenak pasatzen zaizkigu burutik. Sartu-irten guztietan ere, ipuingintzaren tekniken erabiltzaile trebe ageri da Iturregi, eta ipuin guztiak gogobetegarriak ez diren arren (zenbait anekdotatik haratago ez doazelako), maiz lortzen ditu generoak eskatzen dituen intentsitate eta ustekabe kuotak. Sobrietate eta ekonomia erabatekoz adina elegantziaz tratatzen du hizkuntza Iturregik, eta oso bakanetan ematen du gogoa perpausak hautatu eta supr. sakatzekoa. Eta hori, batez ere ipuingintzan, asko da.
Heterogeneoa da, beraz, Dioramak eta liburuaren heterogeneotasuna larritu egiten du, itxuraz, ipuinez ipuin kokaleku geografikoa aldatuz joateak, Europaren luze-zabalean, eta inoiz baita handik kanpo ere. Baina, kosmopolitismo bortxatua lirudikeen dispertsio hori liburuaren batasun-emaile gertatzen da finean. Ipuinak deskontestualizatuz, desnazionalizatuz, giro bat marraztuz doa idazlea (hala ipuin barruan nola bildumaren osotasunean), eta narrazio guztiak biltzen dituen arroztasun, estrainiamendu sentimenduan sakonduz, baita zentzu espazial-geografikoan ere.
Pieza solteek bainoago, ipuinez ipuin eraikitzen den atmosferak, giroak, sentsazioak du eraginkortasuna liburuan, dioramaz diorama osatzen den playmobil-ak, zeinak, errealitatearen erreplika izateko asmorik gabe, errealitatearen alderdi ezkutuak bistaratzen dituen, jostailuzkoa izan arren.
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi