kritiken hemeroteka

8.754 kritika

« | »

Teilatuko lizarra / Koldo Izagirre / Susa, 2006

Irakurraldien konpasak eta akordeak Iratxe Retolaza / Berria, 2006-05-21

Teilatuko lizarra bildumaren irakurketa egiteko kokapen eta begirada egokia topatzea ez da erraza, ez. Bilduma honetan askotariko testuak batu dira: batetik, poesia-liburuetako ale izandako poemak, gehientsuenak noizbait kantuz emanak; bestetik, musikaren bitartez ezagutu ditugun testuak, eta oraingo honetan lehen aldiz irakurtzeko emanak; hirugarrenik, ezezagunak ziren hainbat testu, kanturako zein irakurtzeko emanak. Beraz, poema/kantu ezagunak, eta poema/kantu ezezagunak. Poema/kantu berriak, eta aspaldiko poemak/kantuak. Oraingo honetan, bada, bikoiztasun horretan irudikatzen dugu egilea: aldi berean poeta eta kantugile, poeta eta koplari. Mugako eremu batera eraman gaitu idazleak, poesiaren eta kantuaren arteko muga lauso horretara. Horregatik, irakurlea hainbatetan muga horretan deseroso dabil: “nola irakurri kantua? Nola kantatu poema?”. Azken batean, kantuz sortu zen poesia, ez dezagun ahantz. Baina, egun erosoago gabiltza muga ezagun eta finkoen artean, eta horregatik, kilikagarria da halako bildumak sortzen digun sosegu eza, eta baita literaturaren nolakotasunez eta mugez sorturiko galderak ere. Ez dut uste kasualitatea denik, poemon/kantuon artean poesiaren eta kantuen/koplen inguruko gogoetak agertzea.

Aurretik ere egina du Koldo Izagirrek poesia eta kantuaren arteko hurbilketa, bereziki Balizko erroten erresuma (1989) poema liburuan. Baina, liburu hartan poesiak biltzen zuen kopla eta kantua, poesiaren diskurtsoaren barneko moldeetariko bat ziren kantuak eta koplak. Bilduma honetan, aldiz, poeta eta kantugilea banaezina den harremanean garatu dira. Hala ere, kantugilea poetaren gainetik azaleratzen zaigulakoan naiz, eta ondorioz, bilduma hauetako testuetan kantu izaera poema izaerari gailentzen zaio. Azken batean, bildumari batasuna ematen dion irizpide bakarra horixe baino ez da: kantua. Irizpide berri honek testu hauetariko bakoitzaren irakurketan badu eraginik. Ezagun genituen testu haiek beste konpas baten menera irakurriko baititugu oraingoan, eta beste akorde batean bilduta. Esate baterako, bilduma honetako Non dago Basques’ Harbour poemaren irakurketa erabat aldatu egiten da kokapen berri honetan, edo Non dago Basques’ Harbour gogoangarri hartan. Orduko hartan Betiko saudadea zuen izenburua, eta akordea osatzeko Iraganaren saudadea eta Etorkizunaren saudadea zituen lagun.

Koldo Izagirreren aurreko poema liburuetan kontzeptuek berebiziko garrantzia zuten, eta baita mundu jakin baten inguruan ikuskera bat sortzeko/iraultzeko premiak. Honela, bere poema liburuetariko bakoitzean objektu edo eremu bat izan du hizpide, objektu edo eremu bat bilakatu du poesia-mundu: izan itsasoa (Itsaso ahantzia, 1976), izan oinazea (Oinaze zaharrera, 1977), izan guardasola (Guardasola ahantzia, 1978), izan erresuma (Balizko erroten erresuma, 1989), izan portua (Non dago Basques’ Harbour, 1997). Eta gainera, poema liburu gehienetan batasunaren irizpidea diskurtsoaren forman bainoago kontzeptuen garapenean zetzan. Eta kantuotan zentzua sortzeko eta kontzeptuak iraultzeko gaitasuna arindu bada ere (poema liburu haietako zenbait barne-erreferentzia galtzean), intuizioak eta irudiak sortzekoa piztu da. Kantuaren moldera eginiko (edo kantugai izan litezkeen) testu hauek Izagirreri kantuaren ohiko baliabideekin jolasteko aukera zabaldu diote. Honela, Izagirreren literaturan hain ohikoak diren hitz jokoek eta paradoxek hemen leku berezia hartu dute, zentzua sortzeko baliabide egokia izateaz gain, erritmorako oinarrizko baliabideetariko bat bilakatu da eta. Azken batean, erritmoaren morroi dira testu hauek; hala ere, Izagirrek erritmoarekiko gatibuegi ez kantatzen asmatu du.

Baina, zergatik nahi zituen Izagirrek testu hauek guztiak baturik ikusi? Azken hamarkada honetan sortu dituen testu labur gehienak kanturako sortu ditu, eta agian, kantugintzaren —azkenaldiko bere jardun literarioaren— balio estetiko eta poetikoa azpimarratzeko beharrak eraman du bilduma hau kaleratzera, eta poemak eta kantuak bat egitera (zentzuz, moldez eta balio estetikoz). Eta agian, argitaragabe zituen testu batzuk plaza egokira eramatearren.

Azken kritikak

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak