kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Negutegia / Ixiar Rozas / Pamiela, 2006

Gure munduaz Ibon Egaña / Berria, 2006-04-11

Odisea-ren irakurketa gaurkotu eta pertsonal bat bailitzan, irla baterako bidaian kokatu ditu Ixiar Rozasek bere azken eleberri gogoangarri honetako pertsonaia nagusiak. Helburu den irla ez da Itaka, ezpada Livornoko kostaldeko Gorgona kartzela-uhartea, eta bidea egiten dutenak bi pertsonaia dira: Emi jatorri turkiarreko berlindarra eta Dede Frantzian bizitako kataluniarra. Xohana Torres galiziarrak Peneloperen mitoa berrirakurriz “Eu tambén navegar” idatzi zuen behin, eta paperak berrituta, odisea gaurkotu honetan ez da Penelope (alegia, emakumea) uhartean zain dagoena, gizona baizik, Omar. Haren enkontrura abiatzen da berarekin maitasun harreman urrun bat izandako Emi, eta baita bien lagun Dede ere. Turkian izandako lurrikara batean ezagutu zuten elkar, kaltetuei laguntzera borondatez joanda, eta han bizitakoak eta beren artean ernatutako harremanak betiko markatuko zituen hirurak.

Baina bidaia ardatz duten nobela gehienetan gertatzen den legez, Negutegia-n ere bidaia aitzakia baino ez da kontatu nahi dena kontatzeko. Emik autoz egindako bidaiak ezer gutxi du road movie-tik eta Dedek barkuz egindakoak ere ez du askorik odiseatik. Bietan ere gogoetarako abiapuntua da bidaia, denbora eta espazioaren koordenadetan atzera-aurrerak egiteko gogoaren esparruan. Denboran atzera eginda, hiru pertsonaia nagusien arteko harremana eta istorioa doa harilkatzen nobelak aurrera egin ahala: Turkiarako bidaia, bertan bizi izandakoa, lurrikararen esanahia eta ondorioak… Baina, norbere biografian atzerago egin eta euren jatorriari buruzko gogoetari ekiten diote pertsonaiek: familiaren jatorria, sustraien bilaketa… Funtsean norbere identitatearen bilaketa bihurtzen dute Dedek eta Emik Gorgonarako bidaia. Emi Turkiatik Alemaniara joandako etorkinen ondorengoa da, alemaniarren zerbitzura errepideen eraikuntzan aritutakoa zuen aitona; Dederen aitona-amonek Frantziara egin behar izan zuten ihes Bartzelonatik 36ko gerran, eta Omarren aitona ere naziek izan zuten gatibu. Aldez edo moldez galtzaileak hirurak, galtzaile haien ondorengo dira orain nobelako pertsonaiak, eta galtzaile haien nortasunak osatzen du beren oraingo identitatea.

Istorio txikien eta historia handien arteko oreka eta harremanak maiz aipatzen ditu Rozasen eleberriak, eta bertako narrazio atalek ere istorio txikien bidez historia nagusia eraikitzea dute xede. Hala, hiru pertsonaien jatorriak arakatuz, Europako XX. mendeko historian barneratzen da idazlea, eta jarrera etiko eta ideologiko jakin batetik omendu egiten ditu orduan galtzea eta sufritzea egokitu zitzaienak.

Baina gaur egungo munduaren eta makropolitikaren (politika bere benetako esanahiarekin ulertuta) gaineko irakurketa poetikoa ere bada Negutegia. 2001ean globalizazioaren aurkako protestetan hildako Carlo Giulianiren hilketa batasun haritzat hartuta, Mendebalde globalizatuaren erretratu kritikoa egiten du Rozasek: lan baldintza kaxkarrak, etorkinen egoera prekarioa, metropoli garaikideko bakardadea…

Poesiatik gertu dago eleberri honetako erregistroa eta tonua, eta ez soilik metaforen joritasunagatik edo idazkeraren lirismoagatik. Horrez gain, azaldu eta esplikatu bainoago iradoki egiten da, zertzelada solteak eman, irudi poetikoak sortu, eta horri esker lortzen du egileak puska solteak, itxuraz harremanik gabeak, hain era koherentean eta hunkigarrian aurkeztea.

Gezur handiak esaten dituzte liburuen kontrazalek batzuetan, irakurleari amua irentsarazteko. Beste batzuetan, ez hainbeste. Ez du gezur handirik esan kontrazalaren egileak nobela hau, zentzu askotan, mugarria dela dioenean.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak