kritiken hemeroteka

8.536 kritika

« | »

Amaren eskuak / Karmele Jaio / Elkar, 2006

Zuri-beltzez Iratxe Retolaza / Berria, 2006-04-04

Duela bi urte, 2004an, VII. Igartza sariaren irabazlearen izena ezagutu genuen: Karmele Jaio. Irabazlearen berri izatearekin batera, eginkizun zen nobelaren gaia ere ezagutzera eman zen: ama-alaba arteko harremana. Bai, euskal nobelan gutxi jorraturiko gaia. Gutxitan, oso gutxitan izan dira adiskidetasuna edo senitartekotasuna euskal nobelaren sorburu nagusi. Izan bada, bai, senitartekoen arteko harremana landu duen nobelarik: izan bada aitaren ahotsik, izan bada semearen ahotsik, izan bada amaren ahotsik. Baina, salbuespenak salbuespen, hauetan guztietan senitartekoen arteko harremanak nobelaren bigarren mailako hariak dira, ez korapilo nagusi, ez bide nagusi, bidezidorrak baizik.

Horregatik, etortzear zen nobela honen berri izatean jakin-mina piztu zitzaidan. Eta jakin-mina areagotu, harreman hau ikuspuntu jakin batetik mamituko zela iragarri zenean; hain zuzen ere, alabaren ikuspuntutik. Artean euskal nobelan jorratu gabeko gaia, beraz, alabatasuna. Nobela honen irakurraldia goseak jota abiatu nuen. Gosetuegi, akaso. Eta denbora luzez elikaturiko gosea asebetetzea ez da nolanahiko erronka.

Euskal nobelan berria den gaia jorratu bada ere, nire iritziz, ez dira molde eta ikuspegi berritzaileegiak landu. Topikoz topiko josi dira nobelaren hariak: batetik, bi emakume protagonistek zauri bat dute, zehazki, gizonezko maitale baten galerak sorturiko zuloa; bestetik, emakumeak zamadun irudikatzen dira, “erruaren arrasto iluna” segika dutela (haien senitartekoen zaindari finegiak ez izateagatik sentituriko zama eta errua); bestetik, ama babesle leial eta zintzo bezala irudikatzen zaigu. Hain zuzen ere, nobelaren izenburua bera, Amaren eskuak, baldintzarik gabeko babesaren sinboloa da, honako pasarte adierazgarri honetan aipatu bezala: “Amaren eskua kokotsari helduta. Horrela irudikatzen du Nereak amaren babesa. Amaren eskua bere kokotsari helduta zuri-beltzezko argazki batean” (11. or). Bai, zuri-beltzezko argazki hori nobelan behin eta berriz errepikatzen den motiboa da. Eta, nire ustean, nobelan bertan zuri-beltza da nagusi. Nobelaren giltzarria omen den ama-alaba arteko harreman horretan, ez dago ñabardurarik, ez dago gatazkarik, ez dago sakontasunik, ez dago kolorerik, ez dago bilakaerarik. Nahiz eta nobelan bertan amarenganako hurbiltze bat kontatu nahi dela iradoki, ez zait sinesgarria egin. Beharbada, inpresio hau neure esperientziaren ondorio besterik ez da. Baina Nereak kezkatuagoa dirudi aspaldi alde egindako maitalearen itzulera dela eta. Eta zenbaitetan, nobelan kontagai diren beste harreman horiei (senarrarekikoa, maitalearekikoa eta abar) amarekiko harremanari baino espazio, konplexutasun eta sakontasun handiagoa antzematen zaie.

Nik uste narratzaileak harturiko jarreran dagoela gakoa: narratzailea Nerearengandik hurbil kokatzen zaigu, baina aldi berean distantziatik mintzo da, eta beharbada erdibide honek ez dio onik egin ez samurtasunari (hurbiltasun handiagoa eskatuko lukeena), ez ikuspegi berritzaile bati (distantziaren jolasaren inguruko ariketa sakonagoa eskatuko lukeena).

Bestalde, nobelaren bitxirik handiena uraren inguruan eraikitako sinbologia aberatsa da, gorputzaren, biziaren, sentimenduen eta zentzumenen alderdi oro adierazteko gai dena. Akaso, sinbologia hau modu berritzaileago batez harilkatzeko ahaleginari eutsi izan balio, nobelak berak mundu-ikuskera berri baterantz hurbilduko gintuzke. Eta ni neu, emakume-irakurle hau, emakumearen eta harremanen inguruko topiko gutxiago eta ikuskera berri gehiagoren gose nintzen.

Azken kritikak

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Pleibak
Miren Amuriza

Mikel Asurmendi

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

Hedabideak