« Azalekoa eta azalarena | Reno Stories »
Ezker hanka falta zuen / Lutxo Egia / Susa, 2005
Geografiak Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2006-04-07
Nobela honetan nobela asko bildu dira, batzuk paperean, besteak irudimenean, oso irudikorra baita liburua, eta poetikoa oso. Nobela bat baita bizitza, hasieratik amaierara. Edo amaieratik hasieraraino, biak gauza bera baitira: nondik begiratzen eta batez ere nondik ikusten den da kontua. Amaieran hasten baita nobela, Gerena, kirol kazetaria, ezker hanka galdu zuen gizona hildakoan. Haren lagunak ziren, eta diren, hiru gaztetxoek nahiago zuketen hanka eginbehar heroiko, bipil eta sutsu baten ondorioz galdu izan balu, baina ez zen hala izan, gaixotasunak eraman zuen berarekin ezker hanka. Izan ere, heroismoaren garaia aspalditxo igaro zen, trenak igarotzen diren bezala, tuneletik barrena, kanpora jaurtiz ke-bafada, eta ikatz-hautsa, begien itsugarri eta buru-adimenaren engainagarri.
Baina nobela asko biltzen dituen nobela honetan, nola itsasoak ibai askoren urak biltzen dituen, pertsonaiak ez dira soilik gizon-emakumeak. Bilboko itsasadarrak pertsonaia kategoria hartu du orrialdeotan, hartaz idaztearen kariaz. Era berean Gerenaren sorterria, Galiziako Finisterren, mitxeleta-uzta den tokian. Hara joan omen zen Manuel Rivas bere ipuinik ospetsuena idaztera; hara joaten dira tximeletak saldoka, gizakiak bezala, urruti-minez hiltzera. Haraxe joaten dira narratzailearen gogo eta oinak, Gerenarekiko oroimenak bultzatuta.
Esan bezala, nobela asko dira nobela honetan, eta bada, liburuan batez ere, poesia eraikitzeko gogo sendoa, poesia benazko eta sentimenduz betea egiteko asmo saihestezina. Ez du beti asmatzen Lutxo Egiak. Pasarte batzuk zurrunegiak geratu zaizkio, portuko garabiak bezain zurrunak. Beste pasarte batzuetan Manolo Rivasengana erakusten duen lilurak itzali egiten du areago haren itzala. Baina badira puska batzuk hunkigarriak direnak honetan. Izan ere liburuak, Gerenaren heriotza aitzakiatzat harturik, bizitzaz hitz egiten du, ezkerraldean zabaltzen den hiriaz, begien aurrean ikusteko izanik ikusten ez dugun paisaia horretaz. Paisaiak, izan ere, asmakizunak dira, narrazio hutsak, geografia ezagun batean, tximeletak bezala, erortzen utzitako poemak.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi