kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Ero Hiria / Javi Cillero / Alberdania, 2006

Reno Stories Iñigo Roque / Gara, 2006-04-08

Izan al zarete inoiz meatzeetako zakartegietan? Umetan harri porrokatuzko mendi horietara joaten ginen harri margulen artean pirita-harri distiratsuak bilatzera. Cilleroren liburua eskuetan, sentipen hura berritu da, orain, pirita harritxorik sakelan ez darabilgula.

Liburuko narrazio guztiek Reno (Nevada, AEB) dute gertaleku, eta Reno, Entziklopedia Britainiarreko sarrera gorabehera, hauxe da: kasinoak, unibertsitatea (Basques Studies sail eta guztikoa), basamortua, neoizko argiak eta, oro har, Estatu Batuetako hiri arrunt samarra. “Renon ez dun ezer gertatzen […]”. “Begiak ireki eta gauza asko ikusiko dituk Renon”. Idazlea bi munduetakoa denez, hango eta hemengo, eroso ibiltzen da gizarte horren berri barrutik ematen.

Dena den, liburuaren bereizgarririk nabarmenena kontamoldea da, nola eratzen diren narrazioak. Bistakoa da, alde batetik, zinemako teknikak narraziogintzara doi moldatzen direla. Izan ere, zinema nonahi agertzen da liburuan zehar, bai pertsonaien ahotan, bai testuz landako aipuetan. Azaleko zipriztin horiez gain, hala ere, literaturako eta zinemako hizkeren arteko lotura estuagoa da. Liburua irakurri ahala, amerikar filmetako aztarnak sumatzen ditu irakurleak: jarrerak, lekuak, berbetak… Martinaren dekalogoa ipuina, esaterako, oso adierazgarria da: tabernari batek maitasunari buruzko bere dekalogoa agertzen dio bezero bati, sasiletratua irudi, edozein filmetan legez. Edo pertsonaien hitz-makuluak, “absolutuki”. Flirt narrazioan, liburuko pasarterik gogoangarrienetako bat eskaintzen digu Cillerok, zinemagintza-teknikak lagun, kamerarik gabe. Narrazioaren hasieran bikote bat ageri da hizketan, taberna batean. Ez dakigu xuxen non dauden. Bigarren atalean, idazleak kasino bat erakusten digu kanpoaldetik, kasinoan sartu, eta barneratu ahala, zer ikusten den kontatzen digu, harik eta lehengo bikoteko mahaira iristen garen arte. Travelling bikaina.

Ipuin gehienak atalka antolatuta daude, eta atal bakoitza eszena bati dagokiola irudi du, gertalekua mudatzen delako, hasierako eta amaierako deskribapenak akotazio gisakoak direlako. Idazleak, sarri, bakarrik uzten du irakurlea, filma hasi ondoan ikusten hasiko balitz legez. Eta batzuetan filma amaitu eta gero fotogramak atzekoz aurrera ikusteko tirria nagusitzen da; “Bainuetxean” paregabean, esaterako.

Narrazioen arteko keinuak eta loturak ere, ia ezinbestekoak gaur egungo ipuingintzan, guztiz sinesgarriak dira… eta ez debaldekoak. Hortaz, komeni da narrazioetako izenak ondo gogoan hartzea, eta irakurraldia ez luzatzea! Milurtekoari buruzko erreferentziek ere xaloki ehuntzen dituzte narrazioak.

Euskal Herria bakanetan ageri da, urrun. Ez dira usaiazko soakoak, eta galdurik daude AEBetako kulturako erreferentzien eta marken artean.

Cilleroren testua diferentea da, baita esapideak bihurritzean edo metafora xelebreak proposatzean. Hona hemen ale batzuk: “Bikotearen mahaitik igarotzean, irribarre beatifiko bat egin zieten. Zeruko bidegurutze batean elkartzen diren aingeruen antzera”. “Praka nasaiak zeramatzan, lehenengo zuloak egiten ari den golf jokalarien antzera”…

Eta ezin amaitu ezer esan barik narrazio batzuetan ageri diren maitasun-olgetez, limurtzeko saioez. Ez dira egundo burura eramaten, baina ipuin askotako pultsioa markatzen dute.

“Aspalditik ez dut nobelarik irakurtzen, ez daukat astirik. Ordu eta erdi batean istorio oso bat duzu zineman, eta gainera ez duzu burua nekatu behar”. Liburu hau sendabide izango luke inondik ere.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak