kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Zazpimintzo herensugea eta Eider ederra / Garbiñe Salaberria / Gero, 2000

6.105.621 Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-01-27

Irakurleak Zazpimintzo herensugea eta Eider ederra liburua eskuratzen duenean, tituluari begiratuz gero, ipuin klasiko baten aurrean dagoen sentsazioa du: Loti ederra datorkio burura edota Alizia herrialde miresgarrian. Irakurtzen basten denean, ostera, berehala konturatzen da ipuin honek ez duela arestian aipatutakoekin zerikusirik.

Ipuin klasikoa da batetik, ipuin fantastikoa, ametsean oinarritua; baina bestetik, ametsaren eta bidaiaren defentsa egingo duen ipuina da, eta ez gertakizunarena. Horretantxe bereizten da betiko ipuin klasikoetatik.

Amets egiteko gonbita

Zortzi kapitulutan barrena, Garbiñe Salaberriak bi pertsonaia nagusiren abenturak kontatzen ditu: Herensugearena eta Eiderrena. Lehenengo bi kapituluetan, Zazpi Mendietako Herria eta Zazpimintzo Herensugea aurkezten dizkigu Garbiñek.

Herensugeak herriko ume guztien sekretuak ezagutzen ditu, lotan, edo hobeto esan, ametsetan daudenean, umeekin hizketan hasi, hauen lagun egin, eta hauekin batera jolasten hasten delako. Halako batean, Eiderren ametsetan sartzen da Zazpimintzo Herensugea eta bidaia bat egitera gonbidatzen du. Eiderrek baiezkoa ematen dio berehala eta Zazpimintzok Ametsen Herrira eramaten du. Bidaiatzen jarraitzeko, ostera, pasaportea behar duela esaten dio, eta pasaportea lortu ahal izateko, Hitzetxera eramaten du. Han, Hitzen Jaunak pasaportea lortzeko zer egin behar duen azaltzen dio Eiderri: Hitzetxean, bere izena aurkitu behar du.

Batera eta bestera hasiko dira, bai Eider eta bai Herensugea, izenaren bila. Barregarri hitzak, izena topatzeko klabea, hitzek osatzen duten Hiztegian hizki bakoitzak duen kokapen zenbakia jakitean datzala esaten die. Eider, beraz, 6.105.621 zenbakia da. Huraxe klabea.

Eider eta Herensugea klabea oihukatzen hasten dira, ea norbait hurbiltzen zaien edo argibideren bat aurkitzerik ote duten ikusteko. Lehenengo, Eider zeneko Alemaniako ibai bat agertzen zaie, eta gero, izen bereko ahate bat. Eider izenak gauza anitzi erantzuten diola ulertzen dute.

Azkenean, idoro dute Eiderren izena. Hitzetxean aurkitutako izenarekin Hitzen Jaunarengana bueltatzen direnean, Hitzen Jaunak Eiderri pasaportea erabiltzeko baldintzak jartzen dizkio eta honek berehala onartu.

Puntu honetan, gaua ia-ia igaro dela konturatzen dira. Egun berri bat dakar goialdeak eta Zazpimintzo herensugeak joan beharra dauka. Eider eta Herensugea hurrengo baten elkarrekin bidaiatzekotan gelditzen dira, eta Zazpimintzok, bidaiatu nahi duenean deitzeko pasahitz bat ematen dio Eiderri.

Gauak argi egin du eta Eiderren iratzargailuak TIRRIN luze bat jo du. Amets bat izan da. Bidaiatzera gonbidatu duen ametsa.

Aberatsa baina bihurria

Ipuin oso aberatsa da erakusten duen imaginarioari dagokionez. Baita darabilen hizkeragatik ere. Aberasgarri suertatzen da oso hizkien munduarekiko erakusten duen lotura eta irakurlea testura hurbiltzeko darabilzkien trikimailuengatik.

Salaberriak elipsi eta metafora asko erabiltzen ditu, baita irudiak ere: hauetan aipagarriena, ametsarena da. Ametsa baita Salaberriaren testuan gaua, bidaia, irudimena, abentura eta “posible dena”-ren mundua azaltzeko erabiliko duen tresna. Ametsa, ibiltzeko, bidaiatzeko eta nahi den guztia posible egiteko elementua.

Hala ere, liburuak onurakorrak dituen elementu hauexek dira irakurleari irakurketa zail bihurtzen dizkioten arrazoiak ere. Hizkera aberatsa bai, baina umeei egokitu gabea darabil Garbiñek: aberatsegia, bihurgune gehiegiz josia, ulerterrazak suertatzen ez diren esaldiz betea. Joskerari dagokionez, egileak elipsi asko darabiltza. Eta paragrafo batetik besterako loturak, maiz, irakurlearen irudimenak egin behar ditu. Iradokiorra izan daiteke heldu batentzat. Zaila ulertzen gaztetxoentzat.

Ideia oso politak eta landuak azaltzen dizkigu bilbotarrak; konexiorik gabe euren artean maiz, irakurleak lotu behar dituelarik. Erakusleen erabilera ere gehiegizkoa dela esatera ausart liteke bat; gaztelaniatik itzulitako testu baten aurrean gaudela dirudi.

Klabe sekretua

Amets egiteko erraztasun handia duela erakusten du egileak, irudimenari hegoak jartzeko ausardiaz jantzia. Ametsa eta errealitatea kokatzen laguntzen digu ipuin honen bidez. Zein erraz iragan egin daitekeen ametsetik errealitatera eta errealitatetik ametsera.

Testuak, orokorrean, ez dio arrazoi edo zio bati erantzuten. Ametsek ere ez. Ametsak bizi egin behar dira, gozatu, besterik gabe. Beti egonen baita iratzargailuren bat ametsetik aterako gaituena. Behar duguna, finean, amets egiteko klabea da, edo, hobeto esan, amets egin nahi dugunean, ihes egin nahi dugunean, bidaiatu nahi dugunean, hori guztia egiteko bidean jarriko gaituen klabea ezagutzea. Klabe sekretua.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak