kritiken hemeroteka

8.749 kritika

« | »

Bingo / Xabier Montoia / Pamiela, 2005

Montoia revisited Ibon Egaña / Berria, 2006-03-14

Idazkuntza eta sorkuntza prozesu oro da norbere buruaren eta norbere sorkuntzaren gaineko kontzientzia hartze prozesu gradual, apurkakoa. Ibilbide artistikoan garapena kontzientzia hartzearekin estu lotuta doan bidea da, eta, hala, intuiziozkoa, inpultsiboa zen sorkuntza bestelako begiz ikusteko eta aztertzeko aukera du egileak kontzientzia hartze horrek bere bidea eginda. Denborak, besteren artean, distantzia ezartzen du iraganarekiko, iraganeko sorkuntzarekiko, eta distantzia horrek ironiara darama maiz idazlea, ez dago-eta distantziarik gabeko ironiarik. “Nola nintekeen hain poeta txarra?” galdetuz zabaltzen du Xabier Montoiak Bingo bere produkzio poetiko osoaren berridazketa jasotzen duen bilduma, bere buruarekiko distantzia hartuz, bere iraganeko sorkuntzaren gaineko kontzientzia agerraraziz. Baina, ironiara ez ezik, iraganeko sorkuntza hori berrikustera, berridaztera ere badarama idazlea distantziak, eta hala aurkezten ditu bilduma honetan Anfetamiña, Likantropo eta Narraztien mintzoa liburuko poemak: gaurko distantziatik berrikusita, berridatzita.

Egilearen ibilbidean atzera egin eta bere hastapeneko poesiarekin aurrez aurre jartzea adierazkortasuna lortzeko muturretara jotzen duen poesiarekin topo egitea da; gaztetasuna, amorrua, irrika, urgentzia eta probokazio-nahia darion poesiarekin topo egitea. Poeta gazteari ez zaizkio baliagarri poesia kanonikoak erabilitako iruditeria eta lexikoa, eta ereduaren oreka eta neurria apurtuz aurkitzen du bere nitasunak espresatzeko bidea. Bukowskiren irakurle, jarraitzaile eta inoiz itzultzaile izandako Montoiak bere egiten du estatubatuarraren esanezina esateko irrika, moldea apurtzeko asmoa eta tabuaren esparruan, poesiaren iruditeria kanonikoaren antipodetan aurkitzen du transgresiorako eta poesia berri baterako eremu semantikoa: alua, putza, semena, pixa, hilerokoa… Sakratua profanatuz, tabua poesia bihurtuz, norma hautsiz entzunarazten du bere ahots urgentea poetak, rock & roll-etik heredatutako posea bere eginez. Baina apurtu eta irauli nahi duen hein berean ezagun du egileak tradiziotik jarauntsitako hizkuntza poetikoaren ezagutza sakona ez ezik haren baliabideak ustiatzeko abildadea ere, eta horretan datza, hain zuzen, Montoiaren poesia berezi egiten duten ezaugarrietako bat. The Doors edo David Bowieri egindako keinuekin batera lekua dute Dylan Thomasek edo Arthur Rimbaudek bere lanetan, baita Gabriel Arestik edo Atxagaren Etiopia-k ere. Kontrastetik eta muturren arteko talkatik eratortzen da Montoiaren poemen indar estetikoa ez ezik ertzean, margenean garatzen den errealitate eta bizitzaren irudikatze poetikoa.

Hiru liburuz eta hainbat poema argitaragabez osatua izanagatik, poema liburu bati darion tonu-batasuna eta trinkotasuna dario Bingo bildumari, eta badu horretan zeresanik liburua osorik zeharkatzen eta batzen duen heriotzarekiko larriminak eta bakardadeari itzuri ezinak, mundu ikuskera etsituak. Batasunean bada, nolanahi, garapena antzemateko tarterik: Anfetamiña-ren bat-batekotasunak Narraztien mintzoa-ko lerroen espresibitate gorenean aurkitzen du gailurra. Hortik aurrera, berriz, isiltasuna hautatu du poetak (“harik eta bere bizipenen adierazpide bakarra / isiltasuna zuela jabetu zen arte”), eta bakanetan baino ez du jotzen poesiara. Bide baten agortzearen kontzientzia hartuta honezkero, distantziak dakarren ironia ezaugarri hartu, poeta bera pertsonaia bihurtu eta bestelako bideak urratu beharrak hartzen du idazlea: molde klasikoetara itzuliz (sonetoa edo zortziko handia neurritzat hartuta), poemaren bat ingelesez paratuz…

Bingoan bezala, poesian ere zeinuen eta lerroen konbinazio zehatzak, perfektuak dakar saria. Bingoan ez bezala, baina, poesian konbinazio horiek ez dira zoriaren ondorio. Eta Montoiak badu (bazuen?) poesian bingo jotzen asmatzeko behar diren gakoen berri. Irakurri Bingo bestela.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak