kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz / Pruden Gartzia / Pamiela, 2005

Literaturatik historiara Ibon Egaña / Berria, 2006-01-24

Ez dakit zehatz dibulgaziozko saiakera on batek zein ezaugarri behar dituen izan. Eman dezagun irizpide zientifikoz egina izatea, dokumentatuta egotea eta hipotesiak susmo hutsez bainoago arrazoituta plazaratzeaz gain, irakurleari pulpitutik barik hurbiletik, akademizismorik gabe eta pasioz hitz egiten dion lana dela dibulgaziozko saiakera ona. Orduan, zalantzarik gabe, saiakera eredugarria da Pruden Gartziarena, zuhurtzia eta zehaztasun zientifikoaren hein berean baitario pasioa eta irakurleari bertatik bertara mintzatu nahia.

Zein bere aldetik sortutako lau testu biltzen ditu Lazarraga, Ernazimentua euskaraz saioak, guztiak ere Joan Perez Lazarraga ardatz dutenak. Lazarragaren euskarazko nobelatxotik eta poemetatik abiatuz, obrari eta egileari testuinguru osoa eraikitzen die Gartziak. Arabarraren artzain-nobela bere testuinguru literario europarrean kokatzen du lehenik, Pizkundean ohikoak ziren gisa horretako nobelak eta nobelagileak aurkeztuz eta Lazarragarena haiekiko definituz. Alabaina, historialaria izaki, egilearen begirada testuaren baitara bainoago euskal literaturaren historia sozialera eta, oro har, Euskal Herriko XVI. mendeko historia politiko, sozial eta kulturalera dago begira. Lazarragaren testua oinarri hartuta, partikularretik orokortasunera egiten du jauzi behin berriro Gartziak, azpimarratuz eskuizkribuaren aurkikuntzak agerian utzi duela, besteak beste, euskarak Araban historiografiak aitortzen dion baino leku zabalagoa izan duela, eta, batez ere, Euskal Herrian izan zela euskaraz egindako Pizkundearen ernamuinik, Lazarraga lekuko. Euskal Herriko Pizkunde saioen zertzeladak margotzerakoan hiru gizon hautatzen ditu egileak, giro eta asmo banaren paradigma gisa: Garibai, Leizarraga eta Lazarraga bera. Garibaik ordezkatzen dituen apologisten eta Leizarragaren asmo protestanteen artean, hirugarren bidea litzateke Lazarragarena, hots, Hegoaldean euskaraz egindako Pizkundea. Horrek irauli egiten du, Gartziaren iritzian, Mitxelenarekin hasi eta gaur arte iraun duen euskal literaturaren historia sozialaren gaineko ikuspegia, erakusten baitu izan zela Hegoaldean apologiez gain euskara hizkuntza landuz goratzeko nahirik. Ernamuin horrek aurrerabiderik zergatik izan ez zuen azaltzerakoan, nagusiki erlijioen arteko gerrak eta erresumen arteko lehiak dakartza hizpidera Gartziak, arrazoiketa landua eta ongi josia plazaratuz.

Dokumentatua eta zuhurra den neurri berean da ausarta Gartziaren saiakera hipotesiak plazaratzerakoan (eskertzekoa da egileak berak argi bereiztea frogatutzat eman daitekeena eta hipotesia edo susmoa dena) eta ausartena, ezbairik gabe, Lazarragaren eta Cervantesen arteko balizko loturez diharduen azken atala da, non bi idazleak giro bertsuan ibili zirela kontuan izanik, agian batak bestearen berririk izan zuela ematen baitu aditzera Gartziak, eta baita hipotesi bihurriago eta ausartago bat proposatzen ere: On Kixoteren pertsonaia taxutzerakoan Cervantesek Lazarragaren ahaide bat izan zezakeela buruan. Ia-ia nobela bat irakurtzen den jakin-min eta irakur gose berarekin leitzen dira azken orrialdeok, eta aurkituko du plazerik bertan, ziurrenik, literaturazaleak. Egia izan, hipotesi hutsa izan, ezin uka istorioa ederra denik.

Pasioz eta entusiasmoz egindako lana da Gartziarena, eta kutsatu egiten dio egileak grina hori irakurleari. Egia da, hala ere, pasio horrek berak daramala egilea batzuetan oreka galtzera eta beharrezkoak ez diren eskurtsuak eta iruzkinak egitera, edo atzera-aurrera batzuetan nahasgarriak egitera. Halaber, lau txatalen arteko josturak nabarmenegi geratzen dira zenbaitetan, liburuaren batasunaren kaltean. Nolanahi ere, orbain txikiak baino ez dira, zeresana eman behar lukeen obra gomendagarri hau iluntzen ez dutenak.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak