kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Sua nahi, Mr. Churchill? / Koldo Izagirre / Susa, 2005

Hau mundu ttipi arranoa! Iñigo Roque / Gara, 2006-01-21

Egin dezagun Basques’ Harbour ez dela itsas kartetan ageri, ez baitakigu liburuan zer den egia eta zer izan zitekeen. Halakoxea da literatura. Koldo Izagirrek abegi egiten digu lurralde horretan, atea erdi irekirik, “Hau komuna duzu, eta hura egongela” esan barik, besteon etxea oso antzekoa delakoan. Nik ikusi egin dut nire mundu ttipia, lekuak eta pertsonak.

Gerra Zibila da liburuko denbora mitikoa, orduan mamitu ziren gaurdaino iraun duten historia asko. Idazleak batu egiten ditu lekukoen mintzoetan, dela zaharretxean, dela tabernan. Denetariko kontakizunak garantzen ditu Izagirrek, pertsonaia ezagunenak nahiz pertsonaia xeheenak (egunkarietan agertzea edo ez). Bigarren horiek dira, barren, jakingarrienak. Konparazio batera, hor dugu Andoni Olabe, ezagutzen ez duen neska batekin maitemindutako musikaria. Londresko zoko-moko guztiak miatzen ditu, euskaldunen ordezkari txit katolikoak lotsagorritzeko maneran. Andonik eskaintzen digu liburuko irudi plastiko sentikor horietako bat, soinua jotzen blitzaren erdian Londresko zubi batean.

Garai ilun, sepia-koloreko horretan hainbat zirto eskaintzen dizkigu Izagirrek; esate batera, ezkerreko behargin batzuk Aitzolen mitina zapuzten ahalegintzen direnekoa. Beharginak aldarri: “Zenbat adreilu paratu ditu Aita Santuak?”. Aitzolek erantzun: “Stalinek beste”.

Gerraren ondoren, gerra-ondorena etorri zen “gure herri mozkor ustel zabar” honetara. Eta gogoz bestera onartutako miseria hartan, idazleak pertsonaia agirretar batzuk aurkezten ditu. Izan ere, horietako batek dioen gisan, gerra ez da amaitu. Menderaezinak dira, erretxinak, zailduak. Bitartean, beste batzuk askatuko dituen komandantearen esperantzan bizi dira, kaialdeko sobietar ontziei begira, otzantasun orokorraren erdian.

Idazleak ipuin askotan gainazpikatzen ditu benetako gertaerak eta umeen amets libreak, iraganeko arrastoak, askatasun-nahiak, ezinezko bidaiak. Hala, ametsetako portuak ageri dira: Liverpool edo Amsterdam edo Ternua, haraindian zerbait balego legez. Eta, horrenbestez, pertsonaiek ihesari ematen diote, gerra ondotxoan gatibu-lanetatik edo berrogei urte geroago poliziaren erpekadetatik. Eta ihes, denik eta modurik agerikoenean: arraunean.

Teknikoki, zurtzekoa da zenbat klasetako narratzaileak dituzten kontakizunek. Batzuetan, idazlea bera izaten da; beste batzuetan, pertsonaietako bat dugu, ez beti ausarta edo eredugarria; eta besteetan, ustekabeko narratzaileak dira: Beltxa zakurra edo itsas hondoko marinela.

Hizkera ere ez da egunkari-aldizkarietakoa, ez eta euskara batu arautua ere. Irakurleak igarri egingo dio. Alderdi horretatik, Izagirrek hizkera berezi bat sortu du, itsas herrietako euskara biziaren irudiak berrasmatuz: taldeak sardak dira; ipurdiak, txopak; beroak izerdi lapetan ipintzen ditu pertsonaiak… Eta esaldi adierazgarriak eurrez txertatzen ditu: “Nornahik botzen zuen aingura harenean”. Hala eta guztiz ere, batzuetan behartuegiak irudi dezakete: “Galerna aurreko goibeldura estiborreko seinaleak argitu balu bezala gorritu zen Huck”; edo transzendenteegi: “Garrantzizko gauzak esateko behar izaten zuen gisan, itsasoari beha jarrita (…)”.

Beste hamaikatxo kontu aipa genitzake: donostiarrekiko seta, komarik gabeko zerrenda burtzoragarriak, egiantzaren mugarriak…

Azkenik, gomendio xume bat laga nahi nuke. Uharte desertu batera iazko liburu bi bakarrik eraman ahal izanez gero, hartu Koldo Izagirren hau eta Itxaro Bordaren “Zeruetako Erresuma”.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak