« Gure belaunaldi zikin hau (erabili dezakegu hitz hau eguneko ordu hauetan?) | Eta ametsa jolas bihurtu zen »
Umeek gezurra esaten dutenetik / Uxue Apaolaza / Erein, 2005
Purrut! Iñigo Roque / Gara, 2006-01-07
Uste dut Atxagak esan zuela gazte-denboran idatzitako poesia haiek (“Etiopia”z ari zen) dramatikoegiak iruditzen zaizkiola orain. Eta horrek, apokrifo izan daitekeen adierazpen horrek, Apaolazaren liburuaren aurrean paratzen gaitu, aurkez aurke.
Izan ere, liburuan idazleak ez du ezer ere isiltzen, eta eskuarki esaten ez dena ere nabarmentzen du nahita (jarlekuetako bihotzek edo Bruce Willis ikusteak haizetu egiten ditu pertsonaiak). Kontzientziaren etorriari jaregiten dio, eta halaxe mintzatzen zaigu, esaldi laburretan, pentsamenaren jarduna erretorikarik batere gabea izaten da eta.
Idazlea ageri-agerian dago liburu osoan, nonahi, pertsonaiaren baten edo kontalariaren ahotsaren bitartez. Ipuina nola idazten ari den kontatzen du (“Erreferentzia” edo “Beldurrezko nobela amerikanoa…”). Kontu egin pertsonaietako asko idazleak direla, ezinean aritzen direnak: istorioen hutsak azaleratzen dizkigute; paragrafoak gorago edo beherago ekartzeko aukera aipatzen…
Uxue Apaolazak bizitzaren alde gogorrera eramaten gaitu bisitaldi gidatuan. Hala ere, ez da loriatzen zoritxarren min isilean; aitzitik, txindatak joz eta txapliguak jaurtiz erakusten dizkigu zokondo ilun horiek, egoera guztiz dramatikoak eratuz (suizidioak, drogamendekotasuna, bortxaketak, bakardadea…) nahiz esaldi biribilak eskainiz (“Maitemin lilurak errazegi hasten dira orgasmoaren osteko ongizatean”).
Atxagaren adierazpen apokrifoa ekar dezagun atzera, hil edo bizi idazteko gogo hori. Apaolazaren ipuinek ez dute lirismotik deus ere. Lehorrak dira, zorrotzak, orratzak edo labanak lakoak. Batzuetan, TMEO aldizkariaren antza hartzen diet (debaldeko eskatologia, lohikeria…); beste batzuetan, Mirande ageri da, baina koska bat estuago eta zanpagarriago. Gehiegizko mundu deshumanizatu hori eraikitzen du, Gasteizen.
Giro trinko horrek ipuin asko itotzen dituen arren, ale batzuk benetan gogoangarriak dira. “Erreferentzia” ipuinean, esaterako, idazleak plano bi erakusten dizkigu, idazlearena eta idazlearen pertsonaiena, eta maisuki nahaspilatzen ditu, akaberan hari guztiak lotzeko. Interesgarria da, gisa berean, nola harilkatzen dituen ipuin batzuk, pertsonaia berak agerraraziz. “Bueltak” izenekoa ere bikaina da, bere gangarrean, nola desegiten den pertsonaiaren gorputza, baratxe-baratxe, eldarnio kimikoak jota. “Proposamena” kontakizunean, pertsonaiaren frenesiak estekatzen du irakurlea, abortatzera doan neskaren gogoeta lokabeak erabiliz. “Progresoa” kontakizun laburra ere biribila da, irakurlearen ustea zartatzen baitu azken paragrafoan.
Gogoko ditut liburuko mintzoak, zein lotsagaldu ari diren, zein larriturik, zein tormentaturik… Orain idazle gazteen literaturaz zer edo zer esan behar nuke, eta, agian, idazle zaharragoek dagoeneko galdu duten zerbait badutela erantsi.
Nabarmenena, guztiarekin ere, pertsonaien bakardadea da. Ez dago gizalegerik, ez irabazi asmorik gabeko maitasunik. Patetismo handiko pasarteak eskaintzen ditu Uxuek ia kontakizun guztietan. Hala eta guztiz ere, idazleak jarrera hori paroxismoraino eramaten du sarri, honelako zirtoak boteaz: “Estás tan buena que te comería la regla”. Egingo nuke kontakizunek ez dutela horrelakorik behar, dauden-daudenean aski direla, eta hobe dela horrelakoak isildu; sinesgarritasunaren mesede ere, horratik.
Amaitu aurretik, bi hitz Iban Zalduaren aurkezpenaz: bosgarren jarraibidea baino ez irakurri. Gainerakoan, kontuan izateko moduko idazle berria dugu.
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria