kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Denak hasperenka / Gianni Celati (Pello Lizarralde) / Igela, 2005

Eta ametsa jolas bihurtu zen Ander Irizar / Diario de Noticias, 2006-01-08

Euskaratutako liburuen txoko honetara, oraingoan, Gianni Celati italiarraren bi liburu dakartzagu. Askorentzat ezezaguna bada ere, Europako idazlerik onenetakoa dugu, hainbaten ustez, autore polifazetiko hau; idazlea, itzultzailea, unibertsitateko irakaslea, dokumentalen egilea…, eta prestigio handikoa alor horietan guztietan. Oraingo liburuok, Denak hasperenka eta Paradisuko almanaka hain zuzen, Parlamenti buffi (Erretolika irrigarriak) izeneko trilogiako bi ale ditugu; hirugarrena —saileko lehena— datorren urteko udaberrian izango dugu eskura. Trilogia izanik ere, esan behar da obra independenteak direla; autoreak 70eko hamarkadan izandako bilaketa-prozesu baten emaitza, baina zein bere aldetik irakurtzeko modukoak.

Denak hasperenka liburuan Celatik “une oro etxetik kanpo inongo xederik gabe harat-honat dabiltzan heroi burugabeak” ditu inspirazio-iturri. Halaxe dio autoreak berak, propio edizio honetarako idatzitako hitzaurre argigarrian —liburu bietan ageri da “Post-fazione basca” izenburupean—; horrelakoak, esan dezadan bide batez, oso eskertzekoak dira. Bada, heroi burugabe horiekin ondo barre gozoak egingo ditu irakurleak; algarak ere bai tarteka, bai horixe. Hala ere, Celatik dioenez, ez dira barre programatu eta estrategikoak, baizik eta egia biribiletatik urruntzen laguntzeko modu bat.

Beste liburuan, Paradisuko almanaka izenekoan, gaztetan Alemanian egin zuen egonaldia hartzen du idazgai. Garai hartako bizipenak gogora etorri zitzaizkion modua islatzeko saioa da, hain zuzen. Memoriak, izan ere, gauzak puskaka eta zatika ekartzen dizkigu askotan, gogoratutakoak nahasiz eta bere kasa osatuz, amets-kutsua ezarriz oroitzapenei. Bidaia hartatik gogora etorritakoak lotzeko eta josteko, inprobisazioa erabili zuen, eta, horretarako, kontatzen duenez, mendira ibiltzera joan eta handik bueltan hasten zen idazten, neka-neka eginda zegoenean. Emaitza, berak erabilitako irudia erabiliz, jazz musikaren moduko zerbait da, bai edukiaren aldetik bai formarenetik. Aurreko liburuak ere badu horretatik zerbait (ez dira alferrik trilogia bereko bi ale). Izan ere, narratzaileak aipatu arren “kontatzen dituenak ongi gogoratzen dituela, oroimenean hurbil balitu bezala eta ez urrun, eta gertatu ziren bezala kontatu nahi dituela”, esan behar da Celatik liburua Estatu Batuetan zegoelarik idatzi zuela, eta, aitortzen duenez, kontatzen zituenak ongi ezagutzen bazituen ere, etxetik hain urrun egonda, ia ametsezkoak, alegiazkoak, bihurtuak omen zituen ordurako.

Denak hasperenka Pello Lizarraldek itzuli du, eta Paradisuko almanaka, berriz, Fernando Reyk. Bi itzultzaile, eta bakoitzak bere ñabardurak. Hala ere, liburuen arteko lotura ez duenez istorioak egiten, bi itzultzaileen arteko aldea, egia esatera, ez da nabarmentzen. Esan beharra dago, bestalde, itzultzea beti bada zaila, are lantegi zailagoa bihurtzen dela horrelakoetan, non idazleak, besteak beste, hizkuntza bera hartzen duen lehengai eta, adibidez, ahozko hizkera bere horretan paperera ekartzen saiatzen den: soldaduskan erabiltzen zuten hizkera arrunta, bere etxeko hizkera… Horrelako mugak, kasu batzuetan, gaindiezinak gertatzen dira, halabeharrez. Edonola ere, bestelako muga ugari gainditu dituzte hemen itzultzaileek, eta idazlearen beraren laguntza izan dute eginahal horretan. Luxua da hori itzultzailearentzat, eta, hein batean, irakurlearentzat ere bai, itzulpenaren berme baita.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak